Mutu ez geratzeaz gain, beloa kendu dute neska eskalatzaile irandarrek
Masha Aminiren hilketaren harira, jokatu berri den Eskaladako Asiako Txapelketan, Elnaz Rekabik lehen aldiz ez du belorik erabili. Astearte goizean Teheranen lurreratu da. Nasim Eshqik, berriz, bere herrialdera ez itzultzea erabaki du.
Hilabete bete da Irango Moralaren Poliziak Masha Amini gazte kurdua beloa “gaizki” eramateagatik hil zuenetik. Ordutik, makina bat mobilizazio izan dira, eta beloa ez janztea ekintza iraultzailea bihurtu da. Protesta-olde horretan emakumeak lehen lerroan izan dira. Hori guztia kalean gertatu da, baina kirolean ere antzeko egoerak bizi izan dira.
Eskaladan, adibidez, bi emakumezko irandar, ahotsa altxatzeaz gain, jarrera oso aktiboa izaten ari dira. Elnaz Rekabi eta Nasim Eshqi dira protagonistak. Rekabi nazioarteko lehiaketetan maiz ikusi dugu. Eta hitzordu bakoitzean, gainera, burua estalita edo beloarekin lehiatzen ikusi dugu. Baina Seulen (Hego Korea) jokatu berri den Asiako Txapelketan, lehen aldiz, hijaba ez janztea erabaki du Aminiren hilketa gaitzesteko eta Irango erregimenaren aurka protestatzeko. Irudian ikusten den bezala, buruan zinta bat jarri zuen. Gogoratu behar dugu herrialde horretako zigor- kodeak emakumeei derrigorrez burua estaltzea behartzen diela. Hori egin ezean, isuna jaso eta espetxeratu dezakete.
33 urteko irandar honek laugarren postuan amaitu zuen hitzordu garrantzitsu horretan; hain zuzen ere, konbinatuan. Hots, blokea eta zailtasuna jasotzen dituen proban. Iaz, adibidez, Moskuko Munduko Txapelketa, konbinatuan ere, brontzea eskuratu zuen. Asiako Txapelketan anaiak zilarra lortu eta gero, duela zortzi urte lehiatzen hasi zen. 2014. urtean, Munduko Koparen parte hartu zuen lehen neska irandarra bihurtu zen. Blokeko proban hamalaugarren postuan amaitu eta gero, zera adierazi zuen: «Nire herrialdean neska bat eskalatzen ikustea ez da ohikoa. Nire erabakiarekin denak harritu nituen, baina uste dut jarrera horrekin beste neska batzuk animatu ditzakedala eskalada (eta lehia) praktikatzeko».
Aipatu dugun bezala, Rekabi lehien munduan buru belarri sartu zenetik beti beloarekin ikusi dugu. Garai haietan argi zuen nazioarteko zirkuitu ofizial ezberdinetan zein pribatuetan parte hartzeko zapia jartzea ezinbestekoa zela eta neska irandarrak bisualizatzeko lagungarria zela: «Nire lehiakideentzat bitxia zen ni beloarekin eta soineko luze batekin ikustea. Berotze ariketak egiten ari zaren bitartean edo tenperatura altuak daudenean hijaba oso deserosoa da. Arazoa ere. Derrigortuta gaude eramatea, eta guk jartzea onartzen dugu emakumezko irandarrok munduan zehar lehiatzea oso garrantzitsua delako».
Aurreiritzien aurka asko borrokatu behar izan du, baina inoiz ez du tentaziorik izan etsitzeko. Gogor egin zaio bere herrialdean jarri dizkioten “murru” guztiak kudeatzea: «Mendebaldean ez bezala, nik ez dut entrenatzailerik. Gainera, nire maila bereko neskarik ez dagoenez, bakarrik ibiltzen naiz, eta gizonezkoekin entrenatzea debekatuta dut. Hori gutxi ez, eta Munduko Kopan lehiatzeko egin behar diren bidaia guztiak nik ordaindu ditut».
Adierazpen horiek guztiak duela urte batzuk egin zituen, baina, aurreratu dugunez, Aminiren hilketarengatik jarrera aktiboa hartu eta Asiako Txapelketan beloa ez erabiltzea erabaki du. Gaur arte, eskalatzailearen inguruko informazio ofizialik ez zegoen, baina goizean Teherango aireportuan lurreratu da.
Lehenago, ordea, zurrumurru asko zabaldu ziren. Batzuek zioten Iranera itzuli eta atxilotu zutela. Senitartekoek, berriz, baieztatu zuten ez zekitela non dagoen. Bestalde, Rekabiren Instagram-ean mezu bat azaldu zen esanez presaka zebilelako ez zuela beloa jartzeko denborarik izan.
Ez da itzuliko
Bigarren protagonista ere, Eshqi, ez da mutu geratu. Rekabi ez bezala, arrokan buru belarri dabil. Normalean, Europako eskalada eskoletan jarduten du. Eta horietako bidaia batean, Frantziara eginikoan, erabaki zuen Iranera ez itzultzea: «Europan eskalatzen dudan bakoitzean, soilik arrokan zentratzen da. Baina Masha Amini hil zutenetik, dena aldatu egin da. Une jakin honetan eskaladak ez du garrantzirik nire bizitzan. Nire herrialdean atxilotu eta iraindu naute. Hori duela urte batzuk gertatu zitzaidan, eta, beldur nengoenez, ez nintzen etxetik irteten. Hain zuzen ere, hori da erregimenak lortu nahi duena».
Eskalatzaile irandarrak adierazi nahi du, Aminiren hilketaren ondoren, ezintasun sentsazio ikaragarria duela: «Emakume irandarroi ahotsa eman nahi diet. Telefonoaren eta sare sozialen bitartez, protesta egiten ari naiz. Mobilizazioak hasi zirenetik, Irango gobernuak Internet erabat blokeatuta izan du. Baina zentsurari aurre egiteko, beste bitarteko batzuk baditugu. Mezuak jasotzen ditut, eta horiek guztiak zabaltzen saiatzen naiz “mashaamini” hashtag-aren bitartez. Isilarazi nahi digu erregimenak, baina ez du lortuko. Une honetan nire herrialdean emakumeon eskubideen aldeko altxamendu bat dago».
1999an ikasleek eginiko protestetan edo 2009tik aurrera egin zen “Mugimendu Berdea”-n ez bezala, Eshqik uste du egun herritarren artean askoz ere elkartasun handiagoa dagoela. Eta gehitu du belaunaldi berriak askoz ere ausartagoak direla: «Mobilizazio guztietan gizarte-maila zein etnia guztietako herritarrak parte hartzen ari dira. Ez dago buruzagirik; herrialde osoak kaleak hartu ditu. Sufrimendu handia gertatzen ari da: errepresioak eragindako hilketak, atxiloketak… Horregatik guztiagatik, Mendebaldeko gobernuen eta gizartearen laguntza behar dugu. Luzea izan
daiteke nire herrialdean aurrera eramaten ari diren borroka, baina ziur nago irabaziko dugula. Emakumeok gai gara jartzen dizkiguten oztopo guztiak gainditzeko. Emakume irandarren kemena eta ausardia oso tinkoak dira; ezin dira entzungor egin. Kolpatzen dituzte, bizitzak arriskuan jartzen dituzte… Hori oso gogorra da. Halere, disidenteak izaten jarraitzen dute. Protesten buru dira emakumeak, eta horrek agintari erlijiosoak urduri jartzen ditu. Emakume borrokalariak dira gizarte aske baten oinarria».
Amaitzeko, Eshqik dei berezia egin nahi izan dio munduko eskalatzaileen kolektiboari: «Nire herrikideak askatasunaren alde gogor borrokatzen ari dira, eta uste dut munduko eskalatzaileek gai honetan ardura hartu behar dutela. Iranen egiten ari diren protesta guztien berri eman dezakete. Ahotsa ematea ezinbestekoa da. Mundu guztia informatuta egon daiteke, eta esku artean ditugun berriak zabaldu behar dira. Ez dezala inork esan Irango protesten berririk ez duela».

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
