NAIZ

‘Loa eta Laia’, euskarazko marrazki bizidun digitalen telesail berria

Musikaren bidez euskal kultura, ohitura eta edukien transmisioa sustatu nahi du ‘Loa eta Laia’ proiektuak. Baliabide digitalen bitartez hedatuko da. 
Astearte honetan aurkeztu da egitasmoa Euskararen Etxean.

Gaur goizean aurkeztu da ‘Loa eta Laia’ proiektua. Ekitaldia izan dira Josu Bergara Aretxabaleta, musikari eta publizista da ideiaren sortzailea eta musikaren egilea; Paul Caballero Barturen, proiektuaren ilustratzailea eta sustatzailea; Ane Martinez Martinez eta Leire Aparicio Guerrero abeslariak eta Nerea Alberdi eta David Sanchez Damian, musikaren moldaketa eta produkzio arduradunak.



2 eta 7 urte bitarteko haurrentzako eta familientzat euskaraz sortutako marrazki bizidun digitalez osatutako proposamena da ‘Loa eta Laia’. Webgunean eta YouTubeko kanalean ikus daiteke.
 «Musika eta euskara dira egitasmoaren ardatzak eta bi pertsonaia hauek eta inguruan dituzten beste lagun batzuekin batera, euskaraz eta Euskal Herrira begira ohiturak transmititu, edukiak landu eta ekintzak proposatuko dituzte. Beti ere gizarte hobeago baten aldeko balore unibertsalak sustatuz eta modu atsegin, didaktiko eta erabilgarri batean», adierazi dute.


Ohiturei lotuta propio sortu diren abestien bidez transmisioa landuko da. 
Abesti bakoitza gai bati lotuta dago eta familian egiteko eduki osagarriak eta aparteko ekintzak proposatuko dira. Gau Beltzari dagokion edukia gaur bertan estreinatu da. «Helburua hilero eduki berri bat sortzea izango da eta abendukoa euskara izango da.

Landutako gai bakoitzak abesti bat eta aparteko ekintza osagarri bat proposatuko ditu. Adibidez, musikarekin lotutako gaiak ezagutaraztea (tresnak, erritmoak, notak…); euskarazko hitzen hiztegia lantzea…», esan dute. 

Euskarazko eduki digitalak sortzea eta hedatzea ere badu helburu, «ingurune digitalean kalitatezko euskarazko edukiak egotea. Eta horrela euskararen presentzia hobetu eta sustatzea».


Baita balore unibertsalak zaindu eta zabaltzea ere: berdintasuna, aniztasuna, ekitatea, elkarlana, naturaren zaintza eta elkartasuna, besteak beste. 


«Bihotzetik sortua»

Josu Bergarak proiektua sortzearen arrazoiak azaldu ditu: «Proiektu hau bihotzetik jaio da. Gure etxeko txikientzat euskaraz eta balore modernoetan oinarritutako kalitatezko ikus-entzunezkoa egin nahi izan dugulako. Beraiek merezi dutelako». 


Berak sortu ditu abestien musika eta letrak. Abestien edukia erakargarria eta hezitzailea  izatea eta musika estilo anitzak lantzea izan du helburu.


Kantuan Ane Martinez eta Leire Aparicio izango dira Loa eta Laiari ahotsa jarriko dizkietenak. Beraientzat ere esanguratsua da egitasmo honetan parte hartzea. «Leire eta biok hezkuntzan lan egiten dugu, eta gertutik ezagutzen dugu Euskal Herrian bizi diren haurren errealitatea, baita 2-7 urtekoen egungo beharrizan eta interesak zeintzuk diren ere», esan du Ane Martinezek. 


«Egitasmo fresko honek osagai denak lotzen ditu: aisia, musika, giza balioak, euskara eta kultura. Baita jolasa, umorea, dantza, mugimendua eta sormena ere! 
Guk barrutik bizi izan dugu Loa eta Laiaren prozesua eta maitasunetik egindako lana dela ziurtatu dezakegu, lehengai ezin hobeekin sortua, baina batez ere, mimo handiz egindakoa», jarraitu du.

Irudi erraz eta erakargarriak

«Josuren deia jaso eta proiektuaren ziriborroaren berri izatean baiezkoa emateko gehiagorik ez nuen behar izan.
 Abesti esanguratsuak euskaraz, protagonista moduan bi neska musikari, kañera eta geldiezin. Musika estilo ezberdinak eta zainduak (haurrei zuzenduak, bai, baina horregatik ez sinple eta gatzgabekoak).
 Musika industriaren parte den emakume moduan eta haur hezkuntzan ere lan egiten duen profesional moduan, pertsonalki benetan aberasgarria da niretzat proiektu honetan parte hartzea, oso beharrezkotzat jotzen dudalako hainbat zentzutan. 
Eta marrazkien aldetik, haurrentzako ikusteko erosoak eta errazak zein erakargarriak izatea bilatu da. Asko zaindu dira agertuko diren pertsonaiak zeintzuk izango diren eta zein itxura izango duten», adierazi du Leire Apariciok.

Loa eta laiaz gain beste bi rol sortu dituzte musika taldea osatzeko: Niko eta Qiang. «Taldeko mutilak, bakoitza bere pertsonalitateaz eta horren arabera irudikatuak. 
Lau lagun hauen bitartez gure errealitateko dibertsitatea isladatu nahi izan dugu, inklusibitatea balore garrantzitsutzat hartuz».


Arlo artistikoari begira irudi koloretsu eta biziak egin dituzte janzkera rock and rolera hurbilduz. «Berezitzat aipatuko nuke erabilitako marra estiloa, apurtua delako eta askotan iruditik kampo ateratzen dena bozetoa balitz bezala. Horrek ausardia nabarmentzen du irudiei mugimendiua eta bizia gehituz. Gure ustez estilo hau ‘Loa eta Laia’-ren izaera erakusten digu era bat, beti baloreen aldetik ikusita, neska biziak, azkarrak eta ausartak aurkeztuz» Paul Caballeroren esanetan.