NAIZ

Donostiako Udalak Dario Brizuela saskibaloiko Europako txapeldunari harrera egin dio

Udalaren oroigarria jaso du Donostiako alkatearen eskutik, eta udal korporazioaren txaloak. Easo taldean jokalari gisa hazi zen eta Estudiantesekin ACB Ligan debuta egin ostean, egun Unicajan jokatzen du eskolta gipuzkoarrak. 

Dario Brizuela, Donostiako Udal korporazioak saritu ostean.
Dario Brizuela, Donostiako Udal korporazioak saritu ostean. (DONOSTIAKO UDALA.)

Donostiako Udalak harrera egin dio astelehen arratsaldean Dario Brizuela saskibaloi jokalari gipuzkoarrari. Brizuelak irailean Espainiako selekzioarekin Alemania, Italia, Georgia eta Txekiar Errepublikan jokatu zen Europako Saskibaloi Txapelketan urrezko domina lortu zuen. Sergio Scariolok zuzentzen duen taldean eskolta donostiarraz gain, Xabi Lopez-Arostegi hegaleko getxoztarra ere bertan zen.

Finalean Brizuela eta Lopez-Arostegiren taldeak 88-76 irabazi zion Frantziako selekzioari. Hegaleko bizkaitarra hasierako bostekoan atera zen eta punturik sartu ordez, defentsa lanetan aritu zen batik bat. Aulkitik ekin zion Brizuelak finalari eta hiruko bat saskiratu zuen.

Brizuelak Udalaren oroigarria jaso du Donostiako alkatearen eskutik, baita udal korporazioaren ordezkarien txaloa ere.

Donostiako alkate Eneko Goiak hiriaren izenean zorionak eman dizkio Easo klubean jokalari gisa hazi, Estudiantesekin ACB Ligan debuta egin eta egun Unicajan jokatzen duen saskibaloi jokalariari.

«Historia egin duzu, Dario. Lehen aldiz maila gorenean Europako Txapelketa irabazten duen lehenengo jokalari donostiarra izatea lortu duzu», adierazxi du Eneko Goiak.

«Adinez txikia zinela utzi zenuen Donostia saskibaloi jokalari profesionala izateko, baina beti argi utzi duzu donostiarra zarela. Eskerrik asko hiria hain ondo ordezkatzegatik. Jarraitu hainbeste haur eta nerabe donostiarrentzako eredu izaten», gaineratu du alkateak.