Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Oztopoen gainetik baztandarrek Erdizi buruzko iritzia eman nahi dutela aldarrikatu dute

Igandean Erdizko meatzeari buruzko galdeketa egitekoak ziren Baztanen, baina Gobernu espainolaren Ordezkaritzak debekatu egin zuen. Afera honi buruzko iritzia eman nahi dutela aldarrikatzeko batzarreak egin zituzten hamalau herritan eta elkarretaratzea Elizondon.

Elizondon bozketa sinbolikoa egin zuten Erdizi buruz iritzia eman nahi dutela aldarrikatzeko.
Elizondon bozketa sinbolikoa egin zuten Erdizi buruz iritzia eman nahi dutela aldarrikatzeko. (A20 HERRI GALDEKETA)

Atzo iganderako aurreikusita zegoen Erdizko meatzari buruzko herri galdeketa egitea Baztanen. Baina Gobernu espainolak Nafarroan duen Ordezkaritzak debekua ezarri zuen. Honi erantzuteko igandean bertan batzarreak antolatu zituzten galdeketa egiteko asmoa zuten herrietan. Orotara 500 lagun elkartu ziren Almandozen izan ezik Baztango herri guztietan egin zituzten batzarre hauetan.

Batzarreetan nabarmendu zutenez, Baztango ordenantzek galdaketa antolatzeko eskumena herrietako alkateei ematen diete. «Ulertzen genuen gure herriari galdetu behar geniola eta baita iritzi hori plazaratu ere», azaldu zuten. Gobernu espainolaren Ordezkaritzak, berriz, galdeketarekin aurrera jarraitzen bazuten «ondorio administratibo edota zibilak pairatzen ahalko genituzkeela» helerazi zien.

«Argi utzi nahi dugu herrietako galdeketak bertan behera uztearen erabakia egoerak behartuta hartutako dela, gure gogoz kontra hartutakoa dela. Are gehiago, debeku erabat antidemokratikoa eta baztandarren eskubideen kontrako jazarpena gaineratu nahi dugu», salatu zuten.

Baztandarrek herriko batzarretan eta Batzar Nagusian euren iritzia emateko eskubidea mendeetan izan dutela nabarmendu zuten. «Guk, alkateok, gure herrietan galdeketa egin nahi dugu, gure herriaren iritzia entzun eta behar den lekuetan plazaratu nahi dugu. Guk, alkateok, gure herriko batzarren eta ordenantzen defentsa sutsua egin dugu, egiten dugu eta eginen dugu, hori baita herrietako alkateon egitekoa», aldarrikatu zuten Berroeta, Aniz, Ziga, Irurita, Oronoz-Mugaire, Arrioz, Lekaroz, Gartzain, Elizondo, Elbete, Amaiur, Azpilikueta, Arizkun eta Erratzuko alkateek.

Elkarretaratzea Elizondon

Arratsaldean, berriz, Elizondon egin zen herri galdeketaren aldeko aldarria. Bertan, elkarretaratzea egin zuten eta ondoren bozketa sinbolikoa egin zuten. 750 lagunek parte hartu zuen bozketa honetan, antolatzaileen arabera.

Amaiurko alkate Ixabel Alemanek galdeketaren asmoak gogoratu zituen. «Ariketa erraza zen: Baztango ordenantzen ahalbidetzen duten gisan, alkateok herritarren iritzia kontsultatu behar genuen, Erdizeko bazkaleku komunalean okupazioa Magnari baimentzearen inguruan, alegia», azaldu zuen.

«Nonbait, gauzak ez dira horren sinpleak eta, erabakitzeko eskubidea ebasteaz gain, iritzia emateko aukera ere kendu digute herri galdeketak debekatuta», salatu zuen.

«Alkate inozoak, gu, uste genuen garrantzitsua zela herritarren iritzia ezagutzea, beharrezko zela herritarrak entzutea», gaineratu zuen.

Nafarroako Gobernuari galdera zuzena egin zion Amaiurko alkateak: «Ez Batzar Nagusiak ez eta herrietako alkateok ere ezin badugu herri galdeketarik egin, nola egin behar du Gobernuak baztandarrok Magnaren meategi egitasmoaz dugun iritzia ezagutzeko?».

«Oinarrizko eskakizuna da, sinplea: iritzia eman nahi dugu!, ez bertzerik. Eta ez gara errepikatzeaz nekatuko: inposaketatik ez, baztandarrok iritzia eman nahi dugu», gaineratu zuen.