NAIZ
Donostia

Eskubide Sozialen Kartaren ekimena Donostian: «Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa»

Dozenaka lagun bildu dira ostegun honetan Donostiako udaletxearen aurrean etxebizitza eskubidea dela aldarrikatzeko. Etxegabetzeen debekua exijitu eta alokairu eta hipoteken prezioa mugatu behar dela ohartarazi dute. Halaber, desazkunde turistikoaren beharra mahaigaineratu dute.

Eskubide Sozialen Kartaren elkarretaratzea Donostian, etxebizitza eskubidearen alde.
Eskubide Sozialen Kartaren elkarretaratzea Donostian, etxebizitza eskubidearen alde. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta elkarretaratzea egin du ostegun honetan Donostian, udaletxearen aurrean, «etxebizitzaren arazoa eta turistifikazioaren gorakada salatzeko». Ekimena ‘Stop pobretzeari, ¡Condiciones de vida dignas y control de precios ya!’ kanpainaren baitan kokatzen da.

Bildutakoek Donostian gertatzen diren etxegabetzeak salatu dituzte, «baita gazteak auzoetatik kanporatzen ari direla ere, pisu turistikoen zabalkuntza lehenetsi nahi baita». Izan ere, «inbertsio funtsen eta jabe handien interesak babesten dira, herritarren interesen gainetik».

Zentzu honetan, Grosen Basque Culinary Center berriaren irekiera bezalako proiektuak zalantzan jarri dituzte, «elite baten errentagarritasunaren mesederako baitira».

Halaber, etxegabetzeen debekua exijitu dute eta alokairu eta hipoteken prezioa mugatu behar dela mahaigaineratu dute. Era berean, desazkunde turistikoaren beharra adierazi eta eremu publikoaren «merkantilizazioaren» aurkako neurriak eskatu dituzte.

Herritarrekin parte-hartze prozesu «errealak» ere aldarrikatu dituzte, eta bazterketa sozialarekin amaitzeko neurri eraginkorrak eskatu dizkiete erakundeei.

Amaitzeko, datorren azaroaren 19an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.