NAIZ

Miren Elgarrestak hartuko du Izaskun Landaidaren lekukoa Emakundeko zuzendaritzan

Lakuako Gobernu Kontseiluak Miren Elgarresta izendatu du Emakundeko zuzendari, 2012tik ardura hori izan duen Izaskun Landaidaren ordez. «Gertutik egiaztatu dut berdintasunaren aldeko lanaren konplexutasuna eta ikasi dut aurrerapausoak emateko askotan lan isila egin behar dela», agertu du Landaidak.

Miren Elgarresta, artxiboko irudi batean.
Miren Elgarresta, artxiboko irudi batean. (Gipuzkoako Aldundia)

Miren Elgarresta Larrabide (Zumarraga, 1965) Gipuzkoako Aldundiko Emakume eta Gizonentzako zuzendari nagusia izan da orain arte, eta Emakundeko zuzendaritzaren kargu egingo da orain, Izaskun Landaida Larizgoitiaren lekukoa hartuta.

«Kontzientzia feminista izan dudanetik Emakunde miretsi izan dut. Beraz, izan nezakeen ohorerik handiena izan dut: bere zuzendaria izatea», idatzi du Landaidak twitterren zabaldutako bere agur eskutitzean.

Hainbat pertsona eskertu nahi izan ditu: aukera hau eman diotenak, ezagutu dituen «emakume ezberdin eta benetakoak», «esperientzia zoragarri honetan bidelagun izan diren guzti-guztiak», Emakundeko lankide eta lagun taldea, eta bereziki familia, «oraingoan ere babes osoa emateagatik».

«Urte hauetan gertutik egiaztatu dut berdintasunaren aldeko lanaren konplexutasuna eta ikasi dut aurrerapausoak emateko askotan lan isila egin behar dela, isila baina etengabea. Baita ezinbestekoa dela herritarren ahotsa entzutea eta gizartetik gertu egotea ere», agertu du.

«Aurrera egin dugu, baina erronka handiak ditugu»

Dioenez, herri bezala aurrera egin dugu emakume eta gizonen berdintasunean, baina oraindik erronka handiak ditugu aurretik, «ahaztu barik berdintasunaren kontrako inertziak hor daudela».

Beraz, ezinbesteko ikusten du «guztiok, bakoitzak bere eremutik, lanean jarraitzea berdintasunean oinarritutako gizarte bat lortu arte». Konbentzituta dago herri gisa urratsak egiten jarraituko dugula.

«Nik ez daukat zalantzarik», erantsi du. «Berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko lanak nire bizitzaren ardatz izaten jarraituko du, nagoen tokian nagoela».

Miren Elgarrestari zuzendu zaio azkenik: «Zorte on Miren. Jaso ezazu altxor honen lekukoa».