Maite Ubiria

Lurrama azokak haur andana jaso du ateak ireki dituen egunean, Biarritzen

Ikastetxeen hitzordua izanik, goizeko 10.00etatik landa ikasle tropa jendetsuak ikus zitezkeen Biarritzeko Iraty erakustazokan. Ondoko hiru egunez animazio ugari izanen dira ‘Bizi den mendiaren alde’ izenburupean igaroko den Lurrama laborantza herrikoiaren azokan.

Eskoletako haur andana hurbildu da Lurrama azokara lehen egunean.
Eskoletako haur andana hurbildu da Lurrama azokara lehen egunean. (Guillaume FAUVEAU)

Abian da. Goizeko 10.00etatik landa Biarritzeko Iraty erakustazokan ateak zabaldu ditu laborantza herrikoiaren gorazarre eginen duen Lurrama azokak.

Ondoko hiru egunetan, animazio eta jarduera parrastaz gozatzeko aukera eskainiko du, aurten, mendiko laborantzari begirada berezia eskainiko dion feriak.

‘Bizi den mendiaren alde' izenburua hautatu du, hain zuzen, Lurrama azokak 17. edizio honendako. Eta hautuaren arrazoiak ematen ditu, gehiegi kostatu gabe, Lurrama elkarteko lehendakaria den Iñaki Berhokoirigoinek. 

«Mendi gunean bizi gara, gure lurraldearen hiru herenak mendi bezala sailkatuak direlakoz, eta gure laborantza konzeptuan, beraz, toki inportantea du mendiak», azaldu dio NAIZi.

Jarduera anitz badirela mendian eta guztiak zaintzeko beharra nabarmendu du laborariak.

«Mendia bortua da, mendia etxaldeetako tentsioa gutxitxeko uda denboran kabalak izateko eremua da, mendia iratzea egiteko tokia da, mendia bada oihana eta, beraz etxaldea berotzeko lehengaien iturria, mendia bada, finean, osagai zinez inportantea guretako», gaineratu du.

Euskal Herriko Laborantza Ganbararen bultzadapean 2009an ospatu zen Lurrama azokaren lehenengo edizioa.

Pandemiaren geldialdia gainditu ondoren, espekulazioaren aurkako borrokarekin bat eginez iaz Arbonan eman zuten hitzordua Ipar Euskal Herriko laborariek.

Aurten, berriro ere, Iraty erakustazokara itzuli da Lurrama. «Kontent gira, hemen eremu zabala dugu eta espero dugu jende anitz hurbiltzea, berdin ekoizleekin harremana egiteko zer afariak eta konzentzuekin gozatzeko», azaldu du Berhokoirigoinek. Baieztatu duenez, lehen egun honetan «bi mila bat ikasle» bertaratuko dira Lurramak eskaintzen duen landa kolore eta usainaz gozatzeko.

Hori da aurtengo saloiaren berrikuntzetako bat. Ostirala jai eguna izanik, ostegunarekin abiatu da larunbata bitarte ospatuko den azoka.

Hegazti gripeari buruzko albiste txarrak

Lurramak bere ateak zabaldu dituen egunean, hain zuzen, frantses Laborantza Ministerioak arrisku larriaren egoera aldarrikatu du hegazti gripea dela-eta.

Tamalez, oilo eta ahateak baldintza jasangarrietan hazten dituzten laborariak beraien kabalak entzerratzera behartuak izanen dira, nahiz eta gaixotasunari erresistentzia gehiago erakutsi duen Kriaxera izeneko arrazarekin lan egin, gehienetan tamaina txiki edo ertaineko etxaldeetan.

«Oso nekatuta daude, badira sei urte hau ez dela gelditzen, eta haserre gaude ez gaituztelako entzuten laborantza herrikoaren alde lan egiten dugun hazleak», kexu azaldu da Jerome Delmas.

Pirinioetako eskualde ezberdinetatik heldu diren ekoizleen erakusmahaiaren atzealdetik azaldu digunez bere etxaldean hegazkiak hazten ditu libreki. Zerikusirik ez du, beraz, ekozpen industrialarekin. Hala eta guztiz ere, osasun protokolo berdinak ezartzen ditu Parisek etxalde guztientzat.

Egoera horretan, familarengandik jasotako etxaldean moldaketak egin ditu. «Nolabait eredu orokorrago batera jo dugu, hegaztiak hazten ditugu, baita ardiak ere, eta zereala landatzen dugu, gure asmoa gero eta autosufizienteago izatea delako», laburbildu du laborantza biologikoaren parioa egin duen Okzitaniako Falga herriko nekazariak.

Sauve qui poule-Kanpoko Hazkuntza elkartea

Kanpoko hazkuntzaren aldeko sostengua oraindik ere argiagoa izanen da aurtengo Lurrama azokan Sauve qui poule-Kanpoko Hazkuntza elkarteari esker.

Erakusmahaia plantatu dute Iraty aretoan eta ondoko hiru egunetan pedagogia eginen dute milaka bisitariren aurrean, besteak beste hegazti gripearen aurka agindutako osasun neurriek erakutsi duten «eginkortasun eza» datuak eskutan frogatzeko eta, batez ere, euskal hazleengan protokolo horiek eragin dituzten kalteei buruz oharra egiteko.

«Kontsumitzaileek badute zeresan handia, behar dutelako informazioa jaso, eta horren arabera beraien osasuna eta ongi izatea aintzat hartuta hautuak egin, zeren jakin behar da eredu industriala gailentzen bada orduan ez dela laborari gehiago izanen eta ez dugu neholako aukerarik produktu osasungarriak erosteko», azaldu dio NAIZi Patrick Defais elkarteko buruak.

Mendiko jarduerei buruzko gogoeta

‘Bizi den mendiaren alde’ izenburupean igaroko den Lurrama azokak «mendiaren erabilpen anitzaren inguruan» gogoeta proposatu nahi du.

Hartara, hiru egunetan hitzaldiak izanen dira. Azokaren lehenengo egunean, arratsaldeko partez, ‘Zer mendi bizi nahi dugu?’ galderari erantzuten ahaleginduko dira Mizel Ozafrain AIBA elkarteko ordezkaria, Cecile Crouspeyre Garapen Kontseiluko kidea eta Battit Laborde Euskal Elkargoko euskal mendia alorreko arduraduna.

Biharamunean, aurrehistoriatik honat jendeak nola baliatu duen mendia aztertuko du Arkeologian doktoretza duen Pablo Marticorenak.

Finean, larunbatean hartza, otsoa eta kabalen kanpoko hazkuntzaren arteko harremanen gainean arituko dira Nicolas Lescureux CNRSko ikerlaria, Samuel Marguet Hautes Pyrénées-ko laboraria, ELB sindikatuko kide den Laurent Irigaray eta Michel Erbin artzainaren parte-hartzaileekin antolaturiko mahai-inguruan.