NAIZ

Euskarak Nafarroako hezkuntzan duen egoera aztertzen duen liburua argitaratu du Euskaltzaindiak

‘Euskara Nafarroako hezkuntzan: egoera eta aukera berriak’ izeneko Jagon Jardunaldian aurkeztu ziren txostenak daude liburuan bilduta. Hezkuntzan lanean dabiltzan adituen esperientziak eta ikuspegiak jaso ditu Euskaltzaindiak.

 

‘Euskara Nafarroako hezkuntzan’ liburuaren azala.
‘Euskara Nafarroako hezkuntzan’ liburuaren azala. (Euskaltzaindia)

XXVI. Jagon Jardunaldia antolatu zuen urtero bezala Euskaltzaindiak, oraingoan Iruñean. ‘Euskara Nafarroako hezkuntzan: egoera eta aukera berriak’ izenburupean burutu zen. Herrialde horretan hezkuntzan lanean ari diren adituen iritzi eta ikuspegiak azaleratu ziren jardunaldietan, eta esperientzia eta hausnarketa horiek bildu ditu Euskaltzaindiak liburu batean.

Sagario Aleman euskaltzain osoak eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeburuak jardunaldien helburuak bergogoratu ditu: «Euskarak Nafarroako hezkuntzan nolako egoera duen jakin nahi genuen. Nola kudeatzen den eleaniztasuna ikastetxeetan orain, eta etorkizunean nola egin beharko litzatekeen». Euskarak gelan eta gelatik kanpo zein erronka eta aukera berri dituen hausnartu zuten, eta zein egitasmo ari diren garatzen ikasgelan eta eskolaz kanpoko ekintzetan.

Euskaltzain nafarraren ustez, garrantzitsua da ikasle eleanitzen inguruan hausnartzea: «Estrategikoa da eskolan, hezkuntzan, egitasmo eraginkorrak bideratzea gero eta eleaniztunagoak diren ikasleen artean».

Hausnarketa eta esperientzia horietatik abiatuta egin dute liburu bilduma. Jagon jardunaldian aurkeztu ziren txostean eta bertan azaldu ziren esperientzia gehientsuenak jasotzen dira. Horretaz gain, bertan egon ezin izan zaten baina gaian aditueak diren adituen iritziak ere txertatu dira.

Urteroko zita

Jagon saileko Sustapen batzordeak urtero antolatzen ditu jardunaldiak. Urtero ikuspegi ezberdin batetik begiratzen saiatzen badira ere, beste ekimenen artean euskararen estatusari buruzko gogoeta egiteko izan ohi dira. Hausnarketa hauek euskalgintzan ari diren talde eta herri erakundeekin batera egiten dituzte.