NAIZ

Euskararen egoera hezkuntzan aztertzeko zenbait ikasleren testigantzak jaso ditu Ikamak

Ikama antolakundeak Euskal Herriko ikasle batzuen testigantzak jaso ditu bideo batean, euskarak hezkuntzan duen egoera desberdinak aztertzeko. Tuterako, Ultzurrungo, Arrotxapeako, Santurtziko eta Beskoitzeko gazte banak beren bizipenak partekatu dituzte.

Euskal Herriko zenbait ikaslek hezkuntzan euskararekin izan duten esperientzia jaso du Ikama ikasle antolakundeak bideo batean. Tuterako, Ultzurrungo, Arrotxapeako, Santurtziko eta Beskoitzeko ikasle banak bizipen desberdinak partekatzen dituzte erreportajean.

Tutera Nafarroako eskualde ez-euskalduna da. Oliviarentzat hori izan zen txikitatik euskara ikasteko oztoporik handiena eta gaur egun Iruñeko AEK-ko euskaltegi batean ari da ikasten. Euskara ofiziala ez denez, ez dago D eredurik eskoletan eta hezkuntza euskaraz jasotzeko modu bakarra itunpeko ikastetxe bakarrera joatea da. «Tuteran jendeak ez du euskara berezkotzat hartzen, errefusatzen dute», dio Oliviak. Hala ere, zein hizkuntzatan ikasi aukeratu ahal izatekotan egoera «oso desberdina» izango litzatekeela uste du ikasle honek. «Ez dugu nahi inork erabakitzea nola ikasi behar dugun, euskara beste edozein nafarrena bezain geurea delako», dio.

Markel eta Haizea Nafarroako eremu mistokoak dira, Ultzurrunekoa eta Arrotxapeakoa, hurrenez hurren. D ereduan ikasteko aukera izan dute baina euskara ikastetxeko hormen artean geratzen dela diote. Arrotxapeakoa txikitan familiarekin aritzen zen baina koadrilan beti espainolez, bestela «arraro eta deseroso» sentitzen direla dio. Markelek dioenez, euskara ikasketetarako «bitartekari bat» baino ez da eta ikasle asko «derrigortuta» sentitzen dira.

Bizkaiko Ezkerraldeko ikasleen egoera ere hori da, Saioaren arabera. Santurtziko neska honek dioenez, ez du inoiz arazorik izan euskaraz ikasi ahal izateko, baina «ezin da ukatu Ezkerraldean euskararen egoera ez dela ona». Etxean nahiz kalean gaztelaniaz egiten du gehien eta hezkuntzan euskaraz hitz egiteak duen garrantzia ez dela irakasten salatzen du. Gainera, irakasle batzuek azalpenak gaztaniaz ematen dituztela dio.

Aiala Beskoitzekoa da, Lapurdikoa, eta han euskararen egoera bestelakoa da, ez baita ofiziala. Estatu frantsesak frantsesa ez diren beste hizkuntzak «gutxiesten» dituela dio, bigarren maila batean uzten dituelako. Gainera, bere herrian bertan egoera ez da salbuespena, euskara «ez dago begi onez ikusita» eta alkateak berak gaitzesten du.