Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Irangoak eta nonahikoak, suizidak ala ez, droneen gerra betea Ukrainan

Ukrainarrek zein errusiarrek erabiltzen dituzte droneak gerrarako arma modura. Tamaina, irismen, ezaugarri, gaitasun askotarikoak daude, urrunetik gidatzen diren erasorako gailuak dira eta gerraren dinamika aldatzen ez duten arren, asko baldintza dezakete.

Asteon Kieven drone bitartez izandako erasoaren irudia.
Asteon Kieven drone bitartez izandako erasoaren irudia. (Sergei SUPINSKY | AFP PHOTO)

Sare sozialetan ugariak dira irudiak. Motor partikular baten hotsa, silueta ezagun bat eta, bat-batean, jomuga ongi identifikatua dutenean, goitik behera doaz leherketa handi bat eraginez. «Drone suizidak» dira, Irangoak omen, eta populazio zibilean eragin psikologiko handia sortzen dute. Izan ere, negua heltzear denean, argindar estazioei, presa hidroelektrikoei, erregai deposituei erasotzen diete, hirietan jendea izutzen dute, bunkerretan eta metro geltokietan sartzera behartuz. Eta ukrainarrek batzuk botatzen dituzten arren, oraingoz ez dute drone horien aurkako defentsa neurriekin asmatu.

Hasteko, kontzeptu batzuk argitzea komeni da. Droneak ez dira Ukrainako gerran ez bando batentzat ez bestearentzat zilarrezko bala. Ez dute gerraren dinamika aldatzen. Baina baldintzatu, asko baldintzatzen dute. Ukrainarrek eta errusiarrek, biek erabiltzen dituzte droneak. Batzuk tradizionalagoak dira, handiagoak, azkarragoak, misilak itura bota eta euren basera bueltatzen direnak. Horietan agian ospetsuenak, Ukrainako sinbolo nazional bihurtzerainokoak, Bayraktar TB2 turkiarrak dira, laserrez gidaturiko bonba eta misilak jaurtitzen dituztenak.

Errusiak ere baditu familia honetako drone propioak. Baina mota honetako droneek desabantaila konpetitibo bat daukate aire defentsa sendoen aurrean aritu behar direnean: garestiak dira eta multzo handietan ez ohi dira erabiltzen.

Badira drone txikiagoak ere, Interneten aise lortu daitezkeenak, sarritan artilleriaren jopuntuen koordenatuak markatu eta tiroak zuzentzeko erabiltzen direnak. Badira errekonozimendu eta inteligentzia lanerako erabiltzen direnak, badira ur azpiko droneak ere, Ukrainan alde guztiek erabiltzen eta frogatzen dituztenak.

Drone suizidak

Baina Kiev hiriburuko leherketekin ikusgarri egin direnak «drone suizidak» izan dira. Drone tradizionalek ez bezala, ez dute euren baseetara bueltatu behar. Ituaren aurka lehertzeko diseinatuak daude eta itua kolpatzean autosuntsitzen dira. Eramangarriak dira, misil balistikoak baino erabilerrazagoak, eta lehergailu karga handi samarra eramaten dute.

Ukrainak ere baditu bereak, AEBek eta Britainia Handiak eman dizkieten Switchblade 300 eta Switchblade 600 edo Black Horne bezalakoak. Errusiak ere baditu bereak, Kalaxnikov konpainiak egindako ZALA droneak kasurako. Baina, orain, arreta informatibo osoa «drone suizida irandarrek» bereganatu dute.

Bi bertsio azaldu dira Ukrainako gerraren erdian. Shaed-131 (900 kilometroko irismena eta 15 kiloko ojiba dutenak) eta Shaed-136 (2.500 kilometroko irismena eta 40 kiloko ojiba dutenak). Eta AEBetako inteligentzia zerbitzuek prentsari filtratu diotenez, bidean egon daitezke Arash-2 drone irandarrak (askoz ere irismen eta ojiba handiagoekin) eta, are, Fateh-110 (300 kilometroko irismena eta 650 kiloko ojiba) eta Zolfaghar (700 kilometroko irismena eta 650 kiloko ojiba) misilak ere bidean egon litezke.

Abantaila konpetitibo batzuk badituzte arma hauek: misil errusiarrekin alderatuz gero, izugarri merkeagoak dira, eraginkortasun handia dute eta aukera ona da errusiar armadaren su potentzia handitzeko. Berri agentziek diote Iranek saltzen dizkiela zuzenean, baina arrazoizkoa da pentsatzea Errusian bertan ere muntatzen direla Irango arma konpainien baimenarekin.

Edonola ere, errusiarrek pintatu, bere marka eta zenbakiak erantsi eta izen propioa eman diete: Geranium-2. Egia da, bestalde, Errusiako komunikabideetan arma irandarren inguruko berriak ez direla jada tabu bat, lau haizeetara aldarrikatu gabe, nahiko suelto hitz egiten dela haietaz. Iranek ere ez du ezer ofizialki baieztatzen, baina bistan da bai Errusiarentzat eta bai Iranentzat ere tratu ona dela.

Herrialde persiarrak «drone diplomazia» –Turkiak bere Bayraktar TB2ekin bezala– delakoa egiteko erabiltzen ditu. Merkatu berriak ireki (bereziki Asia erdialdeko herrialdeetan muntatu ditu droneak ekoizteko planta berriak), erosle potentzialak biderkatu eta Errusiarrengatik behar dituen armak lortu ahal ditu, bereziki aire-defentsa sistemak eta SU-30 edo berriagoak diren SU-35 bezalako erasorako hegazkinak.

Abantailak Errusiarentzat

Eta Errusiak ere abantailak eskuratzen ditu. Ukrainako azpiegitura kritikoak kolpatu ahal ditu bere misilen aldean askoz ere txikiagoak, eramangarriak eta erraz aireratu daitezkeen Geranium-2 «drone suizidekin». Askoz ere merkeagoak dira, Alibaban eros daitezkeen GPS nabigazio sistemak dauzkate, ia bi mila kilometroko irismena, eta airean orduak eman ditzakete itua kolpatu baino lehen. Gainera, frontean bertan –ukrainar artilleria brigadak (AEBetako HIMARS misilena edo M777 kanoiak, edo frantziarren CAESAR sonatuak adibidez)– eta atzeguardian –hornidura kate osoan– erabil daitezke, bakarka edo drone multzo handietan, aire defentsak saturatzeko, besteak beste. Geldoak izan arren, lehergailu karga handiak eramaten dituzte eta bidean atzemateko ez dira errazak. Posible da, noski, aire sistema oso garesti eta integratuekin edo gerra elektronikorako sistemekin, misilekin alderatuz gero ez direlako azkarrak. Baina batzuk atzeman arren, saldoan datozenean ia beti iskin egiten du bakarren batek, edo batzuek.