Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Toure berriro San Frantziskora dakar Jon Arretxek ‘Lyrica garaia’-n

‘Lyrica garaia’ (Erein) da Jon Arretxek idatzi duen Toure detektibearen azken liburua, bederatzigarrena. Bilboko San Frantziskora itzultzen da ale honetan, aldaketa ugari bizi izan dituen auzora. Lirikarekin ez dauka zerikusirik tituluak, lyrica droga berriaz ari da.

Jon Arretxe liburu berriarekin Donostiako taberna batean.
Jon Arretxe liburu berriarekin Donostiako taberna batean. (Jon URBE | FOKU)

Toure detektibearen seriearen bederatzigarren alearekin dator Jon Arretxe eta berriro Bilboko San Frantzisko auzora itzultzen da, dena abiatu zen tokira. ‘Lyrica garaia’ (Erein) du izenburu liburu berriak, baina ez dauka musikarekin edo poesiarekin inolako loturarik. Lyrica-z ari baita eta ez lirikaz. Azkenaldian hedatu den droga mota berria baita lyrica. «Hitz joko bat egin nahi izan dut», azaldu du Arretxek gaur Donostian egin duten aurkezpenean.

«Aurten deskubritu dut droga berri hau San Frantziskon», azaldu du. Lasaigarria da lyrica. Yonkiak lasaitzeko farmazietan banatzen den horietakoa. Baina pilulak beste zirkukuetan ere zabaltzen hasi dira. «Lirika garaia garai ona da. Lyrica garaia, berriz, ez da hain ona. Errealitatetik alde egin nahi dute lyrica-ren bitartez, garai eskasean daudelako», gaineratu du.

Seriearen lehenengo aleak San Frantziskon zuen kokalekua. Bederatzigarrenak ere. Batetik bestera bilakaera izan dute bai Toure protagonistak bai San Frantzisko eskenatokiak. Ezaguna izango du lekua, baina nabarituko du giroa aldatu dela, desberdintasunak ikusiko dira. Kamera gehiago, polizia gehiago, adibidez.

Gentrifikazioa eta prostituzio legea

Auzoaren gentrifikazioa eta hiriaren aldaketa, beraz, liburuaren osagai bat dira. Bilboko erdigunean milaka lagun miserian bizi dira. Eta hori ez da polita turistentzat antolatzen den hiri batentzako. Ez dituzte hor nahi eta ziurrekin beste leku batera eramango dituzte, baina miserian dauden milaka lagun ez dira desagertuko. «Beste leku batera joango dira eta hor egongo da lyrica», nabarmendu du Arretxek.

Prostituzio lege berriaren iragarpena ere San Frantzisko auzoan izan den beste aldaketako bat da. Prostitutak beti izan dira Arretxeren liburuetan, baina orain hobeto dokumentatzeko aukera izan duela onartu du. Askabide elkarteak gauez prostitutak laguntzeko egiten dituen paseoetan izan da Arretxe eta dagoen kezka gertutik ezagutu du. Kale gorrian geldituko direnaren beldur dira. Horietako asko paperik ez daukaten etorkinak dira. Prostitutarik gabe bortxaketak ugalduko direnaren ustea dute barneratuta.

Bere liburuek hiru zutabe dituztela azaldu du Arretxek. Toure protagonista, alde batetik. Giro eta kritika soziala, bigarrenik. Eta trama, hirugarrenez. Seriean aurrera joan ahal azken honek, tramak, pisu gehiago duela nabarmendu du.

Bilboko San Frantziskon jazotzen da batez ere Arretxeren azken nobela. Baina protagonistak Bordelera egiten du bidai bat ere biltzen du. Bilbo eta Bordeleren antzekotasunak agerian gelditzen dira. Turismoak bultzata, gentrifikazio prozesu bati ekin dioten hiriak dira. Baina bietan bada alde iluna, miserian dauden milaka lagunena. San Frantzisko Bilbon, Place des Capucins Bordelen.

Umorea ere Arretxeren liburuen beste osagarri bat da. «Gai gordinak dira, eta hori orekatu behar da», azaldu du. Milaka lagun daude Bilbon miseria gorrian, baina ez doaz negarrez kaletik. Afrikarren optimismoa eta positibotasuna nabarmendu du Arretxek. Nahiz eta beraien egunerokotasuna eta pasa duten iragana izugarri larriak izan.

San Frantziskon barrena

Ideiak hartzeko San Frantziskon orduak eta egunak eman ditu Arretxek. «Orain badakite zer naizen. Hasieran polizia izan ninteke. Edo yonkia. Edo gamelua. Begiradetan igartzen zen. Orain jendeak ezagutzen nau. Hamar urte pasa dira».

Horrela, liburuan agertzen diren pertsonaia gehienak benetazkoak dira, San Frantziskon bizi diren lagunetan oinarritutakoak. 76 urte bete duen prostituta, adibidez. Edo hamar urterekin ama izen zen beste prostituta. Euskal Herriko hiri nagusiaren bihotzean bizi direnen miseriak.

Toureren liburuetatik serie batera salto egiteko proiektua dago. Azken pausua falta omen da eta Arretxek ez du egitasmoa zapuztu nahi nondik norakoak azalduz. Dena den, Madrilgo ekoizleen eskutik azken fasean dagoela onartu du.