Elkarrizketa
Garbiñe Etxeberria
Realeko kirol zuzendaria

«Eguneroko lanari eman behar diogu garrantzia»

Hankak lurrean eukita, iazkoa errepikatzea oso zaila izango dela onartzen duen arren, Garbiñe Etxeberriak beste denboraldi historikoa bizitzeko ilusioa dauka. Baita larunbatean Athleticek eta Realak San Mamesen jokatuko duten derbia irabazteko ere, azken urteotako aldaketari jarraitutasuna emanez.

Garbiñe Etxeberria Zubietan.
Garbiñe Etxeberria Zubietan. (Jagoba Manterola | Foku)

Denboraldi hasiera konplikatua izan du Realak. Uda lanpetuta jokalari askorentzat, Txapeldunen Ligaren peajea, iaz lortutakoarekin konparazioen presioa... Guzti horren eragina nabaritzen ari da taldea Garbiñe Etxeberriaren esanetan eta «jokoan erreztasuna falta zaigu oraindik» baina donostiarren Kirol Zuzendariak «konfiantza» dauka taldearen lanarengan. Baita larunbateko derbira begira ere.

Uda eta udazken zailak izan dira arlo guztietan. Adibidez, taldearen egituraketan eta prestaketan udako txapelketek eta Txapeldunen Ligak izan duten eraginagatik.

Ez da batere errAza izan. Zer prestatu behar genuen, talde luzea? Motza? Zeri begira, zeri ez? Iaz baino talde zabalagoa egitea erabaki genuen, ez bakarrik Txapeldunen Ligarengatik, urtarrila eta otsaila ere exijenteak izango dira Liga, Kopa eta Superkoparekin. Eta denboraldi-aurrea ez da erraza izan orokorrean, batzuek asko jokatu dutelako, beste batzuek izan dituzten atsekabeak kontutan hartuta… Guzti horrek eragina du taldean. Gure kirola talde kirola da eta eragina izan du eta izaten ari da guzti hori. Dena lasaitzen joan da eta orain, denoi, begirada eta helburu berdinarekin aritzea dagokigu. Kostatzen ari da eta ikusi da adibidez jokoan faltan bota dugun erraztasun faltan, burua argiagoa edukitzean, pixka bat gu izatean… zaila izan da.

Buruarentzat ere ez da erraza izan. Alde batetik, Txapeldunen Ligako kanporaketaren ordaina daukagu, asko exijitu zuelako eta atsekabea kudeatu behar izan zelako eta bestetik, iaz lortutakoarekin etengabe egiten diren konparazioek zor dezaketen presioa.

Horrela da, konparaketekin bizi gara eta ez dakit egunerokoari garrantzia ematen diogun. Eta hori da egin behar duguna. Egia da zaila dela baina lasai egon behar gara egiten dugun lanarekin. Taldea ondo dago, eguneroko lana ona da, inbertsio handia dago, esfortzu handia egiten dute. Eta jende gazteari bere lekua ematen, kanpoko jendeari egokitzapen ona ematen, etxekoei beren tokia aurkitzen laguntzen… Guzti horrek emango digu emaitza eta lasai nago, taldea ondo ikusten dudalako.

Edozein kasutan, ez da seinale txarra presio hori egotea. Zuek jarri zenuten sabaia.

Iazkoa izugarria izan zen, historikoa, balore handikoa eta borrokatu behar dugu berdina lortzeko. Baina ez da erreza, hau ez da matematika, kirolean faktore asko daude.

Helburua errepikatzea da? Edo errepikatzen saiatzea?

Jokalariek askotan esaten dute errepikatu nahi dutela eta, ahal bada, hobetu. Nik uste dut talde onenen artean mantentzea dela, bukaerara arte estu mantentzea goiko postuetan eta, ahal bada, berriro ere Txapeldunen Ligarako sailkatu. Hankak lurrean ditugu, badakigu oso zaila izango dela, aurkariak asko hobetu direlako baina helburua berriro goian egotea da.

«Eta Ligan, joko aldetik agian falta izan zaigu iaz genuen erraztasun hori, arean sartu, iritsi eta gola sartzeko… Baina taldeak berriro ere lortu du iazko izaera hori»

Denboraldiaren lehen herena betetzear dagoenean, aurreikuspenak betetzen ari dira?

Gauza asko gertatu dira denbora gutxian. Alde batetik, Liga hasiera gorabeheratsua, guztiontzat txarra izan zela lehen jardunaldiaren atzerapena… Hala ere iraila konpetizioz beteta eduki genuen, Txapeldunen Liga jokatu genuen, oso esperientzia ona, polita, maila ona eman zuen taldeak lehiaketa horretan. Pena izan zen emaitzan pixka bat gertuago ez egotea baina pozik amaitu genuen egindakoarekin eta, batez ere, ikusteagatik zer falta zaigun oraindik maila horretan aritzeko. Eta Ligan, joko aldetik agian falta izan zaigu iaz genuen erraztasun hori, arean sartu, iritsi eta gola sartzeko… Baina taldeak berriro ere lortu du bere izaera hori, iaz izan ginen hori. Eta hobetzen goaz.

Aipatu dugu zenbait faktorek konplikatu dutela zuen denboraldia. Kiroletik at daudenek ere ez dute lagundu. Federazioak Ligari jartzen dizkion trabez ari naiz eta batez ere Espainiako selekzioaren auziaz, Realeko bi jokalari hor daudelako eta bereziki Nerea Eizagirre bizitzen ari den egoera batere erreza ez delako.

Ez. Eta argia izango naiz. Pertsonak gara eta egoera honek ez du laguntzen. Ematen du gaindituta dagoela beste egoera batean daudelako taldean, Ligan… Baina denak du eragina. Eta horrekin bukatu behar dugu. Ia berreskuratzen ditugun jokalari horiek, ia zentratzen diren egunerokoan eta horrek eramango ditu urrutiago, beren maila onenera eta horretan zentratu behar dute jokalari horiek.

Helduko da noizbait soilik futbolaz aritu ahal izango garen eguna?

Oxala. Niri amorrazioa ematen dit, beti kiroletik at dauden faktoreez hitz egiten ari garelako. Pauso asko eman ditugu aurrera egiteko, maila altua lortu dugu baina jendeak zer galdetzen dizu: "epaileen greba zer?", "txartelak garestitu dira", "Vilda bai edo ez"... Eta esaten duzu, "badakizu Reala zein postuan dagoen edo hurrengo partida non den?" Eta jendeak ez daki edo badaki baina askoz gehiago hitzegiten da beste kontu horietaz, titularretan agertzen direnak. Eta pena ematen dit hainbeste urte eman lanean eta oraindik horrela ibiltzea. Ia zentratzen garen lehiaketan, gauzak ondo egiten Ligan, Kopan, Superkopan, lehiatzen eta gure errealitatean.

Futbolaz hitz egin dezagun, beraz. Derbia, San Mames… zer pizten dizu hori entzuteak?

Partida handi bat bizitzeko ilusioa. Horrela izan dira beti derbiak eta orain eskenatokiak aldatu direnez –Anoeta, San Mames–, are handiagoa da ilusioa. Oso polita, derbiak beti izaten diren bezela, eta giro onean jokatuko dela iruditzen zait. Gainera talde biak ondo iristen garela iruditzen zait.

«[Derbiak] egun partida politagoak direlako, joko parekatuagoa, emozio gehiago... Erakargarriagoak dira»

Ez dira bakarrik eskenatokiak aldatu. Urte askotan, puntuak ez ezik, eta lehiatzea ere kostatzen zitzaion Realari derbietan, Athleticek arlo guztiak menderatzen zituen. Egungo egoera oso desberdina da.

Gure ibilbide honetan asko hazi gara. Egia da konplexuz edo bizi izan garela, beti gu atzetik joan garelako bide honetan eta horrela zen, partida hauetan nahiko deserosoak sentitzen ginen. Orain, berriz, ez. Asko hazi gara eta aldatzen joan da. Guk bakarrik ez, zaleek ere eskertzen dutela uste dut, egun partida politagoak direlako, joko parekatuagoa, emozio gehiago... Erakargarriagoak dira.

Aldaketa ez da derbietara mugatzen. Azken urteotan Realaren errendimendua nabarmenki hobea izaten ari da. Zuen meritua ala Athleticen txakalaldia?

Gu asko hazi gara eta beren egoera zaila da jokalariak galdu dituztelako eta sorta berri bat ateratzea kosta egin da… Bere prozesuan dago Athetic eta gu gurean; hazi eta hazi eta hazi, gure errekurtsoekin, baldintzekin eta lanarekin.

Guzti hori A8ko trafikoan nabaritzen da. Aurten bi jokalari gazte Zubietatik Lezamara joan diren arren, bidaia ez omen da hain erakargarria.

Lehen ere bageneukan baina gure tokia eta nortasuna sendotu ditugu. Eta A8ko ordainsaria garestiagoa da orain. Jokalariek badakite zer daukaten alde batean eta bestean eta asko aztertzen dituzte proiektuak, egoera, ibilbidea, etorkizuna… erabaki bat hartu aurretik. Egia da gaztetxoak joan zaizkigula, ba gure bigarren taldearen maila pixka bat baxuagoa delako; urte asko egin dituzte gurekin eta jauzia egitea pentsatu dute. Errespetu handiz, bakoitzak berea erabakitzen du.

Lehen taldeen emaitzei dagokienez Realak nabarmen aurreratu badu Athletic azken denboraldi hauetan, hor omen dago aldea oraindik. Bizkaiko eta Gipuzkoako harrobien funtzionamendua desberdina dela ahaztu barik, Lezamako azpiegitura inbidiagarria da. Hori da zuen hurrengo erronka aipatzen duzun hazkunde bide horretan? Harrobian egiten den lana hobetzea?

Horretan ari gara, asko hobetu dugun arren. Guk Gipuzkoan ditugu talde guztiak eskutik, errespetuz zaintzen eta gero gipuzkoarrak nahi baldin baditugu lehen taldean, errendimendura iristeko bide hori nola egin asmatzen ari gara. Gure lanak emaitzak ekarri ditue. Une honetan, emaitzei begiratuta, gure harrobiko bi taldeak oso ondo dauzkagu, bide onean goaz. Baina hobetu nahi dugu, harrobiko lanean daukagu jarrita begirada.

«Fokoa hor daukagu, gipuzkoarrez osatutako taldea edukitzean. Hori da gure erronka baina oreka bilatu behar da»

Eta horren islada lehen taldean ikustea. Aurten hiru euskaldun besterik ez daude gehien jokatzen duten futbolarien artean.

Fokoa hor daukagu, gipuzkoarrez osatutako taldea edukitzean. Baina zaila da, hain lurralde txikia izanda, etxeko jokalariekin iristea errendimendura. Hori da gure erronka baina oreka bilatu behar da.

Ez da erronka txikia.

Ez. Denoi gustatzen zaigu dena, irabazi eta etxekoekin jokatu; ni lehena. Urte askotan izan ditugu etxekoak baina heldu zen une bat tradizioa ez zela nahikoa hobetzeko, aldatu behar izan genuen, pausoak eman dira eta hor daude emaitzak. Orain oreka hori bilatu behar dugu, etxeko jokalariak nahi ditugu, baina futbola oso azkar doala ahaztu gabe eta errendimenduan emaitzetaz bizi garela ahaztu gabe, ezin da bat-batean talde oso bat aldatu. Pixkana-pixkana goaz, gaztetxoei denbora emanez. Gaztetxo onak datoz eta aukerak eman behar zaizkie eta pazientzia eduki. Eta horretarako entrenatzaile onena daukagu, gazteengan fedea eta konfiantza duena.