Bi dozena jokalari, milaka euskaltzale

Larunbatean jokatuko duten derbia aprobetxatuz, Athleticek eta Realak bezperan hasiko den Euskaraldiarekin bat egingo dute. Lakuako Gobernuak, Euskaraldiak eta klubek parte hartzeko deia luzatu diete zaleei.

Garazi Murua eta Nerea Eizagirre kapitainak San Mamesen soropilean.
Garazi Murua eta Nerea Eizagirre kapitainak San Mamesen soropilean. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Euskaraldiaren hirugarren edizioa ostiralean jarriko da martxan. Egun bat beranduago, San Mamesek ateak zabalduko ditu euskal futbolaren hitzordu handienetakoa hartzeko, Athleticen eta Realaren arteko derbia, alegia. Aukera aprobetxatuko dute talde biek, Euskaraldiaren bat eginez, futbolaren festa euskararen eta berdintasunaren festa ere bilakatzeko.

Ekimenaren arduardunek prentsaurrekoa eskaini dute gaur San Mamesen bertan, Athletic eta Real bezelako erakundeek euskararen erabilera bultzatzeko duten indarra azpimarratuz eta talde bien zaleei Euskaraldian eta larunbateko ekintzetan partehartzeko deia luzatuz.

Miren Dobaran Hizkunza Politikarako sailburuordeak, «Eusko Jaurlaritzarentzako hemen egotea oso pozgarria» dela adierazi du. «Eskerrak eman nahi dizkiet bi erakundeei, oso mezu potentea baita zuek Euskaraldiarekin bat egitea, gaitasun hori daukazuelako». Hitzorduaren berezitasuna azpimarratuz, Dobaranek gogorarazi du «Euskaraldian partehartzen handiena emakumezkoena» dela, «emakumeak aktiboagoak dira». Horrekin batera, Euskaraldia «ez dela festa bat» esan du, «ez eta kanpaina bat ere, baizik eta ariketa serio bat. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa».

Dobaranekin bat egin du Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak, Euskaraldia «ariketa sozial erraldoi bat» dela esanez, «masiboa, Euskal Herria osoan egiten duguna gure hizkuntza ohiturak aldatzeko; hau da, gure hizkuntza ohiturak euskarara gehiago ekartzeko» eta Belarri prest zein Aho bizi izan, oraindik izena eman eta parte hartzeko aukera dagoela gogorarazi du. Bigarren edizioan martxan jarri ziren «ariguneak» egongo dira aurten ere eta, ildo horretan, Urkijok San Mamesen larunbatean «arigune erraldoi bat sortzeko aukera izango dugu»-la nabarmendu du. «Belarriprest eta ahobiziak bertaratuko gara Euskaraldia sustatzeko». Athleticen ekimena eta Realaren partehartzea eskertuz, «hainbat arlotan inertzia apurtzeko beharra dagoela» onartu du eta horien artean kirola egon litekenez, bereziki eskertu du derbiak eskainiko duen aukera eta «kirolan ere euskara erabiltzeko gonbidapena» luzatu du.

Ekimena Athleticen Zuzendaritza Batzar berriaren Plan Estrategikoaren mugarriekin lotu du Nerea Ortiz Athleticeko presidenteordeak. «Erakunde guztiei eta bereziki Realarei gurekin proiektu honetan partehartzeagatik» eskertuz, «Athleticeko Zuzendaritza Batzarrak euskararekiko eta berdintasunarekiko konpromezu irmo eta sendoa» daukala gogorarazi du. «Eta garatzen ari garen Plan Estrategiko berrian horrela ikusiko dugu. Garrantzitsua iruditu zitzaigun epe motzeko ekintzetan ere berdintasuna eta euskara txeratzea eta horregatik erabaki genuen derbia San Mamesen ospatzea eta gainera kontutan hartuta Euskaraldia hasten zela, ezin genuen euskara eta berdintasuna batzeko aukera galdu». Ortizek San Mamesera gerturatu eta «gure taldea babesteko» eta Euskaraldian ta egun osoan zelaiaren aurrean egingo diren ekintzetan «partehartzeko» deia luzatu die zaleei.

«Ezin genuen ezetz esan» onartu du Joseba Ibarburu Realeko presidenteordeak, klub gipuzkoarra «ahal den neurrian beti euskararen alde lan egiteko prest»dagoela azpimarratuz. Erakundeei, Euskaraldiari eta «bereziki Athletici gonbidapena luzatzeagatik» eskerrak emanez, Ibarburuk «kirol arloan eta gizarte arloan Euskal Herriko bi erakunde potenteek honelako ekimenean» partehartzearen garrantzia nabarmendu du. Ibarburuk, gainera, Reale Arenak apirilean Donostian jokatuko den bigarren itzuliko derbia hartuko duela aurreratu du.

Euskararen erabilera aldageletan

Realak Euskara Batzorde bat duela azaldu du presidenteorde zuri-urdinak, bestetik. «Sei-zazpi arigune ditugu Zubietan eta Anoetan, lan esparro ezberdinetan. Ahal den neurrian euskararen alde lan egiteko prest gaude», esan du.

Nerea Eizagirrek aldagelan erabilera zailagoa dela onartu du «kanpotar asko dauzkagulako. Baina euskaldunon artean euskaraz hitzegiten dugu, saiatzen gara ahal dugun guztia euskaraz egiten. Guk dakigunok ez badugu erabiltzen, ez dakiteken nola egingo dute bestela». Eguneroko hizkuntza da, berriz, Athleticen aldagelan, denek ez badute menperatzen ere. «Ëuskara dakigun artean saiatzen gara euskaraz egiten –esan du Garazi Muruak–. Eta prentsaurrekoetan, ekitaldietan etabarrekoetan klubak asko zaintzen du ere. Azkenean gure identidadearen parte bat da».

Iraia Iturregik azaldu du lehen taldeko aulkira heldu aurretik entrenatu zituen harrobiko hiru taldeetan «entrenamendu eta partida guztietan lehen hizkuntza euskara» zela. «Egia da lehen taldean baditugula bizpahiru jokalari ez dutela euskara menperatzen eta entrenamenduetan azalpen luzeak erderaz egiten ditugula. Baina staffean guztiok gara euskaldunak eta euskaraz mintzatzen gara. Eta partidetan %80a euskaraz egiten dugu; azalpenak askoz laburragoak dira eta euskara menperatzen ez duten bizpahiruek gutxienez hitz teknikoak badakizkite eta horrela erabiltzen dugu», gaineratu du.

Euskalduna ez da Natalia Arroyo baina ongi ulertzen du «espresatzeko bi hizkuntza izatea zer den» eta oso «ekimen ederra» iruditzen zaio Euskaraldia, «euskaraz egin nahi eta ahal duen jendea dagoela eta baita nahi bai baina erreztasuna ez duen jendea ere dagoela sentituz eta danak batuz. Niri gustatuko litzaidake egitea, aurreko urtean Belarripresteko txapa ere eraman nuen, agian anbiziosogia izan nintzen», esan du irrifarretsu. «Guk ordezkatzen ditugun erakundeek horrelako keinu polita egitea asko gustatzen zait eta gizartea inplikatzen laguntzea gustatuko litzaidake. Ederra da kirola eta festa zoragarri bat izan daiteken partida hau honetarako aprobetxatzea. Partehartzen duten guztiak eskertu nahiko nuke eta beren hizkuntza erabiltzen, zaintzen eta handitzen jarraitzeko animatzen ditut».

Athletic Plaza

San Mames arigune erraldoi bat bilakatu aurretik, Athletic eta Realzaleek Athletic Plaza ekimenarekin disfrutatzeko aukera izango dute egun osoan zehar San Mames kanpoaldean.