Asier Aiestaran

Ezkurdiak bere maila onena berreskuratu du Laso Lau eta Erdikotik kanpo uzteko (11-22)

Arbizuko aurrelariak partida bikaina jokatu du bere ohiko mailatik behera aritu den Unai Laso menderatzeko. Finalerdietan Peio Etxeberria bere lagun minaren aurka neurtuko ditu indarrak. Sekulako giroa izan da Labriten.

Ezkurdia, garaipena amorruz ospatzen.
Ezkurdia, garaipena amorruz ospatzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Joseba Ezkurdiak 11-22 menderatu du Unai Laso Labriten jokatu den Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako neurketa erabakigarrian, eta bera izango da datorren larunbatean, berriz ere Iruñean, Peio Etxeberriaren aurka jokatuko duena finaleko txartelaren bila.

Egun handi horietakoa izan da gaurkoa Labriten. Txapela janzteko bi faborito nor baino nor, kale edo bale, eta sekulako giroa harmailetan. Eta giro hori, tentsio hori, askoz hobeto kudeatu du Joseba Ezkurdiak.

Arbizuarra partidan oso sartuta irten da hasieratik. 0-4 aurreratu da markagailuan eta lau tantoak merituzkoak izan dira: horma-bikoa boleaz, airez irekitako pilota bat, sakez zuzenean egindakoa eta dejada txokoan.

Hala ere, sakea berreskuratu duenean, Unai Lasok ere ez dio hasiera txarra eman partidari. Ezkurdiaren horma-bikoa harrapatu eta zabalean tanto ederra eginez lortu du 3-4koa, esaterako, eta ezker airez txokoan bikain utzita 4-5ekoa.

Hasiera gogorra izan da, erritmo handian jokatutakoa, eta Ezkurdiak hobeto eutsi dio hauspoari. Izan ere, bost tanto jarraian eginda, 4-10 aurreratu da markagailuan. Sakeak ederki funtzionatu dio, ezker gantxoz ere egin du erremate bikain bat, eta Laso ezinean ikusten zen.

Hala ere, Ezkurdiaren akats pare batek aukera eman dio Lasori neurketan sartzeko. Sakez egindako pasa batekin eta aukera-aukerako pilota bat galduta, arbizuarrak 9-11 hurbiltzeko parada eman dio aurkariari. Ezkurdia gehiago zen, baina barkatzea garesti ordaintzen da askotan.

Atsedenek kalte handia

Lehen atsedenaldi luzera 9-12 iritsi da neurketa, emaitza irekiarekin alegia, baina Ezkurdiaren hamabigarren hori Lasok sakez egindako falta batekin etorri da, eta hortik aurrera Lasok ezin izan du ezertxo ere egin, erabat joan da partidatik.

Adierazgarria izan da, adibidez, Jon Mariezkurrena botileroa etengabe Lasori errestoan aurrera joateko eskatzen ikustea, Ezkurdiari presio apur bat sartzeko eta haren sakeak apur bat baldintzatzeko. Baina Bizkarretakoak ez dio jaramonik egin.

Lehen atsedenaldi luzearen ondoren partziala 2-10ekoa izan da, eta horrek argi erakusten du zein puntutaraino geratu den Laso erantzunik gabe. Pena izan da beretzat, eta baita ikusleentzat ere, azkenean ikuskizuna ez baita espero zena izan.

Ezkurdiak arazorik gabe itxi du norgehiagoka, jokoan 9 tanto eginda eta saketik zuzenean 4.

«Oso gustora»

Pozik zen arbizuarra partida amaieran. «Oso gustora nago egindako lanarekin. Hasieratik txispa handiarekin sentitu naiz, pilota eskuan ongi sartzen zitzaidan eta abiadura ematen nion», adierazi du, unerik estuenetan ere ez dela urduri ipini argi utziz.

«Lehen helburua finalerdietan sartzea zen eta hori lortu dut. Orain aurrera begiratu eta helburu berriak jartzera», gehitu du Ezkurdiak. Hurrengo aurkaria Peio Etxeberria izango du, bere lagun mina: «Pilotak, eta bizitzak orohar, eman didan lagun onenetako bat da eta partida berezia izango da. Jokatzeko zaila baina polita. Badakigu ziur bietako bat finalean izango dela eta hori ederra da».

Unai Laso, bere aldetik, oso triste azaldu da. «Gehien kezkatzen nauena da ez dudala batere gozatu, ez naizela ni izan. Bera ondo ibili da, baina nik ez dut nirea eman eta horregatik nago burumakur».

«Tanto askotan bere merituz menderatu nau, baina nik ez dut ezer ongi egin. Errestoa eskura ematen nion, akats asko egin ditut, buruz ere lur jota... Asko landu dut arlo psikologikoa, baina gaur behera etorri naiz», nabarmendu du nafarrak.

Pilotakadak: 185. Partidaren iraupena: 45 minutu eta 13 segundo. Markagailua: 0-4, 3-4, 3-5, 4-5, 4-10, 6-10, 6-11, 9-11, 9-12, 10-12, 10-21, 11-21 eta 11-22. Sakez egindakoak: 4 Ezkurdiak. Sakez faltak: 1 Lasok eta 1 Ezkurdiak. Jokoan egindakoak: 7 Lasok eta 9 Ezkurdiak. Galdutakoak: 6 Lasok eta 3 Ezkurdiak. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua leporaino beteta. Jon Mariezkurrena izan zen Lasoren botilleroa, eta Mattin anaia Ezkurdiarena. Lehen sakea, urdin.