NAIZ

Ibai-izurdeen populazioa %65 jaitsi dela ohartarazi du WWFk

Ibaiko izurdeen %65a galdu da WWF Munduko Natura Funtsaren azken txostenak jakinarazi duenez. Industriako isurketek zein metal astunek eragindako kutsadura, petrolio-ustiapenek eragindako isurketak eta plastikoak, eta itsas trafikoa dira arrazoi nagusiak.

Desagertzeko arriskuan dagoen Ibaiko izurdea
Desagertzeko arriskuan dagoen Ibaiko izurdea (Getty images)

Ibaiko izurdeek, esaterako botoak edo Amazonas ibaiko izurde arrosak, populazioaren %65 galdu dute azken mende erdian. Hori adierazi du Munduko Natura Funtsak (WWF, ingelesez) bere azken txostenean, espezie hauek «benetan mehatxatuak» daudela azaldu dute eta Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren «Zerrenda Gorrian» daudela.

Izurdeen gehiengoa itsaso epel eta tropikaletan bizi da, baina estuario handietan, deltetan eta ibai asiar eta hegoamerikarretan ere badaude. Bi lurraldeetan bizirik diraute, baina arriskuan daude bizilekua hondatu eta galtzeko duten arriskuagatik; izan ere, presen eraikuntzak populazioa zatitzen du eta ugalketa oztopatzen du.

WWFren arabera, gainbeheraren arrazoi nagusiak hauek dira: industriako isurketek eta metal astunek eragindako kutsadura, hala nola legez kanpoko meatzaritzak eragindako merkurioa; prospekzioek eta petrolio-ustiapenek eragindako isurketak, eta plastikoak. Ibaiko izurdeak sentikorrak dira itsas trafikoaren kutsadura akustikoarekiko, itsasontziekin talka egiten dute eta ustekabean harrapatuta geratzen dira arrantza-sareetan.

Zehazki, Hego Amerikako ur gozo eta ozeanikoetan oso mehatxatuta dauden hiru espeziek egiten dute igeri: Amazonas ibaiko izurdea, larruzko azala duena, eta munduko ibai-izurderik handiena dena (2,8 metro eta 180 kilokoa). ‘Tucuxia’ izurdea ere galtzeko arriskuan dagoen izurde gisa dago katalogatuta; eta ‘frantziskotarra’ edo ‘Platako izurdea’ bezala ezaguna dena, zaurgarri gisa.

Badira suspertzeak ere

Munduko Natura Funtsak adierazi du badirela espeprientzia «arrakastatsuak» ere. horien adibide dira azken urteetan Pakistanen emandako susperraldiak. Yangtse ibaian ‘Baiji txinatarra’ izeneko izurdea, azken 20 urtetan 1.200 ale izatetik 2.000 izatera igaro da MNFren zaintze programa bati esker. Badira desagertze arriskuan baina errekuperatzeko bidean sumatzen diren beste hainbat espezie ere, zaintze programak egindako lanari esker. Hala nola ‘Ganges’ espezieko izurdeak edo ‘Irawadi’ izenekoak.

Duela 30 urte baino lehenagotik arrantzaleekin eta tokiko komunitateekin egindako akordioen bidez, arrantza iraunkorra sustatzen dute WWFetik; eta eremu babestuak eta korridore biologikoak sortzen dituzte horiek zaintzeko. Arrantzaleak trebatzen dituzte sareetan harrapatuta dauden izurdeak berreskuratu eta askatzeko; horrez gain, erreskate-taldeak sortzen dituzte «funtsezko eremuetan». Horren adibide da, Indoko izurdeentzako larrialdi-erantzunaren programak 150 izurde erreskatatu izana Pakistango ureztatze-kanaletan.