NAIZ
Bilbo

Pantailak Euskarazek astebetez euskarazko edukiak soilik kontsumitzeko deialdia egin du

Pantailak Euskarazek ‘Pantailaldia’ ekimena antolatu du azaroaren 11tik 18ra, Euskaraldia testuinguruaren barnean. Astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak soilik kontsumitzeko ariketa proposatzen da, herritarrak aktibatu, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatu eta erakundeak mugiarazteko.

Pantailaldia ekimenaren kartela.
Pantailaldia ekimenaren kartela. (NAIZ)

Pantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak ‘Pantailaldia’ antolatu du datorren azaroaren 11tik 18ra. Ekimenak Euskaraldiaren testuinguruan antolatutako ariketa kolektiboa izan nahi du, euskararen erabilera areagotzeko xedea duen Euskal Herri mailako ekimen honen sinergiak aprobetxatuz antolatuko dena.

Horretarako, euskaldun komunitate osoari ekimen berri honetan parte hartzeko deia luzatu zaio. Izena emateko, pantailakeuskaraz.eus weborrian sartu eta bertan aurkituko duten formularioa betetzea nahikoa izango da. Azaroaren 11tik 18ra, parte hartuko duten herritarrei, egunero ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitu/sortzeko izandako bizipenak eta zailtasunak partekatzeko deia egiten zaie, horretarako sare sozialetan #pantailaldia traola erabiliz, eta euren perfiletan pantailaldiko logoa jarriz.

Aste osoan zehar hainbat ekimen antolatu eta hauetan parte hartzeko deia ere luzatuko du Pantailak Euskarazek, halanola, azaroaren 13 igandearekin euskaldunok zinemetan bizi dugun diskriminazioa salatzeko burutuko duen protesta.

Egoera kezkagarria

Bi helburu nagusi izango ditu ekimen berri honekin. Lehenik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa areagotzea. Telebistan, zineman, streaming plataformetan, youtuben edo bideo-jokoetan dauden euskarazko kateak, baliabideak, euskal sortzaileen lanak zein nazioarteko euskaratutako edukiak kontsumitzeko ohitura zabaldu nahi du ‘Pantailak Euskaraz’ ekimenak euskal komunitate linguistikoan. Pantailetan kontsumitzen dugunak hizkuntza ohituretan eragin zuzena duelako.

Bigarrenik, euskaldunok ikus-entzunezkoak euskaraz bizitzeko ditugun muga eta gabeziak agerian uztea du xede. «Gauza jakina da pantailen munduan euskarak duen presentzia oso baxua dela. Astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak soilik kontsumitzeko (eta sortzeko) ariketa eginez, herritarrek honetarako dituzten zailtasunen kontzientzia hartzea eta erakundeen aldetik euskararen presentzia eta erabilera ikus- entzunezkoetan biderkatzeko neurri berriak beharrezkoak direla azaleratzea du helburu», dio ekimen honek.

Twitterreko kontuaren itxiera

Azkenik, Pantailak Euskarazek ozen salatu izan nahi du Twitter sare sozialean ekimenak zuen kontuaren itxiera. Urriaren 11ean bizitako ziber-eraso edo hackeo baten ondorioz, hainbat mezu eta bideo arraro agertu ziren bere kontuan, eta handik egun batzuetara, normaltasuna itzulia zela zirudienean, Twitterrek bertan behera utzi zion kontua, antza denez, arau-hauste bategatik.

Pantailak Euskarazek hainbat ohar helarazi dizkio Twiterri erasoaaren berri emanez eta kontua berreskuratzeko eskatuz, baina erabakia behin betikoa dela erantzun dio empresa informatikoak. Hizkuntza eskubideen eta adierazpen askatasunaren errespetua eskatuz sinadura bilketa abiatu du ekimenak avaaz plataformaren bitartez.