NAIZ

Kolpe galanta jaso du Anaitasunak Cangasen aurka (24-25)

Anaitasunak ezusteko latza jaso du etxean Asobal ligako azken sailkatuaren aurka, Cangaseko Frigorificos Morrazoren kontra, hain zuzen ere. Azken unean eginiko gol batekin, galiziarrek denboraldiko bigarren garaipena eskuratu dute eta nafarrek hirugarren porrota kateatu dute.

Ibai Meokik bi gol egin ditu Cangasen aurka.
Ibai Meokik bi gol egin ditu Cangasen aurka. (Jon URBE | FOKU)

Hirugarren porrota kateatu du Anaitasunak eta hau azken biak baino kolpe gogorragoa izan dela ziurtatu daiteke. Puente Genilen aurka ere gol batengatik galdu zuen baina kasu honetan, sailkapena ixten zuen talde batek etxean irabazi izanak zortzen du hainbesteko buruhaustea. Frigorificos Morrazok denboraldiko bigarren garaipena lortu du azken unean Braisek eginiko gol bati esker (24-25).

Itxura onean hasi du partida Quique Dominguezek gidatutako taldeak, hain ondo, Nacho Moyanok hutsartea eskatu duela hasi eta berehala. 4-1eko partziala lortu dute etxekoek eta hori gutxi ez eta, Barrek eginiko sei geldiketekin, galiziarren saiakera oro ezerezean utzi dute.

Gutxika-gutxika, baina, Cangas markagailuan gerturatzen joan da eta lehen zatia bukatzeko bost minuturen faltan, abantaila soilik gol batekoa izan da. Fodorean errumaniarrak partida berdin du jaurtiketa indartsu batekin.

Atsedenaldiaren ondoren, berdintasuna mantendu da une oro. Inork ez da aurkariarengandik aldentzea lortu eta 18-17koak hori berresten zuen. Anaitasunak beste martxa bat hartu zuen, Elustondoren golekin hirura handitu baitu aldea.

Gauzak aldatu egin dira, ordea, nafarrak ezustean harrapatu zituen 0-5eko partzialarekin, aspaldiko mamuak berpiztu baititu. Quique Dominguezek denbora eskatu behar izan du bere mutilak suspertzeko.

29. minutua, 24-24 eta Moyanok eskatutako hutsartea. Hala iritsi da partida azken minutura. Barrek Juan Del Arcori beste jaurtiketa bat geldiarazi dio eta Gerard Fonsek gauza bera egin du Bazanen aurrean. Hala, azken unean Braisek 24-25ekoa sartu du, Anaitasunako pabilioi osoa kolpean isilaraziz.

Anaitasuna: Juan Bar; Gaston (3), Elustondo (4), Bazán (4), Bonanno (-), Meoki (2), Chocarro (2). Ganuza (3), Aitor Garcia (3), Goñi (-), Xavi Gonzalez (-) Castro (3), Pinto (-).

Frigorificos Morrazo: Javier Díaz; Simes (5), Brais (4), Soliño (1), Quintas (-), Gayo (2), Chaparro (1). Fodorean (2), Martin (1), Dorado (1), Juan del Arco (3), Santi Lopez (2), Blanco (-), Vilanova (3), Aizen (-).

Partzialak bost minuturo: 1-1, 4-1, 6-3, 8-6, 10-10, 13-11 (atsedenaldia), 13-13, 16-16, 20-17, 20-22, 23-23, 24-25 (bukaera).

Epaileak: Alberto Macias de Paz eta Alberto Murillo Castro. Bazan, Meoki, Aitor Garcia eta Pinto zigortu zituzten etxekoen taldetik eta Santi Lopez eta Chaparro galiziarren aldetik.

Gertaerak: Asobal ligako bederatzigarren jardunaldia Anaitasuna pabilioian jokatutakoa.