Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Zinebiren 64. edizioaren palmaresa, Kolonbiako zinema berriaren indarraren isla

Zinebiren 64. edizioko palmaresean Kolonbia izan da nagusi, bi sari nagusi eta aipamen berezia lortu dutelako bertako egileek. «Kolonbian narrazio berriak sortzeko ahaleginetan ari gara», aitortu dute. Euskal zinemaren saria ‘Wild Flowers’ filmearentzat izan da, Karla Crnčević kroaziarrak egina.

Epai mahaikideak eta Vanesa Fernandez, Zinebiko zuzendaria, eguerdian Arriagan egin den sarien iragarpenean.
Epai mahaikideak eta Vanesa Fernandez, Zinebiko zuzendaria, eguerdian Arriagan egin den sarien iragarpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Gora Kolonbiako zinema!» bota du Arriaga antzokian Carlos Marañonek, ‘Cinemania’ aldizkako zuzendari eta Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketaren epaimahaikideak, ostiral goizean Bilboko Film Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko jaialdiaren 64. edizioko sariak eman direnean. Eta ez da harritzekoa, Hego Amerikako herrialde honetako filmeak gailendu dira nabarmen beste guztien artean.

Film luzeen lehian, esaterako, Theo Montoya kolonbiar zuzendariaren ‘Anhell69’ filma suertatu da sari nagusiaren irabazle. Dokumental honetan Medellingo ‘queer’ eszena gaztea erakusten da, non protagonista nagusia heroina-gaindosi baten ondorioz hiltzen baita 21 urterekin. Film honek belaunaldi suntsitu baten ametsak, zalantzak eta beldurrak aztertzen ditu, eta baita zinema egiten jarraitzeko dauden zailtasunak ere.

Epaimahaikideak film honen pertsonaia eta egiturarekin «maitemindu» direla aitortu dute, baina baita bertan «ateratzen diren arte promesa ugariekin» ere, Carlos Marañonen hitzetan. Kazetari honek, bestalde, aipatu nahi izan ditu «lehian aurkitu duten maila gorena eta baita egun hauetan Bilbon ikusi dugun zinema giroa».

Kolonbiako errealitatea

Atal honetan beste titulu kolonbiar bati eman zaio aipamen berezi bat, Diana Bustamanteren ‘Nuestra película’ film luzeari, «Kolonbiako errealitate historikora modu ausart batean hurbiltzeagatik». Egile hau Arriagan bertan egon da, eta Kolonbiako zinemaren egoerari buruz galdetu zaionean, «guztiok autogestio lana» egiten dutela aipatu du. Ez dago industria indartsu bat atzetik, aitortu dio NAIZi, baina bai «narrazio berriak sortzeko ahaleginetan ari diren zinemagileak».

Film Laburren nazioarteko lehiaketako sari nagusia ‘Todas mis cicatrices se desvanecen en el viento’ izeneko animaziozko kolonbiar filmarentzat izan da. Angelica Restrepok eta Carlos Velandiak zuzendu dute film hau, eta Arriagan bertan egon dira. Fikziotik datozela aitortu dute eta erabat autodidaktak omen dira animazio kontuetan. «Paisaiak 3Dn eskaneatu ditugu eta gero geruzak izango balira bezala, bata bestearen gainean jarri dugu. Haizea eta paisaiak etsai eta, era berean, liluragarri bihur daitezke».

Epaimahaikideen arabera, «animazio berritzaile bat, harrigarria sortu dute, ikusleari denboran, espazioan eta oroitzapenen paisaien soinuan zehar bidaiatzeko aukera ematen diona, gure inguruan desegiten diren memoria mingarrietan barrena gidatuz».

Euskal zinemaren sariak

Euskal Zinemaren Sari handia ‘Wild Flowers’ (11 minutu) film laburrarentzat izan da, Karla Crnčević kroaziar egilearentzat. Donostiako Elias Querejeta eskolan sortu eta ekoitzitako lan bat da –ez da bakarra izan lehian egon direnen artean–, eta epaimahaiarentzat «esplorazio ausarta eta zintzoa» izan da. Artxiboko materiala erabilita, hain zuzen zinemagilearen aitak grabatutako irudiak erablita, «memoriaren hauskortasuna baliatuz, oroipenean gainjartzen diren geruzaz erakusten dira».

Begoña Vicario zinegileak irakurri du erabakia eta, galdetu zaionean, gogorarazi du «film hau eta lehian izan diren beste batzuk Euskal Herrian sortuak» direla eta «eskubide guztia» dutela hemen egoteko. «Zuzendariaren jatorria da beste kontu bat, eta oso interesgarria iruditu zaigu –aipatu du– Zinebiren proposamena. Gure lana izan da egon direnen artean aukeratzea gure iritziz balore interesgarrienak izan dituena. Alde horretatik ez dugu inolako zentzuarik erabiliko».

Guztira 57 film labur lehiatu dira Zinebiren edizio honetan, eta Mikeldi sariak ere banatu dira, generoka: fikziozko film laburrik onenaren Mikeldi saria ‘Backflip’ (Nikita Diakur) koprodukzio frantziar-alemanariarrari eman zaio –European Film sarietarako hautagaia bihurtu da horrela–. Euskaldun batek lortu du Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldia eta, gainera, Publikoaren saria. Hain zuzen ere, Esther Vital García nafarrak ‘Searching Heleny (Cadê Heleny?)’ filmagatik. «Ikerketa eta garapen lan sakon bat da, eta berariazko teknika bat erabiltzen du bestela erakutsi ezin izango zitekeena irakasteko», epaimahaiaren arabera.

Beste sari batzuk

Estatu espainiarreko sari nagusia Alba Esquinasen ‘Olores’ filmarentzat izan, eta Film Labur Dokumental Onenaren Mikeldia Gorana Jovanović serbiarrarentzat izan da ‘Balls (Lopte)’ filmagatik, «Ballsek, xehetasun txikien bidez, futbolaren, gerraren eta politikaren arteko lotura indartsua erakusten digu», epaimahaikidearen arabera.

Horrez ganera, bigarren urtea da Zinebi jaialdiak film labur bat hautatzen duena Zinemaren Europar Akademiaren sarietan urteko film laburrik onenaren saria irabazteko hautagaia izateko, hain zuzen, epaimahaiak hautatu duen filma ‘Zoon’ animazioko alemaniar filma izan da, Jonatan Schwenk-ek zuzenduta.

Zinebiren 64. edizioari bukaeran emango zaio ostiralean Arriaga antzokian, itxiera ekitaldi baten.