Jon Garmendia

Oihana Iguaranek ez du hutsik egin Donibane Garazin

Akatsek eta erorikoek ezaugarritu dute larunbat honetako finalerdia Nafarroa Behereko hiriburuan. 1.350 bertsozale batu dira Donibane Garazin. Amets Arzallus Oihana Iguaranen puntu erdira gelditu da, finaleko postua zaildu bazaio ere bigarren itzulirako aukera betean agertzen da hendaiarra.

Oihana Iguaranek ez du hutsik egin.
Oihana Iguaranek ez du hutsik egin. (Bob EDME)

Bertso onak, batez ere azken ariketan, ganbarakoan, baina saioan zehar eroriko dezente izan da. Nerea Elustondok adibidez, bere saio ona bi potorekin itsustu du, «Lasai» eta «Dana» errimekin, eta txapelketan garesti ordaintzen dira halakoak. Ametsek ere poto bat egin du «Zaitudan» bitan erabiliz, gaizki ohituak gauzka, goiak jo izan ditu eta beti onena espero dugu beragandik, baina gaurkoan ez du ohiko distira agertu, bere azken bertsoa horren laburpen «Agur Garazi maiteai, erdi kezkaz erdi lasai, mainontzin nahastu ditut aita-ama ta zazpi pertsonai, geure gabezi ta doai, biluzteak hori du ai, erakustera etortzen gara ikastera ere bai».

Gaur gaurkoz ez du finaleko lekua segurtaturik, horrek agian presioa ezarriko dio, baina hain bertsolari handiak nekez huts egiten du bi aldiz. Larunbat honetako saioan toka ere entzun dugu ofizioetan, hirutan zehazki, eta ikusgarritasuna ezartzen dio horrek lanari, baina baita zailtasuna ere entzuleari, eta paperean sartuta bertsotan egin behar duenari are gehiago.

Oihana Iguaran eta Nerearen zortziko handia bereiztu dugu. Herriko loredendako langileak biak, adinean gora joanak, geroz eta zailago egiten zaie hiltzen direnentzat lore sortak prestatzea. Oihana hasi da: «Gure loreak koloreztatzen ditu kanposantu beltzak, eta bihotzez prestatzen ditut zentroak ta euren ertzak, herri osoan zabaldu dira lehen arrotzak ziren behintzat, ta azken urtean prestatu ditut kuadrilako hirurentzat». Nereak horrela erantzun zion: «Egia da bai azken boladan kuadrilan ze kontu beltzak, ebaporatu dira jadanik garai bateko ametsak, ta beste kezka batek betetzen ditu nere garun ertzak, nik prestatuko ditut zuretzat edo eta zuk neretzat?».

Oihanak poto bat saihestu du hurrengoan «izugarri» erabiltzera zihoala zirudien eta... «Zu hor zaudela jakinda etzait herio hain izugarri, lorategi bat nola egingo diogun noizbait elkarri, zuk badakizu nik orkideak maite ditut maitagarri, ze ni hiltzean hil den lorerik hilarri hortan ez jarri». Nereak umore beltzetik jarraitu zuen amaiera arte. «Beraz nik hartu beharko ditut zure tristura dosiakvkrisantemoak dituzu antza gogoetan egosiak ta ordurako jubilatuak zu ta ni beste guziak, plastikozkoak jarriko ditut txinoetan erosiak». Oihanak: «Orduan altxa egingo naiz ni ze hori ez nuke jasango, eta benetan etzenidake holakorik eramango, jubilatzean baina nik bizi nahi nuke luze ta ondo, eta besteen loreei beha ez gara sarri egongo.Azkena Nereak: Besteenari ez behatzea antza zure desioa, gazte garaitik eduki dugu hontako afizioa, ze zoriontsu idatz litekeen gu bion arrazioa, gu baino leheno hiltzen ez bada gu bion ofizioa».

Ganbarakotik Oihana Aitor Etxebarriazarragaren lanak, gernikarrak azken postua eginagatik lan eder bat utzi du: «Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena, gaiari erantzunaz: Gure etxean amona izan genuen eredu, gurasoak ez baitziren bereziki bi aingeru, aita aspaldi joan zen ama enpleguz enplegu, eta esaten zidanez geneuzkan hainbat mailegu, lanean jarri ninduen gutxira amona zendu, ta etxea bihurtu zen tristezia kanpamendu, zerotik hasi nahi nuen zurrunbilotik aldendu, baina sarri erori denak dena bitan pentsatzen du».

«Hogeita bat urterekin ez naiz bizi besteen gisan, badaukat soldatatxo bat ez hainbeste beharrizan, baina
etxetik joatea hartuta daukat peskizan, bakarrik bizitzeak ere ezin du hain zaila izan, ama gelara deitu dut nire asmoak entzun ditzan, listo banoa etxetik begira nola gabiltzan, berak haserre erantzun dit egiaren jabe bailitzan: harrokeriak garesti ordaintzen dira bizitzan». «Joatea erraza da irautea da zailena, nola enintzen jabetu gastua bikoitza dena, konpra egin sukaldatu garbitu mantendu ordena, ta nire bakardadea ere ez da konpaini gorena, enagoela gustura hain da gauza nabarmena, barkamena eskatuta bueltatzea da onena, baina apustuaren alde eman duzunean dena, kosta egiten da onartzen etzela nahi zenuena».

Oihanak mutiko nerabe baten paperetik egin du: «Biok hamalau urte ta biok desio argia, lehen aldiz aritzeko gogoa zen nabaria, ta muxuka pilatuta geneukanez ausardia, geneukanez ausardia prestatu nuen kabia, nik bai baina nire neskak ez du bete guraria, galopan hasi aurretik geratu baita zaldia, ta ez da izan espero genuen lehen aldia». «Mutiko batek berez du hontan aritzeko sena, mila aldiz begiratu det pantailatan eszena, eta eraikia neukan gozamenaren eskema, gozamenaren eskema nere zilborretik dena, ez det sumatu mugitzen Alaitzek dun sentipena, ta orain dudatan nago bietan zein den problema, edo den
gertatu dena edo espero nuena». «Askotan espektatibek ondorio hau dakarte, ni ahaleginduagatik
berak sentitu bitarte, nonbait ez det erakutsi nik nahi nukeen beste arte, nik nahi nukeen beste
arte ta sua egin behar ke, gainera sentipena dut bera ez dela izan parte, barkamena eskatu diot ta
esan: ez joan aparte, zurekin saiatu nahi dut nola egin asmatu arte».

Sailkapena:

1- Oihana Iguaran 688,50
2- Amets Arzallus 688
3- Nerea Elustondo 628
4- Asier Azpiroz 616,50
5- Haritz Mujika 615
6- Aitor Etxebarriagazarraga 612


Finalaurrekoen sailkapena momentuz:

1 -Alaia Martin 729.50
2-Joanes Ilareegua 711.00
3- Oihana Iguaran 688.50
4- Amets Arzallus 688.00
5- Agin Laburu 677.00
6- Unai Agirre 652.50
7- Onintza Enbeita 639.50
8- Nerea Elustondo 628.00
9- Iñaki Apalategi 623.00
10- Asier Azpiroz 616.50
11- Haritz Mujika 615.00
12- Aitor Etxeberriazarraga 612.00