Aitor Araialdea
Elkarrizketa
Maryam Fathi
Ekintzaile feminista kurdua

«Iranen gertatzen ari diren mobilizazioen muina feminista da»

Irandik ihes egin behar izan zuen bere militantzia kurdu eta feministagatik Maryam Fathik; Bilbon erbesteratu zen eta bertatik jarraitzen ari da beloa «gaizki eramateagatik» Mahsa Amini gazte kurduaren erailketak piztutako matxinada. Argi du mobilizazioen muina feminista dela.

Maryam Fathi ekintzaile kurdua, Bilbon.
Maryam Fathi ekintzaile kurdua, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Maryam Fathi duela hainbat urtetik bizi da Bilbon. Irandik ihes egin behar izan zuen bere militantzia kurdu eta feministagatik. Orain erbestetik jarraitzen ari da Rojelat-en (Iranek okupatutako Kurdistango eskualdea) eta Islamiar Errepublika osoan gertatzen ari den mobilizazio aroa, Mahsa Aminiren erailketak eragindakoa.

Zergatik piztu du Mahsa Aminiren erailketak egungo mobilizazioa, gertakariaz harago?

Masharen hilketa izan da urak gainezka egiteko falta zen tanta. Izan ere, Irango Islamiar Errepublikako lehen legeak emakumeen kontrakoak izan ziren. Adibidez, beloa nahitaezkoa izatea eremu publikoan. Hori betetzen ez zuenarentzat 74 zartadako zigorra ezarri zuen Khomeinik, emakumeen gorputza kontrolatzeko.

Azken 40 urteetan emakumeek agertu izan dute horren kontrako jarrera, baina azken urteotan areagotu egin da, nazkatuta daudelako. Irango estatu misoginoan legezkoa da neskak 9 urterekin ezkontzea; aitek, senarrek edo anaiek emakumeen gaineko kontrola izatea; eta, ondorioz, ohore delituek ez dute zigorrik. Hau da, emakumeen hilketak ez dituzte zigortzen Iranen, familiak edo estatuak egiten badituzte.

Edonola ere, emakumezkoek beti egin diote aurre horri eta kurduek, bereziki. Herri kurduak historia luzea du Irango Errepublikaren kontra. 80ko hamarkadan Komala  Kurdistango Alderdi Komunista Maoistako emakumeek armak hartu zituzten eta exekuzio ugari egon dira militante komunista, sozialista edota feministen aurka, baita kartzela eta tortura ere.

Azken urteotan emakumeek hijabaren kontrako kanpaina egin dute eta euren burua grabatu dute kalean belorik ez zeramatela. Hori gehitu behar zaiei Iranen dauden borroka politikoei; herri kurduarena, balutxa, azeriarra, arabiarra... Hori dela-eta  estatuaren erantzuna gogorragoa izan da.

Esaterako, Masha erail baino lehen, Estatuko indar armatuetako kide bat saiatu zen Maryvanen –Kurdistango hiri batean– emakume bat bortxatzen eta azken horrek bere burua leihotik bota zuen. Ondorioz, hirian protesta handiak egon ziren.

Orduan giroa bero zegoen Masharen hilketa baino lehen ere, ezta?

Bai, Masha bere familia ikustera joan zen Teherarena eta Moralaren Poliziak atxilotu zuen hijaba txarto zeramala-eta. Indarkeria handiz harrapatu zuten, eta komisariatik igaro eta bi ordura anbulantzia batek eraman zuen ospitalera. Koman heldu zen eta burmuina hilik zuen torturen ondorioz. Handik egun batzuetara zendu zen.

Irango Islamiar Errepublikak badakienez herri kurdua politikoki aktiboa dela, gorpua gaueko ordu txikietan eramaten eta ehorzten saiatu zen, baina jendea prest zegoen eta ez zion utzi. Hilotza inguratu eta hurrengo egunean lurperatu zuten «Jin, Jyan, Azadi» –emakumea, bizitza, askatasuna–lelopean.

Hiletak berak manifestazio oso jendetsuak eragin zituen eta hori aurrena Kurdistanera zabaldu zen eta gero Iran osora. Teherango emakumeak lelo berarekin atera dira kalera. Geroztik mobilizazioek ez dute etenik izan.

Zeintzuk izan dira mobilizazioen emaitzak?

Lehenengo aldia da protestak Irango lurralde osoan hedatzen direna eta horrenbeste irauten dutena. Mobilizazioen muina feminista da eta aurrerapauso handia da ez Iranen soilik, baita Ekialde Hurbilean ere. Nabarmentzekoa da lema garrantzitsua bilakatu dela “Jin, Jyan, Azadi”, jatorria Kurdistango askapen mugimenduan duena.

Errepublikak ez du inoiz sistema patriarkalaren aurkako horrelako mobilizaziorik ikusi eta horri erantzunez errepresioa baliatu eta hainbat emakume hil ditu. Jendea tirokatu dute manifestazioetan eta ez dakigu zenbat lagun atxilotu dituzten. Anbulantziak erabili dituzte zaurituak harrapatzeko eta jende asko klandestinoki artatzen da.

Zenbait hedabidek diote Iran gerra zibilerako bidean dagoela. Zuk zer uste duzu?

Iranen gertatzen ari dena benetan positiboa da, baina aldi berean beldurra ere sortzen du. Oposizio guztia ez dago barruan; batzuk duela 40 urte  joan ziren eta ez dira itzuli. Esaterako, Mujahidin alderdia edo errege ohiaren semea atzerrian daude, Ameriketako Estatu Batuek babestuta, gainera. Aukerak eta arriskuak daude.

Dena den, Irango estatua une honetan oso atzerakoia eta islamista da; azken hauteskundeen ondoren erreformista guztiak atera zituzten gobernutik, eta, azken urteotan milaka aurkari hil dituela kontuan hartuta, ez du horretarako arazorik izango orain. Horrez gain, oposizioan badaude alderdi zentralistak eta persiarrak, zeintzuek ez dituzten errespetatzen gainerako herrien –kurduen, balutxen, azeriarren, arabiarren...– aldarrikapenak. Egunotan ikusitakoagatik, badirudi Kurdistango askapen mugimenduak –PKK sortu zuenak– indarra duela.

Edonola ere, borroka aro honen berritasun handiena herri ezberdinen batasuna da. Adibidez, lehen aldiz azeriarrak kurduen aldarrikapenak babestera kalera atera dira. Izan ere, Recep Tayip Erdoganen alderdiak azken urteotan esku hartu du Iranen azeriarren sentimendu turkiarra bultzatzeko. Batasun hori oso positiboa da.

Zaila da zer gertatuko den jakitea, baina momentuz herri kurduak ez du autodefentsa armatua baliatuko, nahiz eta okupazio militarra gertatzen ari den hainbat hiritan.