Arnaitz Gorriti

Goiz, arratsalde eta gau, euskal saskibaloi zaleak badu non aukeratua asteazken honetan

Benbibreko porrota ahaztu nahi du IDK Euskotrenek eguerdian Teneriferen aurka; Kutxabank Araskik Benbibre gainditu nahi du 18.00etan Ligan gasteiztarrek jokatuko duten aurreneko deman; Lointek Gernika Bizkaiak Eurocupeko sailkatze kanporaketa aterako du 20.00etatik aurrera Malosten.

Denboraldiaurreko itxura ona berretsi nahi du Kutxabank Araskik.
Denboraldiaurreko itxura ona berretsi nahi du Kutxabank Araskik. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Euskal saskibaloi zaleak hitzordu hirukoitza dauka asteazken honetan, Endesa Ligako hiru euskal taldeek partidak jokatu behar baitituzte. Hobeto esanda, IDK Euskotrenek –12.00etan, Josean Gasca pabilinoian– eta Kutxabank Araskik –18.00etan, Mendizorrotzan– Ligako partidak dauzkate, Lointek Gernika Bizkaiak Phantoms Basket talde flandriarraren aurkako kanporaketaren bueltako dema jokatu behar du –20.00etan, Malosten–, joan zen astekoa 62-102 irabazi ostean.

Denboraldi hasieran patxada aurkitzea eta norberak denboraldiaurrean egindako lana berrestea izan ohi da helburu, baina IDK Euskotrenen kasuan Tenerifeko taldea izango du aurkari, eta ez dirudi erosoena izango denik, nahiz eta honek ere bere aurreneko dema galdu egin zuen Estudiantesen aurka 57-69.

Euskal zaleentzat ezagunak diren izen batzuek ditu talde kanariarrak: hasteko, Izaskun Garcia Urlezaga antolatzaile bizkaitarra. Muxikako jokalariak bere kirol bizitza Lointek Gernika Bizkaian eta Araskin eman ostean, mapan hegomendebaldera jauzi egitea erabaki du eta Clarinos Tenerifen lur hartu du. Eta aurreneko jardunaldiari so eginez gero, bizkaitarra hasierako bostekoan tantxaratu zen eta 24 minutu jokatu zituen.

Antolatzaile postua betetzeko, berriz, Gaby Ocetek jarraitzen du, Donostian eta Gernikan jokatzea zer den badakien antolatzaile beteranoa –34 urte ditu dagoeneko–. Bien artean defentsa eta kemena ematen diote Tenerifeko taldeari, eta ez da ahaztu behar IDK Euskotrenek Ligako aurreneko jardunaldia 66-56 galdu zuela Benbibreren kantxan 17 baloi galdu eta gero.

Ikusi egin behar, donostiarrei dagokienez, Ivana Raca hegal-pibot serbiarra jokatzeko moduan egongo den ala oraindik Azu Muguruzak taldeko dinamikari egokitzeko eta Munduko Txapelketaren osteko atsedena luzatuko ote dion. Dena den, gipuzkoarrek baloi asko galtzeaz gain, denboraldiko aurreneko jardunaldian dependentzia larregizkoa erakutsi zuten nola Coulibaly hala Maria Españarekiko. Bien artean IDK Euskotrenen 56 puntuetatik 35 lortu zituzten, taldeak egin zituen 54 jaurtiketetatik 27 bota eta gero. Alegia, gainomntzeko taldekideen artean beste 27 bota zituztela, eta Maria España eta Coulibalyren artean 13 saskiratze erdietsi bazituzten, %50aren mugan, gainontzeko taldekideek 27 jaurtiketatik 7 baizik ez zituzten asmatu; hau da %25 inguru baino ez. Bada, aurreneko garaipen hori lortzea Azu Muguruzarenek lor dezaketen oreka horren baitan egon beharko da nahitaez.

Itxura ona markagailura

Ezin izan zuen superkopako finalerdirik irabazi Kutxabank Araskik joan zen zapatuan Mendizorrotzan, baina oso itxura polita eman zuen. Jokalari gutxik osatzen dute talde gasteiztarra eta hargatik, Madelen Urietan derrigor topera behar ditu emaitza onak lortuko baditu. Era berean, Gironaren aurkako finalerdi hartan azken minutuetan nekeak nahi baino gehiago erasan zion.

Gernikaren aurkako euskal derbia hilaren 19ra atzeratuta, bi jardunaldiko aste interesgarria dute arabarrek. Hasteko, asteazken arratsaldean Benbibre –aurreneko jardunaldian IDK Euskotreni irabazi zion talde hura bera– izango du bisitari, larunbatean Maria Erauntzetamurgil eta Itsaso Conde euskal jokalariak bere barnean dituen Estudiantesi bisita egin aurretik.

Pasa den denboraldi bietan Kutxabank Araskik itxura nahiko pobrea eman du; Kopatik at eta Ligako play-offetara sailkatzeko borrokatik kanpo, maila salbatzearekin konformatu behar izan da Made Urietak zuzentzen duen taldea, nahiz eta teorian hori baino kalitate handiagoa izan. Hargatik, aste honetan Emakumeen Ligari nola ekingo, oso garrantzitsua da gasteiztarrentzat.

Denboraldiaurrean Valentzia Basketi irabazteko gai izan da Araski eta Superkopan 19 puntu atzetik joanagatik markagailua asko estutzeko kapaz izan zen ere. Zentzu horretan Flor chagas antolatzaile argentinarrak bereziki iritisiera aparta egin du Gasteiza, eta ziurrenik arabarren jokoaren bihotza izaztera pasako da. Bestalde, Holopainen finlandiarrak beti ez ditu hirukoak bata bestearen atzetik sartuko, baina kanpoko eta barruko jokoaren arteko lotura nahiko interesgarria erdietsi zuen Superkopan eta erregulartasunik balu –baita rol beretsua bete lezakeen Natalie Van den Adelek ere–, barruko jokoa osatzen duten Burani eta Diarrarentzat buruz buruko jokaldiak gauzatzeko tokia eta denbora gehiago lortuko luke Made Urietaren taldeak.

Tramitea

Joaneko dema 62-102 irabazi ostean, Lointek Gernika Bizkaiak Emakumeen Eurocupeko H multzoan lekua irabazita dauka. Ikusi egin behar asteazken honetako partidan Anna Montañanak Nogaye Lo pibotari jokoan sartzeko aukerarik ematen dion, bestela zortzi jokalariko errotazio laburrarekin ariko da lanean entrenatzaile valentziarra hiru partida jokatu beharreko aste honetan.

«Betiko jarrera eta kemenarekin jokatzen ahaleginduko gara» esan du Itziar Ariztimuñok asteazkeneko Malosteko partidaren bezperan, baina antolatzaile bilbotarrak ondo asko daki kanporaketa irabazita duela eta halakoetan ohikoa den moduan, minik hartu gabe eta sentsazio oso txarrik pilatu gabe jokatzea bada nahiko lan Gernikako taldearentzat. Zeinek mantendu behar du tentsioa 40 minutuan? Leganesen aurka astelehenean jokaturiko norgehiagokan ikusi zen tarteka Lointek Gernika Bizkaiak defentsan lan ona egiten badakiela, aurkariak baloi asko galtzea behartuz, baina alde batetik pibot argirik ez dutelako defentsako errebotea ixteko nahikoa lan dute, eta bestetik, tarteka asko lasaitzen da anna Montañanaren taldea, 40 minutuan tentsioa mantentzea, are gehiago hain errotazio laburrarekin, oso zaila delako.

Flandrian jokaturiko partidan jokatzi zuten zortzi jokalarietatik seis 11 puntu edo gehiago lortu zituzten, eta neurri handi baten Anberesko talde gaztearen eskarmentu falta gogorik baliatu zuten emaitza bikain hura ateratzeko. Tramitea onik amaitzea izango da bizkaitarren helburua, larunbatean Baçaren aurka aste honi ahal bezain ondoen amaiera emateko, eta bide batez Reyer Venezia, Estudiantes eta Rutronik Stars Keltern talde alemaniarraren aurka jokatu beharreko ligaxka prestatzen hasteko, nahiz eta horretarako pare bat aste itxaron beharko duen.