NAIZ

Errusiako Dumak LGTBI «propagandaren» aurkako legea gogortzea onartu du

Errusian LGTBI «propaganda» debekatzen duen legea gogortzeari baietza eman dio Dumak ostegun honetan, lehen irakurraldian. Besteak beste, «tradizionalak ez diren» sexu-harremanen defentsa zigortuko da. Federazioaren kontseilutik igaro behar da Putinek behin betiko onartu baino lehen.

Errusiako Duma, 2013ko lege honen gogortzea onartu duen egunean.
Errusiako Duma, 2013ko lege honen gogortzea onartu duen egunean. (Kirill KUDRYAVTSEV | AFP)

Errusiako Parlamentuak (Duma) LGTBI «propaganda» debekatzen duen legea gogortzeko erreforma bat onartu du ostegun honetan, lehen irakurraldian. Horren arabera, sexu-harreman «ez tradizionalen» defentsa zigortuko da edozein adin-talderen aurrean —ez bakarrik adingabeen aurrean—, eta «familia-balioei» uko egiten dien informazioa mugatuko da.

Lege berri honekin, Errusiako agintariek gogortu egin dituzte 2013ko lege batean ezarritako irizpideak. Lege hori gogor kritikatu zuten giza eskubideen aldeko erakundeek, eta, orain, ohartarazi dute Errusian jarrera kontserbadoreak indartzen ari direla, Ukrainako gerra aprobetxatuz.

Erreformak nerabeen artean sexu-aldaketa eta pedofilia «sustatuko» dituen informazioari ere eragiten dio, Interfax albiste-agentziaren arabera. Horrela, Gobernuak ahalmena izango du araua betetzen ez duten Interneteko bitartekoak edo orriak ixteko, bai eta atzerriko herritarrak kanporatzeko ere.

Testuak Behe Ganberako tramitazioa osatu behar du, Federazioaren Kontseilura (Senatuaren baliokidea) eta Vladimir Putin presidentearen mahaira (hari dagokio proiektua behin betiko aldarrikatzea) igaro aurretik, baina ez da ezustekorik espero fase horietan.