NAIZ
Teheran

Hadis, Ghazaleh, Minoo eta Iranen errepresioak hil dituen beste hainbat emakume

Iranen errepresioaren biktimen argazkiak, herrialde horrek Madrilen duen enbaxadaren aurrean egindako protesta batean.
Iranen errepresioaren biktimen argazkiak, herrialde horrek Madrilen duen enbaxadaren aurrean egindako protesta batean. (Thomas COEX | AFP)

«Espero dut urte batzuk barru, dena aldatzen denean, protesta honetan parte hartu izanaz pozik egotea», esan zuen Hadis Najafi 22 urteko irandarrak, kalera irten aurretik telefono mugikorrarekin grabatu zuen bideo batean. Handik gutxira, kale protesta batean parte hartzen ari zela, hil egin zuten.

Irailaren 21ean gertatu zen, Karajen, Teheran kanpoaldean. Amnesty Internationalen arabera, segurtasun indarrek behin baino gehiagotan berbertatik tiro egin zioten, eta horrek perdigoien zauriak eragin zizkion aurpegian, lepoan eta bularrean.

Beloa gaizki jantzita eramateagatik atxilotu eta Poliziaren esku zendu zen Mahsa Amini gazte kurduaren heriotzaren ondotik piztutako protestetan hil dituzten dozenaka pertsonetako bat da Najafi.

Manifestazio horiek tabuak hautsi dituzte Iranen, erregimenaren aurkako kontsignekin eta beloa kentzen duten emakumeekin.

«Jada ez gara ezeren beldur»

Najafiri tiro egin eta gero, odolez estalitako haren motxila berreskuratu eta bideo batean erakutsi zuen bere ahizpak: «Mahsa Aminiri esker altxatu eta kalera atera zen», azaldu zuen. «Hadis galdu dugu eta jada ez gara ezeren beldur».

Amak ere argi hitz egin zuen: «Nire alaba hiyabak hil zuen. Mahsarengatik hil zen, haren izena bizirik mantendu nahi zuelako».

«Erailketak izan dira, zalantza izpirik gabe. Benetako mehatxua suposatzen zuen talderik egotera ez zuten itxaron tiro egiteko», adierazi dio AFP agentziari Washingtonen egoitza duen Abdorrahman Boroumand Zentroko zuzendari exekutiboak, Roya Boroumandek.

Minoo Majidi, 62 urtekoa, segurtasun indarrek egindako tiro batek hil zuen irailaren 20an Ekialdeko Kurdistango Kermanshah hirian izandako protesta batean, egoitza Norvegian duen Hengaw oenegearen arabera.

Debekuei eta errepresioari aurre egiteko keinu gisa, Majidiren alabetako batek bere amaren hilobiaren ondoan jarrita atera zituen argazkiak, lorez estalita, burua estali gabe, beltzez jantzita eta lepoan zapi zuri bat zuela. Irudia biral bihurtu da. Ilea harrotuta zeraman, eta ezkerreko eskuan ile-sorta luze bat ikus zitekeen, bere amaren eta Mahsa Aminiren omenezko keinu batean.

32 urteko Ghazaleh Chelavi, gazte mendizalea, tiroz hil zuten irailaren 20an Amol hirian, Kaspiar itsasotik iparraldera, sare sozialetan zabaldutako informazioaren arabera.

Egun berean, Hannaneh Kia, 23 urtekoa, Nowshahr hirian hil zuten, familiaren eta ekintzaileen iturrien arabera. Amnestyk jakinarazi zuen bi lagunek tiro egin ziotela medikuarengana bisita bat egin ondoren etxera bidean zegoela.

16 urteko bi neskato

Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, ia biktima guztiak distantzia laburretik eginiko tiroen ondorioz hil dira. 16 urte besterik ez zituen Sarina Esmailzadehren kasua, baina, desberdina da.

Hadis Nafaji bezala Karaj hirikoa zen gazte hau kolpeka hil zuten irailaren 23an, Amnestyren arabera. Erakundeak salatu duenez, Irango segurtasun eta inteligentzia agenteek, ohiko jokabideari jarraiki, «jazarpen bortitza» egin zioten gaztearen sendiari, isilik egotera behartzeko.

Nika Shahkarami, aldiz, irailaren 20an desagertu zen, Teheranen protesta batean parte hartzera zihoala, 17. urtebetetzea ospatu baino bi aste lehenago. Urriaren 1era arte berririk gabe egon ondoren, azkenik gorpua ikusi ahal izan zuen haren familiak.

Familiak bere jaioterrian, Jorramabaden, lurperatu nahi zuen, Lorestango probintzian, hain zuzen bere urtebetetze egunean. Baina, BBC Persian eta Iran Wire hedabideek jakinarazi zutenez, agintariek gorpua eraman eta astelehenean ezkutuan ehortzi zuten, hilketak eragin zitzaketen protestak ekidin asmoz.