NAIZ

Gaur hasi eta ondoko bost hilabeteetan hamaika otordu eskainiko ditu Gaueko Mahaiak

Table du Soir edo Gaueko Mahaia zerbitzuak bere ateak zabalduko ditu gaur gauean Baionan. Ondoko bost hilabeteetan milaka afari banatuko dituzte 1993an sorturiko elkarteko boluntarioek.

Gaueko Mahaia ekarteko boluntarioek otorduen banaketari ekinen diote gaur gauean.
Gaueko Mahaia ekarteko boluntarioek otorduen banaketari ekinen diote gaur gauean. (Guillaume FAUVEAU)

Table du Soir (Gaueko Mahaia) izeneko elkarteak egokitzapenak burutu behar izan bazituen ere, bere ateak irekitzeko parioa egin zuen covid-19ak eragindako krisiak Ipar Euskal Herria bete-betean jo zuen garaian.

Bere ibilmoldea egokitu ondoren 2020ko negua berezia izan zen, Gaueko Mahaia elkarteko lagunek ezin izan zituztelako haien ohiko afariak lokalean eskaini ahal.

Horren ordez ‘drive’ moduko zerbitzua eman zuten plantan. Hala, erabiltzaileen zein boluntarioen osasuna babeste aldera etxera eramateko janaria proposatu zuten.

Egoera oso bestelakoa izanen da aurten. Azaroaren 7 honetan hasita eta heldu den martxoa bukatu arte egunero bere zerbitzua eskainiko dute Beñat Sainduko bidean, Baionan, 1991n sorturiko elkarteko boluntarioek.

Batez beste 80 bat herritar bertaratzen dira gauero Gaueko Mahaiara, elkarteko burua berriki utzi duen Jean-Michek Prietok ‘Mediabask’-i azaldu dionez.

Covid-19aren krisiaren aurreko urtean, 2019an, 10.000 otordu banatu zituzten. Alta, 2021-2022 neguan 12.440 afari eskaintzera heldu ziren, erabiltzaileen kopurua %25a emendatu zelako.

Gero eta gazte gehiago, gero eta langile pobre gehiago

Jean-Michel Prietoren ustez, Gaueko Mahaira bertaratzen diren herritarren kopurua ez da krisi soziala gero eta gordinagoa dela iradokitzera eramaten duen datu bakarra.

«Gero eta jende gazteagoa etortzen da eta, azkeneko urteetan azaldu den beste joera bat baieztatu dezakegu, lanean izan arren oinarrizko beharrak betetzera heltzen ez diren langileak heltzen zaizkigu», azaldu du Prietok.

Table du Soir elkarteko buru ohiak nabarmendu duenez, badira bost urte azaldu zen «langile pobreen fenomenoa» eta geroztik «hogei bat lagun etortzen dira gurekin afaltzera, lana bukatu ondoren».

Orotara 200 bat boluntariok jardunen dute gaurdanik Table du Soir delakoaren sukaldean.

Baliabideak lortze aldera elkartasun lasterketa antolatzen dute urtero. ‘La Foulée du Partage’ izena duen ekimena hilaren 27an iraganen da aurten Lapurdiko hiriburuan.

‘La Foulée du Partage’ izeneko lasterketaren seigarren edizioa

«Ibilbidea oinez burutu nahi duten herritarrek bost euro ordaintzen dute eta lasterketa egitea deliberatzen dutenek, berriz, hamar euro; ziur hiriko kirol lehiketarik merkeena dela, baina guri urtez urte lanean jarraitzeko behar ditugun baliabideak bermatzen dizkigu», gehitu du Prietok dagoeneko ‘La Foulée du Partage’ lasterketan ¡zena emateko desmartxa irekia dela oroitaraziz.

La Table du Soir delakoak 2023ko martxaren 31 bitarte zabalik izanen ditu bere ateak. Data horretan bururatuko baita frantses Estatu osoan bezala baita Ipar Euskal Herrian ere «neguko mena».

Frantses legeak agintzen duenez, neguko garaian ezin da nehor etxegabetu. Era berean, azaroa eta martxoa bitarte argindar eta gas konpainiek ezin dute hornikuntzarik eten.