Oihane Larretxea
Donostia

Iñigo Antsorregik bere depresioa biluztu du ‘Nire minaren etxean’ lan berrian

Depresioak hartu zuen Iñigo Antsorregi bi urtez eta garai ilun haietan ideia suizidak izan zituen. Hil egin nahi zuela aitortu zion amari. Errekuperatuta, biluztu egin du bere burua ‘Nire minaren etxean’ liburuan, ariketa konplexua baina beharrezkoa izan dena. Besteak lagundu nahiko lituzke.

Iñigo Antsorregik bere lan berria astearte honetan aurkeztu du Donostian.
Iñigo Antsorregik bere lan berria astearte honetan aurkeztu du Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Gazte izan arren, depresioa zer den ezagutzen du Iñigo Antsorregi Dierezek. 2019an hasi ziren lehen zantzuak, oroitzen duenez. Triste eta nekatuta sentitzen zen, baina neke hori fisikoa baino, emozionala zen. Barrenean sentitzen zuen eritasun bat esplikatu ezin zuena. Min hori areagotzen zen neurrian piztu ziren bere buruaz beste egiteko ideia suizidak. Egun batean hondoa jo eta «apurtu» egin zen amaren aurrean. Barrenak hustu zituen, elkarrizketa hartan hil egin nahi zuela aitortu zion.

Hiru urte igaro dira eta lanketa sakona egin du idazleak zulo beltzetik ateratzeko. Gaur egun, errekuperatuta dagoen honetan, bere bizipenak liburu batean jaso ditu. ‘Nire minaren etxean’ (Elkar) erabat autobiografikoa den narrazioa da, eta umoretik heldu dio gaiari begietara parez pare begiratzeko. Bere asmoa, nahia, bere lekuan diren pertsonak lagundu ahal izatea da. «Pertsona bakar bat konprenituta sentitzen bada, merezi izan du», esan du.

Astearte honetan aurkeztu du lana egileak Xabier Mendiguren Elkarreko editorea alboan, Donostian. Ez da «batere» liburu erraza izan, kontatu du, baina beharrezkoa zitzaion. «Lanak buru osasuna asko jorratzera eraman nau, eta erronka handia da gaia lantzen ari zarela norberarena zaintzea», esan du.

Depresioaren gaia umorez tratatzen duen liburua dela esan bezain pronto ñabartu du. «Beno, bai eta ez». Eta zera azaldu du: «Depresioa da gai nagusia, baina ez naiz zuzenean gaiari barrez ari. Liburu honetan ni naiz nire txisteen biktima nagusia, nire sormena blokeatzen zuen gaiaz idazten dut, mundu petral eta ezin ilunago honetan kokatzen ninduen gaiaz. Eta liburu honetan zerbaitek barregura eragiten badizue, baina ez bazarete ausartzen barre egitera, nire baimena duzue, egin barre nitaz lasai. Umoreak estigmak kentzeko asko laguntzen du, hori da gehien behar duguna».

Buru osasunaz azkenaldian hitz egin bai baina baliabideak eskasak direla ere salatu du. «Ahoa betetzen zaigu, baina askoz ere gehiago egin daiteke. Ezagutzen dut kasu bat, elikadura nahasmenduagatik ospitalean hilabete daramana. Eta denbora honetan guztian ez du arreta psikologikorik jaso», salatu du idazleak.

Eskatzen du buru osasunaz hitzegitea, egunero, eta nazioarteko egunez edo «poster politez» harago eramateko unea dela. «Lan asko dago egiteko. Hitzei benetako indarra eman eta akziora pasatzeko unea da, bizitza asko salbatu behar dira. Ez dut heroi baten itxura izan nahi, baina batzuek badute egoera aldatzeko bezainbeste botere, eta bada garaia herritarren eskura jartzeko baliabideak».

Bizitakoa partekatu nahia

‘Nire minaren etxean’ libururako hitzaurre bana idatzi dute Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreek. Ondoren datorren mamia abiada bizian idatzi du Antsorregik. Barrenak hustu zituen, bihotza ere bai, parez-pare zabaldua, zintzotasunetik eta askatasunetik idatzitako lana da honakoa.

Iragan urtarrilean Eitb-ko ‘Biba Zuek’ saioan testigantza aurrenekoz modu publikoan eman ondoren, zerbait gehiago egiteko gogoz gelditu zen. Eta maiatzean, langabezian gelditu zela aprobetxatuz, idazketari ekin zion. Hilabete eskasean amaitu zuen. «Garbi nuen umoretik egin nahi nuela, baina ezin nuen edozein motako umorea egin. Hala, umore hori bilatzerakoan, nire buruari barre egitea erabaki nuen».

Kontaketaren abiapuntua «oso gogorra da». «Ideia suizidak nituen garai hartan bideo bat grabatu nuen, hilik aurkitzen nindutenerako. Bada liburua hasten da bideo hartan esaten nituenekin, eta atzera bueltatzen naiz gero, hori eragin zidanaren bila, eta momentu hartan nola aurkitzen nintzen hausnartzera eta partekatzera gero. Hortik aurrera kronologikoa da kontaketa».

Antsorregik kontatu duenez, bi urte pasa zituen horrela. Pandemiak ere ez zuen batere lagundu. Batetik, zerbitzu publikoan psikologo gabe gelditu zen, eta pribatuan zuena jubilatu egin zen.

Idazleari beste esperientzia batzuk irakurtzea eta ezagutzea lagungarria izan zaion neurri berean, beste hainbeste lortu nahiko luke orain. «Buru osasuneko langile gehiago behar ditugu, arreta indartu behar da, eta umeetatik hezkuntza emozionala landu behar da», eskatu du amaitzeko.