Iraitz Mateo

Herri irisgarririk ez ikusmen urritasuna duten lagunentzat

Ikusmen urritasuna duten herritarrentzat gure kaleak oztopoz beteta daude, eta herri gehienak ez dira irisgarriak. Begiris Elkartea eta Elkartu Federazioa elkarlanean dabiltza horrelako espazioak salatu eta bide berriak urratzeko ahaleginean. Legeak eta arauak zehaztuta daude, betetzea falta da.

Joxean Txintxurreta kale eraskusleihoek oztopatzen duten kale bat zeharkatzen, Donostian.
Joxean Txintxurreta kale eraskusleihoek oztopatzen duten kale bat zeharkatzen, Donostian. (Gorka Rubio | FOKU)

Kaleak guztionak omen dira, baina ez daude guztion neurrira eginak. Hori ikusarazi nahi dute Begiris Elkarteak eta Elkartu Fundazioak. Irisgarritasuna «oinarrizko eskubidea» dela aldarrikatzen dute, eta ikusmen urritasuna duten herritarrak «autonomoak» izateko arauak betetzea ezinbestekoa dela. Begiriseko kidea da Joxean Txintxurreta; Norma Andreade Elkartu Gipuzkoako Federazioko irisgarritasun teknikaria da, eta bere lanaren funtsa «jendea bere kabuz nahi duen tokira iristeko arauak betearaztea» dela azaltzen du.

Ez da kontu berria gure kaleen irigarritasun eza, baina covid-19aren eraginez, «kaleak are gehiago pribatizatzen» ari direla uste du Txintxurretak eta horrek modu nabarmenean oztopoak biderkatzen dituela. Terrazen inguruan ari da, izan ere, pandemiaren eraginez espaloi publikoak pribatu bihurtu dituzte bere esanetan.
 
Pasa den uda baino lehen bildu ziren Donostiako Udaletxeko eremu publikoetako zinegotzi Miguel Angel Diezekin. Legeak betetzeko eskatu zioten, teknikariaren arabera dauden arauak eta legeak «egokiak» dira, «arazo da ez direla betetzen». Bileraren ondoren, gutun bat ere bidali zioten. Ez dute erantzunik jaso, ez da aldaketarik egon.

Oztopoak biderkatu egiten dira ikusmen urritasuna duten kideentzat. Donostiako erdialdea bera da adibide. Kalean abiatu eta aurkituko dugu toldo baxuren bat, honen aurka jotzeko arriskuarekin. Aurrerago dendetako erakusleiho bat eta tabernako terraza, biak paretaren aurka. Ikusmen urritasuna dutenentzat paretak markatzen du bidea, eta tabernetako menuen kartelak edo erakusleihoak baldin badaude, bide-erakusle hori galtzen dute. Kale izkinan topatu dezakegu zaborrontzia ez dago lurrera lotuta eta ondorioz makilarekin ukitzea ezinezkoa da. Kontxako hondartzako barandan bizikletentzat aparkalekua dago, eta arazo berarekin egiten dute topo.

Kontzientzia eta pedagogia

«Pedagogia gehiago egin behar da», Elkartuko ordezkariaren iritziz. Izan ere, egungo gizartean kontzientzia falta eta ezjakintasuna dira nagusi. Inor gutxik du «intentzio txarra» Andreaden arabera: «Zergatik dagoen gaizki eta nola hobetu esandakoa, jendeak aldatzen du». Baina kontzientzia hori piztu eta mantentzeko udaletxeek kanpainak egin beharko lituzketela uste du Txintxurretak: «Kanpaina horiek egitea ez da gure lana, guztion arazoa da, eta udaletxeek esku-hartu behar dute».

Aldi berean, kontzientziatzen ez den jendeari legea betearazi behar zaiola uste dute, «horretarako daude arauak». Elkartuko ordezkariaren ustez «tristea» da egoera horretara iristea, baina aurrez esatearekin aski ez bada «zigorra» bete behar direla uste du.

Ardura eta erantzukizuna

Arduradun publikoek dute ardura eta erantzukizuna bi kideen ustez. Ezjakintasuna da nagusi etxe horietan ere, baina galdegitearen garrantzia azpimarratu du Begiriseko ordezkariak. «Kargu publiko batek ez du guztiaren inguruan jakin behar, berak ordezkatzen dituen horiekin hitz egin behar du, galdetu zeintzuk diren beraien zalantzak. Ikusi eta ikasi».

Diez zinegotziak «elkarbizitza» kontuan hartu behar zela esan zioten egindako bilkuran. Elkarbizitzaren ideiarekin bat egiten dute bi kideek, baina beraien ustez «beti berdinok ezin dugu izan azkenak». «Ekonomiari eragiten dion guztiak aurrera egiten du; eta gu eskubide batzuen jabe gara, nork defendatuko ditu gure eskubideak? Berak beharko luke, bera da arduradun publikoa, eta ez dendariekin edo tabernariekin bakarrik».

Galdera bat zuzendu dio Txintxurretak Donostiako Udalari: «Arauak ez badira betetzen eta kaleak ez badira garbitzen, zein da geratzen zaigun aukera? Udaltzainetara joan eta banan bana egoera bakoitzaren salaketak jartzea? Zer egin behar dugu gure eskubideak bermatzeko?».