A.ERENAGA-M.TXINTXURRETA

20.000 lagun inguruk altxatu dute EH Bilduk Bilbon deitutako euskal olatua

NAIZen zenbaketaren arabera, EH Bilduk 20.000 pertsona inguru mobilizatu ditu larunbat honetan Bilbon, ‘Abante! Euskal Olatua geldiezina’ lemarekin deitu duen manifestazioan. Egungo krisiaren aurrean alternatiba dagoela aldarrikatu du koalizio subiranistak.

La Casillatik abiatu da larunbat arratsalde honetan EH Bilduk antolatu duen manifestazioa eta, NAIZek eginiko zenbaketaren arabera, 20.000 pertsona inguru mobilizatu dira «euskal olatu erraldoian», Euskal Herriak egungo krisialdiari aurre egiteko duen gaitasuna erakutsi eta gaurko errealitatea iraultzeko xedez. Horretarako oinarri, «askatasuna eta berdintasuna».

Iaz hilabete berdinean indar erakustaldia egin zuen EH Bilduk eta larunbat honetan bigarrenez bete ditu Bilboko kaleak. Urtarrilero euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio handian egiten den bezala, La Casillatik abiatu eta udaletxerako bidea hartu du manifestazioak.

Pankarta koalizio subiranistako ordezkaritza zabal batek eraman du, Mahai Politikoko kideak nahiz Foru Aldundietako eta hiriburuetako hautagaiak: Mertxe Aizpurua, Juan Karlos Izagirre, Maria del Rio, Bakartxo Ruiz, Iker Casanova, Laura Aznal, Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Rocio Vitero, Unai Urruzuno, Joseba Asiron eta Eva Lopez de Arroyabe.

Haien atzetik, milaka eta milaka pertsonak egin dute aurrera ‘Abante! Euskal Olatua geldiezina’ leloa zuen mobilizazioan. 60 autobus baino gehiago iritsi dira Euskal Herriko toki desberdinetatik.

EH Bilduk emandako datuaren arabera, manifestazioa osatzen duten milaka pertsonen artean, 1.359 dira koalizioko udaletako ordezkariak.

Manifestaziora batu dira, halaber, nazioarteko hainbat ordezkari: ERC eta CUPekoak Kataluniatik, BNGkoak Galiziatik, Ahora Canariasekoak Kanariar Uharteetatik, Més per Menorca eta Més per Mallorcakoak Balearretatik, Andecha Asturekoak Asturiastik, Puyalonekoak Aragoitik eta ER-PVkoak Valentziatik.

Euskal Herriak bizi duen «krisialdiari» aurre egiteko «olatu herritarra» altxatu du EH Bilduk larunbat honetan.
Euskal Herriak bizi duen «krisialdiari» aurre egiteko «olatu herritarra» altxatu du EH Bilduk larunbat honetan. (Endika PORTILLO | FOKU)
EH Bilduk zabaldu duen manifestazioaren irudia.
EH Bilduk zabaldu duen manifestazioaren irudia. (EH Bildu)
1.359 izan dira EH Bilduko udaletako ordezkariak, 60 autobus baino gehiago Euskal Herriko toki desberdinetatik iritsi direnak eta, orotara, hamarka mila lagun, larubat honetan koalizio subiranistaren deiari erantzun diotenak.
Jendetza bildu du larunbat honetan EH Bilduk Bilbon, ‘Abante! Euskal Olatua geldiezina’ lemapean. (Endika PORTILLO | FOKU)
‘Independentzia’ oihu artean abiatu da mobilizazioa Bilbon.
‘Independentzia’ oihu artean abiatu da mobilizazioa Bilbon. (Endika PORTILLO | FOKU)
Ikur ugari eta selfiak, mobilizazioan zehar.
Ikur ugari eta selfiak, mobilizazioan zehar. (Endika PORTILLO | FOKU)
Sakeleko telefonoetako argiak piztu eta olatuak irudikatu dituzte manifestariek.
Sakeleko telefonoetako argiak piztu eta olatuak irudikatu dituzte manifestariek. (Endika PORTILLOF | FOKU)
1.359 izan dira EH Bilduko udaletako ordezkariak, 60 autobus baino gehiago Euskal Herriko toki desberdinetatik iritsi direnak.
1.359 izan dira EH Bilduko udaletako ordezkariak, 60 autobus baino gehiago Euskal Herriko toki desberdinetatik iritsi direnak. (Endika PORTILLO | FOKU)
Udaletxean amaitu da manifestazioa.
Udaletxean amaitu da manifestazioa. (Endika PORTILLO | FOKU)
Jendetza bildu da manifestazioaren amaieran.
Jendetza bildu da manifestazioaren amaieran. (Endika PORTILLO | FOKU)
Arnaldo Otegik hartu du hitza bukaeran.
Arnaldo Otegik hartu du hitza bukaeran. (Endika PORTILLO | FOKU)
Koalizio subiranistako ordezkaritza zabal batek parte hartu du manfiestazioan.
Koalizio subiranistako ordezkaritza zabal batek parte hartu du manfiestazioan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Pankarta Zabalburura iritsi denean, une berezi bat bizi izan du mobilizazioak. Bozgorailuetatik emandako jarraibideei segika, Bilbon elkartutako hamarka mila lagunek sakeleko telefonoetako argiak piztu eta olatua erraldoi bat irudikatu dituzte.

«Alternatiba dago»

‘Independentzia’ bezalako oihu artean jarraitu du manifestazioak eta Udaletxean amaitu da, Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusiaren hitzekin. Mobilizaziora batu diren euskal preso, iheslari eta deportatuen senideei eskaini dizkie lehenengo hitzak: «Zerbaitetaz harro bagaude, azken urte hauetan egindako ibilbidez da, zuek zeneramaten zama, herri osoaren zama dena, arintzea lortu dugulako dispertsioarekin bukatzean». Ziurtatu du EH Bilduk jarraituko duela bidea haiekin egiten euskal preso eta erbesteratu «guztiak etxera ekarri arte».

Alta, kezkatzeko arrazoiak ere badirela ohartarazi du Otegik, tartean, nazioartean antzematen ari den faxismoaren gorakada. «Baita Estatu espainiarrean ere», zehaztu du. Izan ere, bere ustez Madrilgo Diputatuen Kongresua «banatuta» dago. «Batetik gaude askapen nazionala aldarrikatuz faxismoari aurre egin genionak eta bestetik daude altxamendua mantendu dutenak».

Ateon iritzi publikora salto egin duten Barrionuevoren hitzen inguruan ere aritu da Otegi eta elkartasuna adierazi die Estatu terrorismoaren biktimei. «Beraiekin bat egongo gara. Hartzen dituzten neurriak babestuko ditugu», berretsi du.

Sarri ohartarazi du EH Bilduk egungo krisien larritasunaz, Ukrainako gerrak ala larrialdi klimatikoak astindutakoak. Baina Otegik kritikatu du, EAJri erreferentzia eginez, batzuek «ekaiza» datorrela esaten dutenean «fenomeno meteorologiko» batez hitz egiten ariko balira bezala jarduten dutela. «Ez da fenomeno meteorologiko bat, arduradunak ditu: elite ekonomiko eta politikoak», zehaztu du.

Horren guztiaren aurrean «alternatiba» badagoela ziurtatu du Arnaldo Otegik. Egoera «errotik» aldatu behar dela aldarrikatu du eta horretarako eman beharreko lehenengo pausoa «bataila kultural ideologikoa irabaztea» dela iritzi du.

Etorkizunera begirako esaldi batekin amaitu du Otegik bere hitzartzea: «Orain dela egun batzuk begiak itxi nituen eta etorkizuna ikusi nuen. Irabazten dugu!»

Gizarteratze masiboa

Manifestazioa egin bitartean, hainbat lagun gutun-azal batzuk banatzen aritu dira Hurtado de Amezaga kalean, artean ere ez irekitzeko eskatuz jendeari. Esandakoa bete duenak udaletxe parean ireki du eta QR kode batekin egin du topo. Azaroaren 19an egingo den beste ekintza baten berri eman du honen bidez EH Bilduk, ‘Gizarteratze masiboa’ izenpetu dutena, eta herritarrei gonbidapen moduko bat helarazi: koalizioak urria hasieran aurkeztu zuen Ongizate Hitzarmenaren edukiak Euskal Herri osoan zabalduko dituzten aktibistak bilakatzea.