Maider Iantzi Goienetxe

‘Beti mugan’, bidaia iniziatiko bat Comète sareak eta kontrabandistek bat egiten duten paisaian

Abenturazko nobela bat idatzi du Ruben Ruizek. 1941etik 1944 bitarteko Baztanen bizi da protagonista, Mattin. Umezurtz gelditzen da eta babesik gabe egotetik bere gaitasunak garatzera pasatzen da denetariko esperientziekin, iheslariak salbatzen dituen Comète sareko kideen eta kontrabandisten artean.

Ruben Ruiz, ‘Beti mugan’ eleberria aurkezten, astearte honetan Donostian.
Ruben Ruiz, ‘Beti mugan’ eleberria aurkezten, astearte honetan Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ruben Ruizek ‘Beti mugan’ (Elkar) abenturazko nobela aurkeztu du Donostian. Bi hari elkartzen dira bertan: Bigarren Mundu Gerran, alemanek okupaturiko lurraldean erortzen ziren hegazkinlari aliatuak eta beste iheslari batzuk etsaien eskuetatik libratzeko eratu zen Comète sarearen inguruko kontakizuna, benetako gertakarietan oinarritua, eta liburuko pertsonaia nagusiaren, Mattin mutikoaren, bidaia iniziatikoa. Umezurtz gelditzen denean Baztanen bizi den osabak hartuko du etxean. Kontrabandotik bizi da eta gaueko lanean sartuko du iloba ere.

Ruiz Gasteizen jaio zen 1973an eta Basaburuan bizi da. Haur eta gazte literaturan idatzi izan du eta ‘Anekdotak’ da bere libururik ezagunena, Euskadi Saria jaso zuen 2009an.

«Heldu eta gazte arteko marra labainkor horretan» kokatu du egileak eleberria. «16 urtekoek atsegin handiz irakurriko dutela uste dut».

Irakaslea da eta ogibideak Nafarroako herri ugaritara eraman du: Elizondo, Erronkari, Doneztebe, Ultzama... Kontrabandistak ibili ziren parajeak dira eta haien xuxurlek gaiaren inguruan idazteko gogoa piztu zioten. Kaxoian gelditu zen idatzi zuena, eta handik urte batzuetara berriz ekin zion.

Comète sarea

Kontrabandisten gaineko hainbat lan irakurri zituen, kokatu eta ideiak hartzeko. Horretan ari zela ETBko ‘Mugalariak’ saioa ikusi zuen eta leiho bat ireki zitzaion, Comète sarearen berri izan zuelako eta jakin zuelako Euskal Herriko kontrabandistek muga pasatzen laguntzen zietela.

1941ean kokatzen da nobelaren hasiera, justu Comète sortu zen urtean. Erresistentziako kideei laguntzea zen xedea. Faxistek okupatutako lurraldean erortzen ziren hegazkinlariak jaso eta Londresera eramatea, bertan babes zitezen. Horretarako Estatu frantses osoa zeharkatu behar zuten, Bidasoa igaro eta Estatu espainiarra pasatu Gibraltarrera iritsi arte, handik Londresera joateko. Bazen beste bide bat ere, Lisboan barna iristen ziren Londresera.

Hasieran Gipuzkoatik pasatzen zuten muga, Bidasoatik, baina hainbat atxiloketa gertatu eta gero Nafarroatik pasatzeko ideia izan zuten. Hor lotzen dira liburuaren bi hariak.

Heltze prozesu bat

Bigarren ardatza Mattin umea da. Ama faxistek hil zioten eta aitarekin bizi da, baina aita gaixotu eta hil egingo da. Haren anaiak, Mattinen osabak hartuko du adopzioan mutikoa eta Baztan aldera joango dira, han bizi baita. Kontrabandista da. «Umorerako tartea hartu dut kapitulu horietan, besteak gordinagoak dira, umore printza batzuk ere badauden arren», agertu du idazleak.

Còmetek eta kontrabandistek bat egingo dute paisaia berean aritzen zirelako batzuk eta besteak. Elkarrekin lan egingo dute eta Mattinek ere Cométekoekin izango du harremana.

«Mattinena bidaia iniziatiko bat da. Joseph Campbellek zehaztutako puntuen ildoetatik garatu nuen. Oso pozik geratu naiz Mattinek liburuan egiten duen bidearekin, babesik gabe egotetik bere gaitasun guztiak garatzera pasatzen baita. Lau urtetan denetariko esperientziak bizitzen ditu eta horrek heltze prozesuan laguntzen dio».

«Saiatu naiz pertsonaiek bi aurpegi izan ditzaten, ez daitezen erabat lauak izan eta egoeraren arabera modu batean edo bestean joka dezaten», erantsi du.

Nabarmendu du beste pertsonaia bat haizea bera izan daitekeela. «Haizea iparrekoa edo hegokoa izan abentura lasaiagoa edo bihurriagoa izango da».

Eskertuta

Basaburuan bizi den gasteiztarra «oso eskertua» dago jendearen prestutasunari. «Sare sozialek aukera asko ematen dituzte harremanak egiteko nahiz eta ezagutu ez eta beti aurkitu dut beste aldean laguntzeko prestutasuna».

Hainbat liburuk ere lagundu diotela azaldu du, besteak beste Juan Carlos Jimenez de Aberasturiren ‘Camino a la libertad’ (Txertoa) «lan ikaragarriak». «Comète sarearen Biblia da», adierazi du.

«Ez naiz historialaria eta banuen beldur apur bat, baina heldu nion eta uste dut onik atera naizela», aitortu du.

Sareko kideen ondorengo batzuek eman dioten laguntza ere eskertu du. «Ordu asko eman ditut liburuko pertsonaiekin eta beren oinordekoak hezur-haragitan ikusteak inpresionatu ninduen. Guztiek oso ongi hartu ninduten, oso aberasgarria izan zen».

Nobelaren kapitulu guztiek dute izenburuan esaera zahar bat, «oso ongi biltzen duena gero gertatuko dena. Gutxi batzuk asmatu egin ditut», kontatu du Ruizek irriz, baina horiek ere adierazgarriak direla uste du.