Jon Ormazabal

Ezer gutxian etorri dira bat igandeko finalistak

Materialarekin ez da arazorik izan baina, Ezkurdiari Altunaren pilota bat motelagoa iruditu zaion bitartean, amezketarrari lote guztia oso antzekoa iruditu zaio. Bizkaia Frontoiak mesede egiten diola ere ez du argiegi egungo txapeldunak.

Bi finalistak gustura agertu dira saskian topatutakoarekin.
Bi finalistak gustura agertu dira saskian topatutakoarekin. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Polemika arrastorik egon ez bada ere, deigarria izan da, finaletik hiru egunetara, igandeko partidaren inguruan Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiak egindako irakurketa desberdinek, batez ere, ia ezertan ez direlako bat etorri amezketarra eta arbizuarra.

Biek ere saskian topatutakoarekin pozik amaitu badute ere, iganderako hautatutako lotearen inguruan sortu dira lehen iritzi kontrajarriak. Esan beharra dago biek amaitu dutela pozik eta alde horretatik aitzakiarik ez dela egongo, baina iritzi desberdinak agertu dituzte hautatutakoaren inguruan. Horrela, Joseba Ezkurdiak azaldu du «laurak gustatu zaizkit, nireak azkarragoak dira, bereak geldoagoak baina onak». Hori bai, arbizuarrak azaldu du Altunak aukeratutako bat bai iruditu zaiola motelagoa, mugen barruan beti ere, eta partidak aurrera egin heinean ezerezean geratuko denaren kezka agertu du.

Jokin Altunarentzat aldiz, «lau pilotak oso antzerakoak iruditu zaizkit, horretaz aritu gara hitz egiten Alustiza eta Apezetxearekin. Hori bai sentsazioa da erasoan dabilenak min egingo duela material honekin».

Materialaz harago, pilotalekuak ere eman du zeresanik, hein handi batean elkarren aurka jokatutako bi finalak Nafarroa Arenan jokatu eta bertan Joseba Ezkurdia nagusitu zenez, Iruñekoak arbizuarrari mesede egiten diola ematen baitu. Uste horretakoa da nafarra ere. «Asko aldatzen da, Iruñekoa askoz exijenteagoa da, lurra azkarragoa da, erritmoa jartzeko hobea. Bilbokoak defendatzeko aukera gehiago ematen ditu eta esnago nuke Bizkaia Jokinentzat hobea dela, Iruñekoa niretzat hobea den bezala. Baina Bilbokoa ere gustuko pilotalekua dut, nahiz eta oso desberdinak izan».
Jokin Altunarentzat, ordea, goi mailan ari diren pilotari guztiak moldatzen dira ondo pilotaleku guztietan. «Nik uste gaur egungo pilotalekurik azkarrena Gasteizkoa izango dela iazko finalerdietan nik irabazi nion, erraz gainera. Joseba pilotari handia da Bilbon, Iruñean, Gasteizen, Donostian eta jokatzen duen edozein pilotalekutan, eta ni ere bai. Ziur nago Josebak hemen ere partida latza jokatuko duela».

Altuna faborito

Halako egunetan galdera ohikoa izaten da, baita ere, finalerako faborito nor ote den itauntzea, eta honetan ere ez dira bat etorri bi finalistak. Joseba Ezkurdiak argi dauka, «ez kaiolako finalean bakarrik, jokatzen dituen txapelketa guztietan Jokin Altuna dela faborito nagusia, eta igande honetan ere hala izango da, are gehiago azken bi partidak 9,9koak egin eta gero. Bera izango da faboritoa eta niri gauzak zail jartzea tokatuko zait».

Altunarentzat, ordea, igandeko aurkariak esandakoak «presioa gainetik kentzeko zerbait dira. Dirua ez dakit nola irtengo den, baina nik nire burua faborito ikusiko dut nire jokorik onena egiteko gai banaiz, baina bera ere konfiantza handiarekin dago eta berea ematen badu irabazteko aukera handiak ditu».

Sakeak finalean izan dezakeen garrantziaz ere aritu dira. Biak ados egon dira azkenaldian lehen pilotakadak berebiziko garrantzia hartu duela nabarmentzerakoan, baina ikuspuntu desberdinak erakutsi dituzte materialak garapen horretan izan duen garrantziaz. Egungo txapeldunarentzat, «hori horrela bada, materialagatik da, lasaiagoa balitz, ez balu horrela irristatuko lurrean, ez genukeen halako minik egingo». Ezkurdiarentzat, ordea, gehiago da gaur egungo pilotarien jokoaren oldarkortasunaren errua. «Nik esnago nuke duela urte batzuk are pilota biziago eta exijenteagoekin aritzen ginela. Gaur egun pilotari guztiek ematen dugu pausu bat aurrera eta horrek eraman gaitu beste era batera jokatzera, askoz motzago aritzen gara, aurkariari oinak bilatuz eta airez sar dadin etengabe saihestuz».

Baina adostasunak ere agertu dituzte, esaterako ilusioan, baina baita partidaren giltzetako bat finalaren erritmoa ezartzearen garrantzian. «Defentsan aritzen denak oso zail izango du txapela janzten, kantxaren erdia hartzen duenak asko izango du irabazia».