NAIZ
Donostia

Pantailaldirako atzera kontaketa hasi da; parte hartzeko deialdia berretsi dute

Pantailak Euskaraz ekimenak Pantailaldian parte hartzeko deia berretsi du. Bost ekintzailek konpromiso «berezi» bat hartu dute dagoeneko ekimenarenarekin eta egunero emango dituzte esperientzien xehetasunak sareetan. Gainontzekoek agenda proposamen bat jasoko dute erronkari aurre egiteko.

Netflix plataforman euskarazko edukiak aldarrikatzen ditu ekimenak.
Netflix plataforman euskarazko edukiak aldarrikatzen ditu ekimenak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Euskaraldiaren testuinguruan eta honen sinergiak aprobetxatuz, Pantailak Euskaraz ekimenak antolatu duen Pantailaldiak helburu bikoitza izango du: batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta, bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz erakundeak pausoak ematera bultzatzea.

Erronka bada, baina batez ere, ohar bidez azaldu dutenez, aktibazio sozialerako ekimena da. Mota guztietako pantailetan eragin daiteke (telebista, streaming plataformak, zinema, sare sozialak, bideo-jokoak) eta, funtsean, euskarazko edukiak erabili, kontsumitu, edo sortzea da auzia, herritarrei luzatu zaiena.

Ekimena hilaren 11tik 18ra bitartean gauzatuko da eta, astelehen honetan azaldu dutenez, berau betetzeko konpromiso «berezia» hartu dute bost boluntariok. Hauek, «buru-belarri» murgilduko dira esperientzia honetan: Andoni Solorzano hizkuntza ahokularia (Sondika), Itziar Luri kazetaria (Iruñea), Mitxel Elortza irakaslea (Gasteiz), Nagore Irizar bikoiztailea (Sara), eta Ioritz Gonzalez irakaslea (Azkoitia).

Pantailaldiaren «ekintzaile» hauek euren bizipenen berri egunero emango dute sare sozialetan, eta horrez gain, tokiko komunikabideetan ere gertuko jarraipena izango dute elkarrizketa eta erreportajeen bitartez.

Bost pertsona hauekin batera, edozein herritarrek izango du Pantailaldian parte hartzeko aukera. Herritarrei goian aipaturiko erronka betetzeko eskatuko zaie, baita haien bizipenen berri #Pantailaldia traola erabiliz sare sozialetan zabaltzea ere. «Momentuz, ehun pertsonak baino gehiagok eman dute izena pantailakeuskaraz.eus weborriaren bitartez, eta ostegunera arte zabalik egongo da izen-emate formularioa», azaldu dute sustatzaileek.

Parte-hartzaile orori, Pantailaldiko profil irudia sortuko zaie sare sozialetan jartzeko eta euskarazko ikus-entzunezko baliabideen zerrenda eta agenda proposamen bat bidaliko zaizkie «astebeteko erronka hori errazago betetze aldera».

Agenda proposamen horretan hainbat deialdi egingo ditu Pantailak Euskarazek, esate baterako, azaroaren 12an Bilbon ospatuko den Jokoteknia euskarazko bideo-jokoen jardunaldian parte hartzekoa, edo azaroaren 13an hiriburu bakoitzeko zinema batean 17:00etan antolaturiko protesta koloretsuekin bat egitea. Bertara ‘Zinema euskaraz, gure eskubidea’ dioten kartelak eta puxikak etxetik eramatea eskatu da.

Hauek dira protesta egiteko zinemak: Donostialdean, Urbilen; Gasteizen, Boulevard-eko Yelmo zinemetan; Baionan, CDR zinemetan; Bilbon, Zubiarten; eta Iruñerrian, Yelmo Itaroa zinemetan (Uharten).

Izan ere, ekimenak gogorarazi duenez, Euskal Herrian urtean zehar eskaintzen diren zinema emanaldien %1a soilik da euskaraz.

Agendak ere beste ekimen batzuk antolatu ditu. Hala nola, azaroaren 16an, Euskalencoding.eus webguneak plataformek euskaraz eskaintzen ez dituzten pelikuletako bat gozatu ahal izango da gure hizkuntzan, eta hilaren 18an ‘Goazen!’ telesailaren denboraldi berriaren lehen atala eskainiko da Etb1-en 21.00etan.