Arnaitz Gorriti

Behingoagatik, min hartutakorik gabe itzuli da Bilbao Basket lanera

Francis Alonso, Ludde Hakanson eta Denzel Anderssonek normal ekin diote entrenamenduei FIBAren «Leihoetan» aritu ondoren eta lesionatuta zebilen Nikola Radicevic ere prest dago domeka eguerdian Fuenlabradaren aurka Miribillan jokatu ahal izateko.

Francis Alonso minik hartu gabe itzuli da Bilbora.
Francis Alonso minik hartu gabe itzuli da Bilbora. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

«Arazo fisiko dexente izan ditugu, baina igandean jokalari guztiek iganderako prest egoteko egin duten esfortzua eskertzekoa izan da», onartu du Jaume Ponsarnauk ostiral honetan eman duen prentsaurrekoan. Surne Bilbao Basketek igande eguerdiko 12.30etan Fuenblabradaren aurka ACB Ligako partida jokatuko du Bilbao Arenan eta denboraldia martxan jarri zenetik aurreneko aldiz, jokalari guztiak –Andrew Goudelock izan ezik, noski– prest izango dira beltzezko gizonen artean.

Pasa den astea nahikoa kritikoa izan da bizkaitarrentzat, FIBAren ditxosozko «Leihoak» direla-eta, Francis Alonso –Espainiako selekzioarekin–, Ludde Hakanson eta Denzel Andersson –Suediarekin biak– Bilbao Basketen eguneroko lan erritmotik kanpo ibili behar izan baitira.

Historikoki, «Leiho» hauek mesede baino kalte handiagoa laga dute bilbotarren artean, direla lesioak, direla covid-19 kasuak bata bestearen atzetik azaltzea, dela erritmoa apurtzea, dela entrenamenduak osatzeko jende faltagatik nahikoa lan izatea... Oraingo honetan behintzat, badirudi ez dela halakorik izango. Aipatu selekzioekin hortik zehar ibili direnak minik hartu gabe itzuli dira Bilbora itxura baten, baina horrez gain, azken asteetan oineko lesio bat atzean utzi ezinik zebilen Nikola Radicevic antolatzaile serbiarra ere sendatu omen da eta, horrez gain, arazo fisiko txiki ezberdinak izan Agustin Ubal, Emir Sulejmanovic eta Alex Reyes ere jokatzeko moduan omen ditu Jaume Ponsarnauk.

«Jokalariek egin duten esfortzu horrek zaleen bultzada eta garaipenaren saria ere merezi ditu», azpimarratu du Tarregako entrenatzaileak. Jakina da Bilbao Basketek ACB Ligako aurreneko hiru neurketak irabazi eta gero, hurrengo laurak erreskan galdu dituela. Hala, «Miribillaren laguntzari esker, denok topera lehiatuko dugula ziur» azaldu da Ponsarnau.

Fuenlabrada, aldiz, 0-3 hasi zen lehiaketan, baina entrenatzailea aldatu eta Marc Garcia eskolta katalana fitxatuz geroztik, Madrilgo taldea olatu aparretan iritsiko da Miribillara, hurrengo lau neurketetatik hiru irabazi ostean. Bada, igandean garaile ateratzen den taldeak ACB Ligako erdialdean lekutxo bat bermatuko du, galtzailea beherantz begira geratuko den bitartean.

Aurkari zuzenen arteko lehia

Jakina da Bilbao Basketen helburu nagusiena «hamasei onenen artean» sailkatzea dela. Helburu hori aintzat hartuta, hurrengo aurkariak «zuzen-zuzenak» izango direla ohartarazi zuen ostegunean Xavi Rabasedak eskaini zuen prentsaurrekoan.

«Bazirudien 3-0 hasi ginenean, garaipen horiek porrotak iristen zirenerako ‘gordeta’ genituela, eta agian horrek galdu ditugun partidetan –Granada, Greogan, Baskonia eta Tenerife– kalte egin digu. Ezin da halakorik errepikatu eta partida bakoitza irabaztera atera behar dugu, are gehiago hurrengo asteetan aurkari zuzenak izango ditugulako aurrez aurre», azpimarratu zuen beltzezko gizonen kapitainak.

Bada, Fuenlabradaren aurka jokatu ostean, datorren astean Basket Zaragozari bisita egin beharko dio talde bizkaitarrak, eta urtea amaitu bitartean –FIBA BCLko partidak ahaztu gabe– Kanaria Handia –abenduaren 3an–, Obradoiro –abenduaren 11an– eta Real Madril –hilaren 27an– hartuko dituzte Bilbao Arenan eta, aldiz, bilbotarrek Manresaren aurka jokatuko dute etxetik kanpo –hilaren 17an–.