Iraitz Mateo

‘Itzalen dama eta Patxi Bakallu’ Urtzi Leoneten abenturazko liburua kalean da

Gaztetxoenentzat euskarazko abentura liburua da Leonetek kaleratu berri duen ‘Itzalen dama eta Patxi Bakallu’. Eguzkia desagertu da eta eta berriro agertzeko ahaleginean ibiliko dira protagonistak. Euskal mitologiaren erreferentzian han-hemen aurkitu ditzazkegu.

Urtzi Leonet eta Iñaki G. Holgado ‘Itzalen dama eta Patxi Bakallu’ aurkezten, Donostian.
Urtzi Leonet eta Iñaki G. Holgado ‘Itzalen dama eta Patxi Bakallu’ aurkezten, Donostian. (Maialen Andres | FOKU)

Euskal literatura abentura eta fantasia beharrean dagoela esan izan dute hainbat zale eta adituk. Urtzi Leonet idazleak horri ekarpena egin nahi izan dio gazte literaturan ‘Itzalen dama eta Patxi Bakallu’ abentura liburuarekin. Ostegun goizean aurkeztu dute Donostiako Elkarren, Antxiñe Mendizabal editorea eta Iñaki G. Holgado irudigilearekin batera. Editoreak aurreratu du Patxi Bakallurena sail bat izatea nahi dutela, eta jada bigarren abentura bidean dagoela.

Patxi Bakallu protagonista duen abenturazko istorio bat da Leoneten lana. Eguzkia itzali da eta nola berreskuratu pentsatu beharko du Bakalluk; Tawhirimate zeruetako jainkoari aurre egin beharko dio, eta abentura horretan lagun izango ditu Basajaun, Itzalen Dama, Kamaka edota Xaxi. Euskal mitologiako eta euskal tradizioko hainbat erreferentzia topatu daitezke liburuan zehar.

Leonetek kontatu du nondik datorkion Patxi Bakalluren ideia: «Gure familian personaia legendario bat da Patxi Bakallu. Amak beti esaten zigun ez dakit nolako piurekin kalera gindoazenean ‘Patxi Bakallu ematen dek!’ eta behin baino gehiagotan galdetuagatik, inoiz ez ziguten esaten nor zen Patxi». Aspalditik zuen bueltaka pertsonaia, eta bi urtez Bergarako Idazle Eskolan egon ondoren, gorpuztera animatu zuten.

Mendizabal editoreak Leoneten idazteko modua nabarmendu du: «Naturaltasuna sumatzen da, elkarrizketa asko daude eta erronka bat izaten da naturaltasuna ematea, eta Urtzik lortu du. Hitanoz trebatzeko aukera ere ematen digute elkarrizketa horiek».

«Zur eta lur» geratu zen Leonet irudiak jaso zituenean, bere istorioa azaltzeko irudi «onenak» zituela iruditu zitzaion eta oso pozik dago Holgadok egindako lanarekin.

Idazleak berak ausentzia eta «pena bat» sumatzen zuen gazteentzako fantasiazko liburuetan. Hain duzen ere, euskarazkoak oso gutxi daudelako, eta gehienak, itzulitakoak. Motibazio horrekin hasi zen beraz, berak nerabe zela irakurri ezin izan zituen euskarazko abentura liburuak idazten. «Umetan jasotakoari omenaldi moduko bat izan da, Juan Luis Landari, ‘Ipurbeltzi’, ‘Garairi’… keinu bat egin nahi izan diet».