NAIZ

Zezenketen aldekoak eta kontrakoak karrikara aterako dira larunbat honetan Baionan

Zezenketak debekatzeko lege proposamenak polemika piztu du frantses Estatuan. Azaroaren 24an Asanblea Nazionalean eztabaidagai izanen den ekimena aurrera ateratzeko aukera urriak izanik ere, aldekoak zein kontrakoak karrikara aterako dira larunbat honetan Baionan.

Hainbat manifestari mozorrotuta zezenketan aurka eginiko mobilizazio batean, Baionan. (Guillaume FAUVEAU/MEDIABASK)
Hainbat manifestari mozorrotuta zezenketan aurka eginiko mobilizazio batean, Baionan. (Guillaume FAUVEAU/MEDIABASK)

Azaroaren 24an frantziar Asanblea Nazionalean eztabaidagai izanen da zezenketen geroa. LREM eta LR alderdiek dagoeneko aurreratu dutenez, ez dute zezenketak debekatzeko asmoa sostengatuko.

Edonola ere, bereziki zezenketak egiten diren hirietako ordezkariak eztabaidara lotu dira. Testuinguru horretan, larunbat honetan, hilak 19, zezenketak debekatzearen aldekoek zein kontrakoek mobilizazio bana antolatu dute Lapurdiko hiriburuan.

Zezenketen kontrako ‘One Voice’, ‘Alliance Ethique’ eta ‘Ensemble pour l’abolition de la corrida’ elkarteek deituriko mobilizazioa 13.30etik 15.00etara iraganen da Jacques Portes plazan. Zezenketen aldekoak, ordea, 11.30ean mobilizatuko dira, Askatasunaren plazan.

Sandra Pereira-Ostanel Angeluko oposizioko hautetsi ezkertiarraren babesa izanen dute zezenketen kontrakoek.

Bosgarren barrutian diputatu izateko hautagai izan zenak gutun bat igorri die hiru euskal diputatuei, «frantziar lurralde osoan animalia baten tortura eta hilketaren behin betiko bukaeraren alde posiziona daitezen».

Bere deiak, halere, ez du erantzunik jaso.

Ipar Euskal Herriko hautetsien sostengu eza

Emmanuel Macronen alderdiaren eta eskuin errepublikanoaren arteko adostasuna publiko egin aitzin ere, Ipar Euskal Herriko ahotsa Parisera eramanen duten hautetsiak zezenketa debekatzearen kontra azaldu ziren.

Iragan astean, Vincent Bru eta Florence Lasserre euskal barrutietako diputatuak zezenketak atxikitzearen alde agertu ziren. Bestalde, Ipar Euskal Herriko eta Bearnoko herriak biltzen duen laugarren barrutian NUPES koalizio ezkertiar eta ekologistaren izenean hautatua izan zen Iñaki Echanizek ere lege-proiektuaren kontra eginen du.

«Zezenketak ez zeuden programa komunean», arrazoitu du diputatu sozialista bearnotarrak.

Echanizek azaldu duenez, zezenketetara diru publikoa bideratzeak zalantza gehiago sortzen badizkio ere, Baionan haiek debekatzearen kontra agertu da.

«Ene iritziz, hau ez da gure hiritarren kezka nagusietakoa. Eztabaida mediatiko bat da eta tokiko kulturekiko Parisek duen harremana mahai gaineratzen dute», iradoki du diputatu sozialistak.