Jon Ormazabal

Berehala ulertu dute elkar Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak (22-5)

Asteazkenean Elezkano-Tolosari baino errazago gailendu zaizkie 2020ko txapeldunei eta Mallabikoa eta Etxarrengoa lidergoan dira bi joko erakustaldi emanda.

Azkar uxatu ditu Zabaletak txapelketa aurretik zituen zalantzak.
Azkar uxatu ditu Zabaletak txapelketa aurretik zituen zalantzak. (Jon URBE/FOKU)

Bakoitzaren dohainak ezagututa, pentsatzekoa zen Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak bikote handia osa zezaketela, baina elkarrekin horren gutxi jokatutakoak izanda, normalena elkar ulertzeko denboratxo bat behar izatea izango zen. Gainera, atzelariak zenbait zalantzekin hasi zuen txapelketa orain gutxi oinean izandako lesio batengatik, baina inork uste eta pentsa baino lehenago egin dute bat euren jokoan eta Binakako txapelketako lidergoan dira, asteazkenean bezala, gaur Zornotzan Ezkurdia eta Martijaren –2020ko bikote txapeldunaren– gainetik pasata.

Izatez, bi pilotari erabat osagarriak dira Mallabiko errematatzailea eta Etxarrengo jotzailea eta gaurkoan, bakoitza berean, maila handian aritu dira, aurkariak txiki utziz. Historiarik gabeko partida izan da Zornotzako Pilota Pro fest ekimenari hasiera eman diona, kantxan kolore bakarra egon baita, bizkaitarraren eta nafarraren urdina.

19 minutu baino ez dituzte behar Elordi-Zabaletak lehen atsedenaldi luzera 11 tantoren aldeaz iristeko. Alde izugarri hori lortu ahal izateko ez dute ezer asmatu beharrik izan, bakoitzak ondoen egiten dakien hori errepikatzea baino. Binakako partidak normalean atzean hautsi ohi dira eta gaur mundu bat egon da zalantza guztiak pilotakadaka uxatu dituen Zabaletaren eta partidan sartu ezinik aritu den Martijaren artean. Egungo atzelari txapelduna ez du sasoi punturik onenean harrapatu aurtengo txapelketak eta erabat ezinean aritu da pilotakada guztiak gozatu dituen aurkari baten aurrean.

Eta halako Zabaletak izan dezakeen aurrelaririk onenetako bat izan da Aitor Elordi. Konfiantzaz beteta, bere errematerako dohainei sekulako etekina ateraz. Gantxo bikain batekin hasi eta bukatu du mallabitarrak, tartean beste hamar ere batuz. Ezker gantxoak ederki funtzionatu dio eta asteazkenean bezala, ikaragarri gozatu eta gozarazi du bizkaitarrak.

Eta erauntsi horren aurrean, Joseba Ezkurdia erabat ezinean aritu da. Jokoan sartzeko inolako aukerarik ez diote eman aurkariek eta aspaldian ez bezalako pasada eraman du Lau eta Erdiko txapeldunak.

Victor, abuztura arte

Bestalde, Noticias taldeak argitaratu duenez, Victor Estebanek zortzi hilabetez luzatu du Asperekin zuen kontratua eta abuztura arte jarraituko du Eibarko enpresan. Baikon izan zen grebaren ostean lortutako akordioaren baitan heldu zen errioxarra Aspera 2021eko uztailean eta txapelketa handi eta estelarretan aukera handirik eman ez badiote ere, taldekideekin duen giro onak eta astean zehar egiten duen lan handiak, izarren entrenamenduetan eta, lan hitzarmena luzatzeko ateak ireki dizkio.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Martija: 5

Elordi-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 337. Iraupena: 41,38 minutu. Markagailua: 0-5, 1-5, 1-13, 2-13, 2-15, 3-15, 3-19, 5-19, 5-22. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 2 Elordik. Egindakoak: 2 Ezkurdiak, 0 Martijak, 11 Elordik eta 4 Zabaletak. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak, 2 Martijak, 2 Elordik eta 0 Zabaletak. Gorabeherak: 575 ikusle inguru Zornotzako pilotalekuan, hilabeteko lehen ostiraletan jokatuko diren lau jaialdietako lehenean.