Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Baloia pirritan Qatarren eta deserosoa ez den pasio bat

Maite dut futbola, maite futboleko mundu txapelketa. Pasioz maite ditut. Maite dut jokoa, talde lana, elkartasuna, berdintasun kontzientzia eta batasuna adierazten dituelako. Badakit, turbokapitalismoa ere badela, negozio itzela, ustelkeria, FIFAko mafia, sportwashing delakoa, Qatarrek dituen aberastasun materialak eta miseria moralak, langile migranteena, LGTBI+ kolektiboaren jazarpena, garagardoak ezin direla edan, eta abar, eta abar. Futbola adierazpen modu bat bezala ikusten dut, kultura herritarraren elementu bezala, prozesu sozialak deszifratzeko tresna indartsua da. Joko-zelaian, baloia pirritan ez ezik, ideien eta interesen borroka bat ematen dela uste dut, futbolaren zentzua bereganatu nahi duten oligarken eta xekeen aurkakoa ere badena.

Zale erromantikoa bazara, futbola langile klasearen balleta ere bada niretzat. Baina erromantiko ergel bat baino okerragorik gutxi dagoenez, beste betaurreko batzuekin ere ikusi behar dela uste dut. Jakina Qatarreko mundialak baduela zer kritikatu, badituela usteletik ugari eta hipokrisia tonaka. Errusiakoak 2018an bezala, edo Argentinakoak 1978an, Espainiakoak 1982an… Futbola, baina, gai da klase harrotasuna adierazteko, nortasuna, aurkariarekiko errespetua. Kirol sozialista da, eta ez da. Elkarrekin jokatu eta zaleekin konpartitu behar da. Eta kaka pila galanta ere badauka, bai. Azken buruan, bizitza bezalakoa delako: kontraesan hutsa da, lokatzetan plista-plasta ibili beharra, gozamen eta nazka nahasketa bat.

Baloia pirritan dabil Qatarren. Mundu ezberdin batean sartu gara, askorentzat zoragarri memeloa den munduan. Eta bizitzak beste zentzu bat hartzen du: sutsua, aparta. Partidak ikustean egoera meditatiboan jartzen zaitu, katarsiari emana. Eta horregatik dauka oso interesgarria egiten zaidan kontu bat: etengabe berritzen den esperantzarena, porroten ondoren altxatu beharra, porrota barneratu beharra, porrotarekin bizitzen ikasi beharra. Horregatik da munduko kirol popularrena, planetan gehien ikusten den kirol txapelketa.

Pertsonalki, Argentinarekin noa. Eta muturreko ederra jasota hasi naiz, zeinek eta Saudi Arabiak! Messiren alde otoitz egiten duten horietako bat naiz. Dena daukalako: azelerazioa, indarra, oreka, azkartasuna, bisioa, birtuosismoa eta fantasia. Edertasuna haragitzen du, modernitatea. Poza ekarri dio kirolari, gloria, dibertimendua, askatasunaren zentzu baten komunikazioa. Gero, Euskal Herriaren eskalatik, Uruguai ere gustuko dut. Eta estaturik gabeko nazio den heinean, inbidia diodalako besteak beste, Gales ere gustatzen zait. Eta Frantzia eta Espainia kenduta, edozeinek irabaz dezala, eta, hipotesi negargarrienean, Frantziak ez, gehien gorrotatzen dudan selekzioa delako.

Badakit Qatarreko mundu txapelketa boikotatzeko deiak egon direla, arrazoiak ez direla falta. Badakit arabiarren kontrako arrazismoa eta supremazismoa ere badaudela kritika askoren atzean mozorrotuta. Ez dut sinesten baloian bakarrik atentzioa ipini behar dela dioen mezuarekin. Ezin daitekeelako politikatik, geopolitikatik aldendu. Qatarrekoaren kontra egon zaitezke, baina ilusioa gozatzeari uko eginda? Hori dauka futbolak: epika eta memoria emotiboa den heinean, xehatu egiten dituela pasioaren deserosotasunak. Eta fenomeno sozial eta kultural bezala, eztabaidatzeko eta galdera berriak pausatzeko oso aproposa dela. •