BABESLEDUN EDUKIA

Sanfaustoak Basaurira itzuliko dira bederatzi egunez

Bi urteko etenaldiaren ondoren, bederatzi egunez luzatuko diren sanfaustoak ospatuko dituzte Basaurin larunbatetik aurrera.

Hiru urteren ostean, babarrun jana egingo dute kuadrillek urriaren 12an. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Hiru urteren ostean, babarrun jana egingo dute kuadrillek urriaren 12an. (Marisol RAMIREZ / FOKU) (NAIZ)

Bi urtez ospatu gabe egon ondoren, herriko kuadrillak Udaletxe aurrean elkartuko dira 18:00ean eta, ohiko aurkezpen eta agurren ondoren, 18:55ean pregoia irakurriko du Kontxi Basabek, Gorabide elkarteko kideak. 59 urteko emakume honek bizitza osoa darama tratu-berdintasuna eta adimen-desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aldarrikatzen. Segidan, txupinazoa botako dute eta herriko 16 kuadrillek ohiko jaitsiera hasiko dute, bederatzi eguneko jaiei hasiera emanez.

Kaleko jarduerek, ohi bezala, jai-egitarauaren zati handi bat hartuko dute, eta izaera gastronomikoa duten ekitaldiek ere garrantzi berezia izango dute: tortilla lehiaketa (urriak 11), babarrun jana (urriak 12), San Fausto eguneko kuadrillen bazkaria (urriak 13), paella lehiaketa eta sagardo dastaketa (urriak 15), eta marmitakoa (urriak 16). Elkartasuna ere presente egongo da kuadrillek antolatutako ekitaldi gehienetan (elkartasun azoka, txorizo eta sardin jate solidarioak…). Izan ere, irabazi guztiak Paula Rodriguezentzat izango dira, gaixotasun arraro bat duen herriko neska gazte bat.

Musika eskaintza ere oso zabala izango da: erromeriak, dantzaldiak, kontzertuak… Horien artean nabarmentzekoak Guda Dantza taldearen kontzertua (urriak 8), Akerbeltz erromeria (urriak 9), Los Diablos (urriak 11), Trikizio (urriak 12), Andy & Lucas eta DJ Bull (urriak 14) eta Desakato (urriak 15).

Berdintasun Arloak, bestalde, pegatina batzuk prestatu ditu, eskarabilleraren irudia dutenak eta jaietako programekin banatuko direnak. Merkatarien elkarteak ere bere saltokietan jarriko du irudi hori, eta ekitaldi jendetsuak hasi baino lehen audio bat entzungo da, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren aurkako eraso guztiak lekuz kanpo daudela gogorarazteko.

Basauriko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Kafe Tximintxe, Estanco Arriluzea, Artunduaga Jatetxea, Bar Amaia, Kric Krac Soinu eta Argiak, Basauriko Udala.