Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Zinebi: Euskal film laburren ordezkaritza, anitza eta nazioartekoa

Landa-munduaren poesia, emakume langileen lekukotasuna, turismoaren arriskuak, euskararen galera... Bilboko Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian ikus ahal izango diren euskal film laburrak, istorioetan eta estiloetan, anitzak dira; jatorrian, asko, nazioartekoak.

Zinebi parte hartuko duten euskal zinemagile eta ekoizleak, jaialdiko antolatzaileekin.
Zinebi parte hartuko duten euskal zinemagile eta ekoizleak, jaialdiko antolatzaileekin. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bilboko Arriaga Antzokian emango zaio hasiera ostiralean, 19.30etik aurrera, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 64. edizioari. Ekitaldia Maria Goiricelayak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzenduko dute lehen aldiz, eta, besteak beste, Merina Gris euskal musika taldea izango da bertan.

Ekitaldian bertan emango dira aurtengo bi Ohorezko Mikeldi sariak: bat, Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari poloniarra ospetsuari, Oscarretarako hiru aldiz izendatuak eta ‘Europa, Europa’ (1990), ‘Washington Square’ (1997) edo ‘In Darkness’ (2011), filmen zuzendari ikonikoari; bigarrena, Iñigo Salaberria zinemagile eta bideo-artista gipuzkoar zendu berriaren senideek jasoko dute.

Eta ondoren, sail ofizialeko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan lehiatzen diren zazpi euskal film laburrak proiektatuko dira. Lau dokumental eta hiru fikzio dira, guztiak desberdinak, belaunaldi desberdinetako egileak eginak, askok euskaraz, beste batzuk Elias Querejeta eskolan ikasten ari diren nazioarteko egileak sortutakoak. Ostiralean, prentsa kideok ikusi ahal izan genituen.

Zazpi film horiek Alondegiko Golem zinemetako 5. aretoan proiektatuko dira berriro ere azaroaren 17an.

 

‘Alas/Tierra’; filmearen irudia. (Zinebi)

 

‘Alas / Tierra’, landa-poeta eta landa-zinemagile bat

Maddi Barber (Lakabe, 1988) nafarraren 11 minututako dokumental hau geruzez beteta dago, irudi poetikoez jantzita, sakontasunez josita. Egia esan, egile honen ibilbidea interesgarriaren (‘592 metroz goiti’, ‘Urpean lurra’...) beste urrats bat kontsidera daiteke laburmetrai esperimental eder hau. Oihanetik datozen hitzak eta irudiak: egunsentiak, katamotz bat, emakume baten aurpegia...

‘Alas/Tierra’ filma osatzeko, Maria Sanchez albaitari eta idazlearen ‘Esta es la mano que cuida’ (Hau da zaintzen duen eskua) poematik abiatu da Maddi Barber, artxiboko materiala erabiliz, bestelako espezieekin ditugun harremanetan gertatzen diren ikaskuntza prozesuei buruzko diptiko antzeko bat eraikitzeko.

Lan hau Cristina Hergueta ekoizleak martxan jarritako proiektu baten barnean kokatzen da, ‘Esto no es una poesia’ izenekoa, non gaur egungo poetak eta zinemagileak elkarlanean jartzen dituen. «Sormen hizketaldi bat sortu nahi dugu eta poesia zinema bihurtu. Egun proiektuaren lehenengo atala osatu dugu: lau laburmetraiak dira, guztiak emakumeak eginak. Guk komisariotza lanak egin ditugu, baina gero askatasun osoa eman zaie egilei. Maria Sanchez landa-munduaren poeta da eta Maddi Barber landa-munduaren zinemagilea, bata bestearen ispilu gisa ikusten ditut nik. Hasieran Maddirentzat ez zen erraza suertatu, dena den, Mariaren olerkiak bereganatzea kostatu egin zitzaion. Horregatik euskaratu zituen, bere mundura ekarri ahal izateko».

Txuspo Poyoren turismoaren salaketa

Groenlandian 1843ko apirilean harrapatutako bale baten hezurdura daraman furgoi bat –Erromako Nazareno ikastetxeko kabineteko piezarik esanguratsuenetako bat– abian jarri da ikastetxeko eraikina luxuzko hotel bat egiteko saldu ondoren. Hau da Txuspo Poyo artista garaikide ezagunak Erroman filmatutako ‘Gran Hotel Nazareno’ (19 min., dokumentala) film laburraren abiapuntua.

Espainiako Errege Akademian egoilarra izan zen bitartean artista nafarrak sortutako lana da hauxe. Erromako lehenengo ikastetxe publiko eta doakoaren eskolaren desagerpena abiapuntua hartuta, turismoaren masifikazioaren aurkako salaketa bat gauzatu nahi izan du Poyok. Espekulazioak zer sortu dezaken irudikatzeko Erromako irudi turistikoak tartekatzen ditu, metafora legez, balearen hezurdurarekin eginiko giza kate bat osatzen bitartean.

‘Hemen bizi da maitasuna’, ama eta alaben arteko talka

Ainhoa Olaso durangarraren eta Enara Garcia leioaztarraren lehenengo lana da ‘Hemen bizi da maitasuna’  (14 min., fikzioa). Titulu hau zuzenean iritsi da Zinebiren Sail Ofizialera, 2021ean euskarazko film laburren proiektu onenaren Aukera Saria eskuratu eta Kimuak banaketa-katalogorako aukeratua izan ondoren.

Matixak 22 urte ditu eta gurasoen etxean bizi da. Bere logela eta egonkortasuna hankaz gora daude. Jasanezina dirudien egoera baten aurrean, gazteak familiatik kanpo bilatzen du laguntza, eta bere lagun Leirek ematen dio. Bere amarengandik askatzeak askeago bihurtuko duela sinetsita, etxetik alde egitea erabakitzen du. «Etxetik joan aurretik sortzen den ‘dinamita’ irudikatu nahi izan dugu», aipatu dute egileek. Ama eta alabaren arteko talka, ezkutuan baina, era berean, bor-bor dagoen ezin egona islatuta dago, gogor, gupidarik gabe. «Bata bestearen isla dira, ispilua izan ahal direlako biak», aipatu dute egileek. 

‘Hemen bizi da maitasuna’ filmeko protagonistak.

‘Hondarrak’, emakumeen lan isila

Zainketak hondatuta dauden mundu bati eusten diote bi emakumek. Bat Gladys da, etxeko-langilea da, zaintzailea. Etxekoak urruti ditu, askatasun falta sumatzen du. Bestea Imak da, itsasoaren aurrean zain, beste itsasontzi batek bere sareak hautsi arte. Saregile guztiak bezala, desagertzear dagoen ofizio eta bizimodu baten lekukoa da.

Hauxe da Paula Iglesias –(‘Solo son peces’ filmaren Zinebiren 61. edizioan estatuko Zinemaren Sari Nagusia irabazi zuen film– eta Marta Gomezen ‘Hondarrak’ (15 min., dokumentala) lanaren abiapuntua. Orion eta Bizkaiko herri desberdinetan grabatuta, abiapuntua pandemian izan zuen: «Pandemian geundela, krisi egoera horretan galdera sortu zitzaigun: eta mundu honen hondakinak nork eutsiko ditu?», aipatu du Paula Iglesiasek.

‘Hitzak’, edo hitzak kaxa batean lurperatuta daudenean

‘Hitzak’ (13 min., fikzioa) Josu Martinez ikertzaile eta zinemagile bizkaitarraren ipuin antzeko bat da. ‘Itsasoaren alaba’ (2009) bezalako lan dokumentaletik urrundu egin da Bizkarsoro izeneko fikziozko herrira egin duen itzulerara. Anti’ (2018), bere aurreko fikziozko film laburrean sortu baitzuen ustez Nafarroa Beherean kokatutako herria.

Martinezek 1966ra eramaten gaitu, eta baso batean lurperatutako paper-zatiak aurkitzen dituzten lau gazteren bizitzara. Horietan, 21 urteko Michelle gazteak ulertzen ez dituen hitz batzuk ageri dira, bere familiak aspaldi utzi baitzion euskara erabiltzeari.

‘The Bath (O banho)’ eta  ‘Wild Flowers (Divlje Cvijeći)’

Elias Querejeta Zine Eskolan sortuak dira bi lan labur hauek, bertan egonaldia egin duten bi nazioarteko zuzendariekin; bata, kroaziarra, bestea portugaldarra.

Maria Ines Gonçalves-ek ‘The Bath (O banho)’ film laburren (9 min., fikzioa) haurtzarora eramaten gaitu urarekin jolasten duten irudi eder oinirikoen bidez. ‘A metamorfose dos pássaros’ (2020) dokumental multisarituaren zuzendari artistikoa da Gonçalve eta Zinebin lehiatu zen ‘Cabra Cega’ (Tomás Paula Marques, 2021) filmaren ekoizle exekutiboa izan zen.

Bestalde, aitak bideokamera bat erabili zuen egun bakarrean grabatutako materiala du oinarri Karla Crnčević kroaziarraren ‘Wild Flowers (Divlje Cvijeći)’ (13 min., dokumentala). Hogeita hamar urte geroago, material hori digitalizatzeko eskatu zion Karlari, eta, horren ondorioz, zuzendariak bere aita gidatzen zuten arrazoiak zeintzuk ziren planteatu zion bere buruari, bere etxea zuen herrian, Radovčićin, Kroaziako kostaldearen hegoaldeko muturrean, grabatu zituen kalitate txarreko irudiak ahaztu nahi ez izateko.