Kazeta

Jean Pierre Mendiburu bertsulari heletarra zendu da

Heletar bertsularia azaroaren 3an zendu da, 74 urte zituela. Nafarroako txapeldun izan zen bitan.

Jean Pierre Mendiburu kantuan.
Jean Pierre Mendiburu kantuan. (EKE)

Jean Piere Mendiboure Etcheverry ‘Mendiburu’ bertsularia azaroaren 3an ostegunarekin zendu da, 74 urte zituela. Bertsularien Lagunak elkarteak bere «dolumin zintzoenak» eman nahi izan dizkio familiari prentsari igorritako ohar batean.

Mendiburu 1948 urtean sortu zen Heletan eta ofizioz laboraria zen. Emile Larre eta Mixel Itzainak bultzatu zuten plazara eta lehen aldikoz 1967an agertu zen plazan Aiherran, Alkat, Irigarai eta Arrosagarai kantukide zituela. Batez ere Xalbador, Mattin, Xanpun, Ezponda, Mixel Aire, Erneste Alkat edota Lazkao Txikirekin aritu izan zen bertsutan.

Txapelketei dagokienez, 1981 eta 1984 urteetan Nafarroako txapeldun izan zen heletarra eta beste hamabitan kantatu izan zuen finalean, tartean txapeldunorde beste bitan geratuz. Urte batzuk aitzin, 1974an hain zuzen, Xenpelar Saria irabazi zuen bertsu paperean. Bat bateko sariketan, Idiziabalgo Zepai sarian nagusitu zen 1977an.

Ehun bertsu sailetik goiti idatzi zituen Jean Pierre Mendibourek eta baita bi liburu ere, ‘Bertsutan ariz ikasten’ (1984) eta ‘Ene bertsuen feria’ (2007). Hiru antzerki obraren egile izan zen.