Iraitz Mateo

Sherwood Andersonen ‘Winesburg, Ohio’ euskarara ekarri du Joannes Jauregik

22 narrazioz osaturiko ‘Winesburg, Ohio’ liburua euskaratu du Joannes Jauregik. Sherwood Andersonen lana da Erein eta Igela argitaletxeeek elkarlanean Literatura Unibertsaleko sailerako itzultzen duten 186. alea.

Joannes Jauregi, itzuli berri duen azken lana eskuan, ‘Winesburg, Ohio’.
Joannes Jauregi, itzuli berri duen azken lana eskuan, ‘Winesburg, Ohio’. (Maialen Andres | FOKU)

Erein eta Igela argitaletxeek, EIZErekin elkarlanean osatzen duten Literatura Unibertsala saileko 186. liburua aurkeztu dute astelehen goizean Donostiako Liburutegian. Sherwood Anderdon estatubatuarraren ‘Winesburg, Ohio’ lana itzuli du Joannes Jauregik.

Winesburg herrixkan kokatzen dira liburuak jasotako istorio guztiak. Herriaren izena benetazkoa bada ere, asmatutakoa da herrixka, bai itxuraz eta baita bizimoduz ere. Lander Majuelo editoreak azaldu du «desagertzera doan landa-bizitza batean gorazarrea» dela liburua bera. 22 narraziok osatzen dute, eta itzultzailearen arabera zaila da «etiketa» bat jartzea, batzuk eleberri gisa eta besteek ipuin-liburu gisa definitzen baitute. Izan ere, ipuin bakoitza solte irakurri daiteke, baina guztiek segidan ere hartzen dute zentzu bat, toki eta garai berean kokatuta daudelako, eta kasuren batean pertsonaien bat ere errepikatzen delako.

«Herri giroko itotasuna» adierazten du liburuak itzultzailearen arabera, eta hori da bere ustez bertuterik handiena, edukiz, formaz eta estiloz errealismotik modernismorako zubi hori irudikatzea. Industrializazio garaia iritsi baino lehen kokatutako 22 narrazio biltzen ditu Jauregiren itzulpenak, eta bakoitzak pertsonaia bat du ardatz. Baina bada bigarren mailakoa izanda ere istorio batean baino gehiagotan errepikatzen den pertsonaia bat: George Willard. Jauregik azaldu du «ikutu autobiografiko bat» izan dezakela pertsonaia honek, izan ere, idazlea bezala, kazetaria da. Eta aipatu gisara ia narrazio guztietan bigarren mailan kokatzen da, baina herriko besteek beren kezka, amets eta desirak kontatzen dizkiotenez presente dago modu batean edo bestean.

Nekazal munduan dabiltzanen «eguneroko bizitza» kontatzen du istorio bakoitzak, Majuelok kontatu duenaren arabera, batez ere maitasun istorioak jasotzen dira, eta baita garaiko arazo ekonomikoak eta hauetatik eratorritako amets eta kezkak ere. Jauregik azaldu du, ipuinen ohiko egituratik aldetzen dela idazlea pixka bat, akzio handirik ez dagoelako eta «itxua batean amaierako kolperik ere ez». Eguneroko bizitza ardatz hartuta, flashback eta flashforwardez osatura daude narrazioak.

«Pisu» handiena pertsonaien barne-munduak hartzen du Jauregi itzultzaileak azaldu duenez. Eta azpimarratu du idazlearen bi ezaugarri nagusiak uztartzen direla kontakizunetan: irudimena eta behatzailearen zorroztasuna. Xehetasunetan arreta berezia jartzen duela sumatzen dela esan dute, baina aldi berean pertsonaien inkomunikazioa dela nagusi. Hau da, pertsonaiak ez direla gai sentitzen dutena azaltzeko, eta horrekin ere adierazten dela beraien «itolarria».

Idazlearen estiloari eutsiz

Itzultzerako momentuan zailena «tonua harrapatzea» izan dela aitortu du Jauregik. Azaldu du ahozkotasunaren ikutu bat dagoela kontakeran, «norbaitek beste norbaiti kontatzen dizkion istorioak dirudite». Erregistro apalean dago idatzita, «artifizio estilistiko handirik gabe», eta horrek hitzari oso lotua izatea dakar itzultzailearen arabera.

Berezitasun esanguratsua da ez dagoela elkarrizketarik: «Ez dago elkarrizketarik, bakarrizketak dira; pertsonaiek hitz egiten dute beraien artean, baina ez diote elkarri erantzuten». Horrela izanik, jatorrizko testuari eutsi eta elkarrizketa horiek narratzailearen diskurtsoan txertatzea erabaki dute. «Elarrizketak ez daude euskal literaturan irakurtzera ohituta gauden bezala, puntu eta etenekin, guztia jarraian baizik, literatura ingelesean askoz gehiago ikusi ohi da hori».  

Sherwood Anderson

Aitziber Atorrasagasti Lakuako Kultura sustatzeko zuzendaria ere aurkezpenean izan da. EIZIEk eta argitaletxeek eginiko lana txlotu du. Literatura Unibertsala euskarara ekartzea garrantzitsua delako bere ustez, euskal gizarteari euskaraz eskaini behar zaiolako genero hau ere, «Euskal Herritik mundura euskaraz begiratzeko».

Anderson itzultzea «ederra» izan da itzultzailearen hitzetan. Eta azpimarratu du gerora, hil ondoren bereziki, garrantzia izan dutela bere lanek. Figura literario gisa «kuriosoa» da Anderson Jauregik azaldu duenez, bere burua beti «txiki» ikusi izan duelako, nahiz eta «lan oso onak» egin.

Camden herrixkan jaio zen eta Chicagon hil. Bere bizitzak eta bere obrek lotura dute itzultzaileak kontatu duenez, eta are gehiago aurkeztu berri duten ‘Winesburg, Ohio’ liburuarekin; izan ere, herritik hirirako bidea egin zuen idazleak bizitzan, eta liburuan ere trantsizio hori gordetzen da. Autodidakta izan zen, eta kazetari lanetan ibili zen Anderson, horri zor zaio bere ezaugarri behatzailea, eta xehetasunak ikustearen abilezia.