NAIZ

Asobaleko ibilbidea zuzentzeko derbia jokatuko dute Bidasoa eta Anaitasunak

Sailkapenean puntu baten aldea baino ez dago irundar eta iruindarren artean eta gora begiratzeko bi taldeek beharrezkoa dute garaipena.

Iazko derbia oso parekatua izan zen Artalekun.
Iazko derbia oso parekatua izan zen Artalekun. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Asobalen nahi eta uste baino gorabehera gehiagorekin hasi duten bi talde batuko ditu larunbat honetako (19.00) Artalekuko derbiak. Europako bideari bikain ekin dioten bitartean ligan nahi baino partida gehiagok alde egin diote Bidasoari eta, urrutira joan gabe, aurreko astean beran belarrondoko handi xamarra hartu zuen Logroñon. Anaitasunak, bere aldetik, defentsako lanari esker, ondo ekin zion denboraldiari, baina azken asteetan kaxkarraldi bat bizi izan du eta azken partidan ere kolpe latza jaso zuen Puente Genilen aurka irabazia zuen partida bat etxean galduta. Puntu bakarra dago sailkapenean bi taldeen artean, bosgarrenak dira gipuzkoarrak eta zortzigarrenak nafarrak eta, alde horretatik, garrantzitsua izango da Artalekun gertatzen dena bi taldeen etorkizun hurbilerako.

Asteartean Aguas Santas portugaldarren aurka partida borobila jokatuta helduko dira bidasoatarrak derbi honetara eta astean zehar bezalaxe, zaleen laguntza funtsezkoa izango dela uste du Jacobo Cuetarak. «Artaleku oso garrantzitsua izaten ari da guretzat. Ikusten ari gara ze giro sortzen den eta nola presionatzen dituen aurkariak eta, era berean, nola laguntzen digun guri». Gauzak horrela, asturiarrak zaleei kantxara gerturatzeko deia egin die. 

Aurkarien inguruan, Anaitasunak normalean gauzak zail jartzen dizkien arerio bat dela nabarmendu de eta garrantzi berezia eman die une zailetan hortzak estutzen jakiteari. «Une txar bat dugunean Anaitasunak partzial handiegirik ez sartzea lortu behar dugu, nahiz eta zaila izan». 

Animoari buelta ematera

Talde bakoitza hutsune garrantzitsuekin helduko da partidara, etxekoen artean Rodrigo Salinas eta iruindarren artean Arthur Pereira, funtsezko bi jokalari, luzerako min hartuta daude eta. Anaitasunak, hortaz, bi kolpe jaso ditu oso denbora gutxian eta animikoki nola erantzuten duten ikusteko dago. 

Partidaren atarian, Quique Dominguezek Bidasoaren maila goraipatu du. «Irungoa beti da irteera zaila. Badakigu zein den Bidasoaren maila, urte batzuk daramatza sailkapeneko goiko aldean eta Europan sartzeko borrokan». Gainera, «badaki nola jokatu behar duen, ezagutzen ditugu haien defentsak eta nola erasotuko duten, Cuetarak gainera etekin handia ateratzen dio beterano eta gazteen arteko nahasketa horri».

Bere taldeari dagokionean, irundarrek akats kopurua ahalik eta gehien murriztu beharko luketela uste du eta, batez ere, irabazita zituzten partidak galtzera eraman dituen kontzentrazio faltarik ez izatea.