NAIZ

Azkenaldiko ibilbide grisa zuzendu ezinik jarraitzen du Bidasoa triste batek

Azken orduan min hartutako Jon Azkue eta Iñaki Cavero gabe aritu behar izan duten irundarrek eta hasieratik eman dute amore Skanderborg oso sendo baten aurrean (38-27) Europako jardunaldian.

Bidasoak arazo handiak izan ditu erasoan.
Bidasoak arazo handiak izan ditu erasoan. (Jon URBE/FOKU)

Europan egindako lan bikaina izan da orain arte Bidasoa-Irunen denboraldiaren helduleku nagusia, baina azken asteetan Asobal ligan izandako txakalaldia Danimarkaraino luzatu du Jacobo Cuetararen taldeak, Skanderborgen aurka porrot mingarri bat jasota (38-27).

Haizea alde zutela denbora askotxo eman dute irundarrek azken urteetan, baina norabidea aldatuta dabil azken asteetan eta korrontearen kontra borroka egitea egokitzen ari zaie horiei azken asteetan gipuzkoarrei. Aurretiazko gabeziak gutxi ez eta gaur, talde oso sendo baten aurka, min hartutako Jon Azkue eta Iñaki Cavero gabe jokatu behar izan dute irundarrek eta lehiatzea ezinezkoa egin zaie.

Aurkia eta ifrentzua

Izan ere, parean txanpon beraren beste aldea bizitzen ari den Skanderborg taldea izan dute. Jokatutako lau partidak irabazita, multzoko lidergoan dira danimarkarrak eta sasoi ederrean diren Mollerup (9 gol) eta Thomas Sommerrek (7) gidatuta, ez dute Bidasoa triste baten gupidarik izan.

Miticen jaurtiketei esker, lehen minutuetan baino ezin izan diote eutsi irundarrek etxekoen joko erauntsiari. Presaka jokatuta, gabezia ugari erakutsi dituzte Cuetarenek erasoan eta kontraerasoan txikitu egin dituzte hurrengo astean Irunen ariko diren danimarkarrek.

Zorionez, Aguas Santasek eta Motorrek punturik batu ezinik jarraitzen dutenez, hurrengo faserako sailkapenak, momentuz, ez du arriskurik.

 

Fitxa teknikoa:

38 - Skanderborg Aarhus: Boutaf (Laursen), Thomas Sommer (7), Frederik Sommer (3), Bonefeld (1), Bramming, Jensen (1), Mollerup (9), Mousing (2), Torben Petersen, Gade (3), Hakun West (3), Morten Balling (5, 1 pen.), Bramming (3), Vejsgaard (1).

27 - Bidasoa- Irun: Jakub (Mehdi), Zabala (1), Asier Nieto (5), Mitic (5), Aginagalde (3, 1 pen.), Ugarte (2), Matheus Da Silva (1), Victor Rodriguez (2), Tesoriere, Dariel Garcia, Furundarena (2), Gorka Nieto (3), Azkue, Tao (3).

Markagailua: 2-1; 7-4; 10-6; 14-9; 17-12; 21-13- descanso- 24-14; 27-17; 30-20; 33-22; 36-24; 38-27.

Epaileak: Pandzic y Mosorinski (Serbia). Mollerup bi minutuz zigortu dute.

Gorabeherak: Mila zale inguru Danimarkako Skanderborg Faelled pabiloian.