Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bikaintasunetik urrun baina kemena iparrorratz, Bera Berak La Calzada garaitu du

Lehen zatian atzetik aurrera egin du talde donostiarrak eta markagailuan aurretik joan da atsedenaldira. Bigarren zatian ere gogor borrokatu behar izan du errenta mantentzeko, hobetu aritu den arren zalantza batzuk ere utzi baititu.

Laura Hernandez, Bera Berako golegile nagusia (8 gol) bosgarren jardunaldian.
Laura Hernandez, Bera Berako golegile nagusia (8 gol) bosgarren jardunaldian. (Jon URBE | FOKU)

Bikaintasuna bilatzea lan nekeza egiten zaizunean –denok ditugu egun eskasak– beste baliabideei eman behar zaie lekua. Horixe bera egin du Bera Berak ligako bosgarren jardunaldian, Xixongo La Calzada mendean hartzeko.

Atzetik aurrera joan da Imanol Alvarezen taldea, hobekuntza hori nabaria izan ez bada ere. Kontra jarri zaion partida irauli du eta hori ez da gutxi. Asko borrokatzen duen talde bat izan du aurrean eta hori gutxi ez eta partida maldan behera jarri zaio talde asturiarrari. 0-3 hasi da irabazten, Bera Berak erasoan asmatzen ez zuen bitartean.

Alba Menendez eta Emma Boada izan dira etxekoen lehen golegileak, markagailua estutzea lortu dutenak. Estutu bai baina ezin aurrea hartu. Halaxe aritu dira donostiarrak. Defentsan ere ezin asmatuta aritu dira. Defentsa aurreratua egiten saiatu dira, ezustean hartzeko arerioak baina Valdivia eta Arroyoren bitartez hutsuneak aurkitu dituzte. Maitane Etxeberria eta June Loidirekin ere saiatu da Alvarez defentsa lerroa zuzentzen baina gutxirako balio izan du.

Poloniok egin du 7-6koa 17. minutuan, Bera Bera aurreneko aldiz markagailuan aurretik jarri duen gola, alegia. Cristina Cabezak hutsartea eskatu du, donostiarrek markagailuan alde egitea saihestu asmoz gauzak garaiz konpontzeko. Lortu du, donostiarren gol bakoitzaren ostean asturiarren bat iritsi baita, Valdivia eta, batez ere, Arroyoren bitartez. 70 zenbakia protagonismoa hartzen joan da partidako golegile nagusia izateraino (9 gol).

Baloien galerak egin dio min Bera Berari. Horren erakusle, lehen zatia bukatzerako, 10 baloi galdu dituela –atezainak gelditutakoak, langara botatakoak eta kanpora joandako jaurtiketak kontuan hartu gabe–. Dena dela, jakin du gabeziak izkutatzen eta horretan, Maddi Aalla garrantzitsu bilakatu da. Bere azken bi geldiketei esker, bi aldeko errenta lortu du Bera Berak eta arnasa pixka bat hartzea lortu du.

Lehen zatian Mariane eta Laura Hernandez, bakoitza hiru golekin, izan dira Bera Berako golegile nagusiak. Brasildarrari kosta zaio atera jaurtitzen ausartzea baina egin duen guztietan golatzarrak sartzeko izan da, zaleen poztasunerako.

Aldea ezin handituta

Bigarren zatia hasi bezain pronto, Esther, Anne Erauskin eta Laura Hernandezek erasoan asmatu eta aldea hiru golera handitu dute. Gutxirako izan da, 0-2ko partzialaren ondotik –Arroyo beste behin protagonista, Zarcorekin batera– markagailua berriro estutu egin baita.

Dena dela, sentsazio hobeak izan ditu Bera Berak. Kementsu agertu da, defentsako baloi bakoitza borrokatzen eta erasoan ere nabarmen hobetu du, zenbait zalantza utzi dituen arren. Defentsan, Arcos eta Etxeberria nabarmendu dira baina asturiarrek Arroyoren baliabidea erabili dute: kanpoko jaurtketak. Hori horrela, bi goleko aldea handitzea kasik ezinezko egin da, horrek eragiten duen ziurgabetasunarekin. Soilik Laura Hernandezek lortu du nolabaiteko erregulartasuna atearen aurrean eta ondorioz, bera izan da Bera Berako golegile nagusia.

Maitane Etxeberriak 53. minutuan lapurtu eta eginiko golarekin zertxobait apurtu da partida, segidan erasoan baloia galdu baitute kanpokoek eta Esther Arrojeriak beste kontraeraso bat probestu du 26-22koa jartzeko. Alegia, errenta gol batera murriztetik, laura handitzea lortu duela Bera Berak segundo batzuen buruan.

Eta halakoxea da talde txapeldun baten abilezia. Paula Arcos ere animatu da erasoan azken txanpan eta 0-2ko partzialak oraindik tentsioa mantentzera behartu baitu ere, Etxeberria eta Laura Hernandezen gol banari esker 29-25eko behin betiko markagailua ezarri du etxeko taldeak.

Sara Gilen ebakuntza

Partida hasi baino lehenago, Bera Berak jakinarazi du Sara Gil hegaleko jokalariaren ebakuntza ondo joan dela. Katalanak ukondoan minarekin jarraitzen zuen eta azkenean, kirofanotik pasatzea hobetsi zuten.

«Ebakuntza nahiko ondo atera da, lotailuko zuntz batzuk errekuperatu ahal izan dituzte, plastia egin didate indartzeko eta bertan txertatzen diren giharrak ere indartu dituzte», adierazi du Gilek.

Horrelako esku-hartzeek daukaten konplexutasuna dela-eta, errekuperazio epea sei hilabetekoa izan daitekeela jakinarazi du klub donostiarrak.

Fitxa teknikoa:

Bera Bera: Aalla; Erauskin (2), Menendez (1), Mariane (3), Polonio (2), Boada (2), L. Hernandez (8). Alice (ps), Loidi, Etxeberria (3), Arrojeria (4), Gavilan (1), Arcos (3), Ugartemendia, Zozzeli.

Motive.co Gijon La Calzada: Alonso; M. Gonzalez, Valdivia (7), Arroyo (9), Palomo (3), Zarco (2), Novovic (1). D Fernandez (ps), De Andres (2), Fortuna, Vallina (1).

Epaileak: Jorge eta Jesus Eskudero (Kantabria). Bera Beratik bi minuturako kanporatu dituzte Loidi eta Erauskin eta La Calzadatik, Novovic (2) eta Fortuna).

Partzialak: 1-3, 3-5, 5-6, 9-8, 11-11, 15-13 –atsedenaldia–, 17-16, 21-19, 22-20, 24-21, 27-22, 29-25.