EmakumeEkin elkarteak agiri bat idatzi du, genero ikuspegidun ekintzailetzarekin loturiko EAEko elkarte guztien babesarekin, administrazio publikoko ordezkarientzat eta legebiltzarkideentzat. Emakume ekintzaileen premia eta eskaera batzuk jasotzen dira bertan, herrialde parekide, kohesionatu, lehiakor eta jasangarriagoa eraikitzeko bidean kontuan hartzekoak.
Lehenik eta behin, ekintzailetzako desberdinkeria ekonomikoa neurtzeko eskatzen dute.
Izan ere, «ez dakigu zein den emakume ekintzaileen errealitate ekonomikoa gizon ekintzaileenarekin alderatuta. Eta jakin behar dugu zenbat irabazten duten batzuek eta besteek; zein onura lortzen duten eta zenbat kotizatzen duten; azken buruan, nolakoa den norberaren konturako langileen desberdinkeria ekonomikoa».
Manifestuan azaltzen dutenez, hainbat azterlanek –hala nola Global Entrepreneurship Monitor (GEM), Euskal Ekintzailetzaren Behatokiak egindakoa– emakume eta gizonek ekintzailetzan duten partaidetzari buruzko datuak bildu dituzte, eta berdintasunezko agertokia adierazi dute. Haatik, ikerketa horiek ez dute adierazi benetan zein desberdintasun dagoen errealitate ekonomikoan norberaren konturako emakume langileen eta gizon langileen artean; beraz, argazki osoa falta da.
Norberaren konturako lana gizon eta emakumeen arteko ordainsaria parekatzeko alternatibatzat har liteke, baina 2014an Nazioarteko Diru Funtsak adierazi zuen Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko herrialdeetan besteren konturako laneko soldata arrakala %16koa zela eta norberaren konturako lanekoa, aldiz, %28koa.
Halaber, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak eta Langile Autonomoen Elkarteak (ATA) ‘Lan autonomoa eta generoaren araberako diru-sarreren arrakala’ txostenean bildutako datu berriagoek egiaztatu dutenez, emakume autonomoen diru-sarrerak gizonenak baino txikiagoak dira, eta emakumeak kalteberagoak dira krisi egoeretan. Azken batean, emakume izateagatiko arazoak dituzte. Zaurgarritasun hori handiagoa da alderdi anitzetatik diskriminazioa jasaten duten emakumeen kasuan.
Gainera, negozioaren bolumenari erreparatzen badiogu, emakume autonomoen enpresak gizon autonomoenak baino txikiagoak dira.
Horregatik guztiagatik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioari eskatzen diote azterlan egokiak egin ditzala norberaren konturako laneko arrakala ekonomikoaren egoera ezagutzeko, gero arrakala hori murrizteko politika publikoak eta ekintza positiboak martxan jar daitezen.
Zaintzaileentzako kotitazio kuota
Bigarren puntuan, adingabeak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituztenentzat berariazko kotizazio-kuota sustatzea planteatzen du EmakumeEkin elkarteak. Administrazioari eta erakundeetan ordezkariak dituzten alderdi politikoei galdegiten diete Estatuko Administrazioan susta dezatela seme-alabak edo mendekotasuna duten senideak zaintzen dituzten norberaren konturako langileentzat berariazko kotizazio-araubidea sortzea. Horretaz gain, Europar Batasunari herrialdeek norberaren konturako langileen kuotak berdintzeko gomendioak edo esparrua sortzea eskatzea ere proposatzen dute.
Emakume ekintzaileek gizon ekintzaileek baino zaintza karga handiagoa hartzen dute beren gain, besteren konturako langileekin gertatzen den bezala. Egoera horrek, askotan, ekintzailetza ahalmena erabat garatzea eragozten du, eta ondorioz, emakumeak kalkulu-oinarri txikiagoekin iristen dira erretirora; horren ondorioz, norberaren kontura lan egin duten adineko emakumeak pobretu egiten dira.
Datuek egoera hori berresten dute. Autonomoen Elkarteak (UATAE) 2020ko urtarrilean jakinarazitako datuen arabera, pentsio guztietatik (ezintasuna, erretiroa, alarguntza eta zurztasuna barne), langile autonomoen pentsioa soldatako langileena baino %37,1 txikiagoa da batez beste (1.096,5 eurokoa, araubide orokorrean; 689,3 eurokoa, autonomoen araubidean). Horri gehitu behar zaio emakume langile autonomo pentsiodunen batez besteko pentsioa gizonena baino %27,2 txikiagoa dela; hots, emakume autonomoak arrakala bikoitza jasaten ari dira, eta beren batez besteko pentsioa, 586,09 eurokoa, araubide orokorraren batez besteko pentsioa (1.096,5 euro) baino %47 txikiagoa da.
EmakumeEkin elkartearen eta manifestuaren gainerako sinatzaileen ustez, zaintzaileak kontuan hartu behar ditu administrazio publikoak, eta zainketen zama konpentsatzeko neurriak sortu haientzat, esaterako, itsasoko langileei aplikatzen zaizkienen antzeko formula konpentsatzaileak.
Teknologia eta ikerketarako laguntzak
Hirugarrenik, administrazioari eskatzen diote azter dezala zein erakunde motak jaso dituzten, azken urteetan, enpresentzako dirulaguntza nagusiak, jakiteko zein proportziotan lagundu zaien emakumeek gidatutako enpresei, askotan, langile bateko edo biko mikroenpresak baitira, eta horiek dirulaguntza publikoetatik kanpo geratzen dira.
«Uste dugu laguntzak jaso ahal izateko tamaina jakin bat izateko betekizunean genero joera egon litekeela, eta hori saihestu egin behar da».
EmakumeEkin elkartearen arabera, emakume ekintzaileek EAEko egitura ekonomikoaren parte nabarmena osatzen dute, baina egiturazko desberdintasunaren ondorioz ezin dute behar bezala garatu. Horregatik, baldintza mugatzaile horiek kontuan hartu behar ditu administrazio publikoak.