Manex Altuna

Gorka Guruzeta, gol bat 40 minuturo

Aurrelari donostiarrak bost gol egin ditu etenaldiaren aurretik jokatu dituen 200 minutuetan. Lezaman egindako agerraldian eman duen mailarekin «oso pozik» dagoela azpimarratu du eta debuta egin zuenean baino askoz gehiago gozatzen ari dela nabarmendu du.

Guruzetak bost gol egin ditu txapelketa hasieran.
Guruzetak bost gol egin ditu txapelketa hasieran. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gorka Guruzeta Athleticeko golegile nagusia izan da denboraldi hasiera honetan. Bost gol lortu ditu, Iñaki Williamsek bezala, baina Ghanarekin Munduko Kopan dagoen aurrelariak 1.150 minutu jokatu ditu ligan. Aurrelari donostiarrak, aldiz, 200 minutu. Gol bat egin du 40 minuturo.

«Oso pozik nago, jokatu ditudan minutuekin lortu dudan gol kopuruarekin», azaldu du Lezaman. Lehen 14 jardunalditan 7 partidutan parte hartu du eta bakar batean izan da titularra. Valladoliden kontrako ligako azken partidan, hain zuzen ere. Bi gol egin zituen, Gironan ere sartu zuen eta Cadizen zelaian beste bi lortu zituen. Alziraren kontrako Kopako kanporaketan azken 12 minutuetan zelairatu zen eta gol aukera garbi bat sortu zuen. Aurrelariak golak egiteaz «bizi» direla onartzen du eta bere eginkizun nagusia taldea laguntzea dela. Gazte sasoian ezker hegaletik edo bigarren aurrelari bezala jokatu izan du, baina Valverdek berak ere komentatu izan du atera begiratzeko daukan erraztasuna eta pentsatu gabe egiten duela errematea.

26 urte ditu eta bigarren aukera bat bizitzen ari da Athleticen. Amorebietarekin Bigarren Mailan lortutako 13 golei esker itzuli da talde zuri-gorrira. 2018an egin zuen debuta lehen taldearekin. Bilbao Athleticekin 18 gol egin ostean, Berizzok lehen taldera igo zuen. Argentinarra kaleratua izan zen emaitza txarren ondorioz eta Garitanok esperientzia gehiago zeukaten jokalarien aldeko apustua egin zuen taldea zulotik ateratzeko.

Bigarren taldera jaitsi zen eta lesio larri bat izan zuen. Athleticekin kontratua amaitu eta Sabadellera 2020-21 denboraldian. Amorebietan jarraitu zuen bere ibilbidea Bigarren Mailan eta Athleticera itzultzeko aukera irabazi zuen.

Guruzeta «gozatzen» ari da bigarren etapa honetan. Azpimarratu duenez, Lezamatik kanpo egon ostean konturatu da zer daukan talde zuri-gorrian.

Sancetek Nico Williamsen alboan jarraitu nahi du

Sancet Valverderen hamaikakoetan egonkortu da liga hasiera honetan. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Sancet Valverderen hamaikakoetan egonkortu da liga hasiera honetan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Aste hasieran Mikel Gonzalez izendatua izan zen Athleticeko kirol arduradun nagusi bezala. San Mamesen egindako aurkezpenean kontratua amaitzen zaien jokalarien inguruan galdegin zioten. Jon Uriarte presidenteak eta Gonzalez berak klubaren asmoa Iñigo Martinez, Oihan Sancet edo Nico Williams moduko jokalariak berritzea dela ziurtatu zuten, nahiz eta ez zuten xehetasunik eman nahi izan.

Ondarroako jokalariaren inguruan asko hitzegiten ari da inork ez baitu azalpenik ematen zein den egoera. Klubetik ez dute eperik jartzen eta badirudi telesaila denboraldi amaierarte luzatuko dela. Iñigo Martinezek Athleticen pozik dagoela esatera mugatu du, baina ez du argi adierazten jarraitu nahi duen. Ikusiko dela dio, erantzunkizuna ordezkariaren eskuetan utziz.

Sancetek ere antzeko hitzak erabaili ditu Radio Popular irratian egindako elkarrizketa batean. 2024an amaitzen zaio kontratua eta 50 miloiko etete klausula dauka Nico Williamsek bezala. Ordezkaria ere berdina daukate bi jokalariek, Felix Tainta. Iñaki Williamsen eta Yerayren berrikuntzak ere kudeatu izan dituen pertsona bera da. Beraz, badaude aurrekari. Sancetek Athleticen oso gustura dagoela nabarmendu zuen eta Nico Williamsekin batera jokatzen urte mordoa egin nahiko lituzkeela azpimarratu zuen. Euskal selekzioarekin ere Munduko Kopa batean parte hartzea gustatuko litzaiokeela komentatu zuen. «Aurrera pausuak ematen ari gara eta ea etorkizun batean aukera izan dezakegun», esan zuen.

Bestalde, nafarra taldea sailkapenaren goikaldean lehiatzeko gai izango dela sinetsita dago. Europan sartzea da helburua eta etenaldira Txapeldunen Ligako postuetan iritsi dira. Abenduaren 29an bueltatuko da liga, Betisen zelaian. Hilaren 20an, aldiz, Kopako kanporaketa jokatuko dute Sestao Riverren kontra.

Astelehenean itzuli ziren entrenamenduetara Lezaman eta denboraldi-aurre labur hau prestatzeko adiskidantzazko lau partida jokatuko dituzte zuri-gorriek. Abenduaren 6an Valladoliden kontra neurtuko dituzte indarrak Mirandesen zelaian eta 11an Chivas talde mexikarraren kontra jokatuko dute San Mamesen. Hilaren 15ean Burgosen arituko dira eta 17an Udineseri egingo diote bisita.