NAIZ

Mikel San Argimiro Martutenen espetxeratu dute berriz, hirugarren gradua kenduta

Beste euskal preso bati hirugarren gradua bertan behera utzi dio Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzak aurkeztutako helegiteari kasu eginez: Mikel San Argimiro donostiarra da. Zortzi helegite gehiago bidean ditu Fiskaltzak, espetxe-erakundeek hartutako erabakien aurka.

Mikel San Argimiro, Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa batean.
Mikel San Argimiro, Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa batean. (Pool Efe)

Urte erdi hirugarren graduan eman ostean, bigarren gradura pasa eta ondorioz espetxera bidali du berriz Auzitegi Nazionalak Mikel San Argimiro Isasa donostiarra. Fiskaltzaren eskariz hartu du erabakia, aurreko kasuetan bezala: Unai Fano izan zen lehena, iazko urrian, eta Xabier Atristain orain arteko azkena, pasa den urriaren 14an.

Etxeratek eman du honen berri astearte honetan, kartzeleratzea jada gauzatu dela aipatuz. Erabakia Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Auzitegi Nagusiak hartu du.

Litekeena da hau azken kasua ez izatea, kontuan hartuta zortzi helegite gehiago abiatu dituela Fiskaltzak, erakundeek –kartzelen Tratamendu Batzordeen irizpideari segituz– onartutako hirugarren graduen aurka. Unai Fanori eta beste zenbaiti Gobernu espainoleko Espetxe Zuzendaritzak eman zien kalera ateratzea ahalbidetzen duen gradua; Atristaini eta San Argimirori, beste batzuen artean, Lakuako Gobernuak. Batzuen zein besteen erabakien aurka ari da egiten Fiskaltza.

Hogei urte eta erdi daramatza espetxean Mikel San Argimirok. Caceresen eman du denbora gehiena, 2020. urtera arte. Gero Soriara lekualdatu zuten eta ondoren Martutenera aberriratu.

2010. urtean Estatu espainola zigortu zuen Europako Giza Eskubideen Entzutegiak, bere kasuan eragindako torturak ez ikertzeagatik; honelako lehenengo kasua izan zen eta gero dozena bat epai etorri dira, gauza bera adieraziz.

Sarek manifestazioa deitu du bihar, arratsaldeko 19.00ean Donostiako Boulevardetik abiatuta eta ‘Etxerako bidean oztoporik ez! Mikel Etxera’ lelopean. Etxeratek bat egin du deialdiarekin