
R.W. Connell soziologo australiarraren ‘Masculinities’, Maskulinitateak, euskaratu du Ane Garcia Lopezek. Maskulinitatearen kontzeptuaren inguruan hausnartzen duen eta lehen aldiz ‘maskulinitate hegemonikoa’ kontzeptua jasotzen duen ikerketa lan hau euskarara ekarrita euskal gizartean ere «eskema batzuk apurtuko lituzke», Garcia Lopezen hitzetan.
Genero berdintasunaren aldeko borrokan gizonen lekua zein den erantzuteko aukeratu dute Elkar argitaletxearen ‘Eskafandra’ bildumaren zazpigarren lan hau, Ramon Zabalegi artistak diseinatutako azalarekin. Liburuaren aurkezpenean Lorea Agirre ‘Jakin’ aldizkariaren zuzendariak azpimarratu duenez, bilduma honen barruan sartzen diren obrek itzulpengintza eta ekarpen feminista behar dute.
Aurreko sei liburuak Angela Davisen ‘Emakumea, arraza eta klasea’; Virginie Despentesen ‘King kong teoria’; Silvia Federiciren ‘Caliban eta sorgina’; Judith Butleren ‘Genero nahasmendua’; Carole Patemanen ‘Kontratu sexuala’, eta Simone de Beauvoiren ‘Bigarren sexua’ dira.
Agirreren hitzetan, R.W. Connellek «soziologia egiteko beste modu bat» ekarri du. Gaztetatik klasearen inguruko eztabaidaz abiatuta, klase borrokaren eta generoaren arteko uztarketara pasa zen, 1993an ostegun honetan aurkeztutako lanarekin maskulinitateak aztertzen hasi zen.
Horrela, sistema baldintzatzen duen maskulinitate hegemoniko hori ze momentutan jartzen den zalantzan aztertzen du lan honetan. Agirrek aipatutako adibide esanguratsuenak gazte prekarizatuen, gizon homosexualen eta emakume feministekin militatzen duten gizonen kasuak dira, besteak beste.
Aldakorra baina Euskal Herrian aplikagarria
Funtsean, Garcia Lopezek argitu duenez, maskulinitatea denborarekin eta historian zehar aldatzen joaten dela dio Connellen teoriak, mutakorra baita. Arma politiko bezala ere erabiltzen dela erakusten du, gerren kasuan adibidez, eta generoa praktikaren arabera eta harremanetan definitzen dela defendatzen du.
Kontrazalak gizonak interpelatzen ditu: «askatzen al zarete menderatzaile izatetik?». Itzultzailearen iritziz Euskal Herriko gizartean aplikagarriak diren teoriak ekartzen ditu, klase borroka eta feminismoa uztartu daitezkeela erakutsiz.
«Ez da autolaguntza liburu bat baina gizonei tresnak eskaintzen dizkie. Euskal Herriko gizartean eskema batzuk apurtuko lituzke», adierazi du Ane Garcia Lopezek.
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»
