Idoia Eraso
Biarritz

Dantza, kantu eta hitzartze sentikor artean agurtu dute Jakes Abeberry Biarritzen

Jakes Abeberry abertzale historikoa eta euskal kulturaren sustatzailea agurtzeko, Santa Eugenia elizako kanpoaldea ehunka pertsona bildu dira astelehen arratsalde honetan. Politika eta kultura munduko pertsona ezagun anitz hurbildu dira omenaldira.

Biarritzeko Santa Eugenia elizan omenaldia egin diote Jakes Abeberryri.
Biarritzeko Santa Eugenia elizan omenaldia egin diote Jakes Abeberryri. (GUILLAUME FAUVEAU)

Ehunka pertsona bildu dira Biarritzeko Santa Eugenia elizan Jakes Abeberryren omenezko mezan, eta are gehiago izan dira ondoren plazan egin den omenaldian. 92 urte zituela zendu zen, azaroaren 29an, Ipar Euskal Herriko abertzale eta kultura akuilatzaile historikoa. Abeberryren ibilbide luzea gogoan izan duten hitzartzeak izan dira bai kanpoan baita barruan ere, musikak eta kantuak lagunduta. Hilkutxaren aurrean Abeberryren pasioa zen dantzak ere izan du tokia, maila handiko dantzarien eskutik.


Abeberryren lana denboran bezala gizarte eremu askotan hedatu zen, eta horren testigu izan da bertaratu diren pertsonen aniztasuna, politikariak bezala, euskaltzaleak, mugimendu sozialetako ordezkariak eta kultur mundukoak ere.

Elizan, zendutakoaren semeak hartu du hitza lehenik, Eyhande Abeberryk, ikuspegi pertsonala eskainiz. Ondoren, familia politikoaren txanda izan da, Ellande Duny-Petre ‘Enbata’ aldizkariko idazlearen eskutik, omenduak izan zuen papera nabarmendu du elizkizunean. Agerkariko sortzaileetako bat izan zena, bere heriotzara arte argitalpen zuzendari izan zela aipatua izan da behin baino gehiagotan.

Ipar Euskal Herriko abertzaleen «aitatxi» gisara definitua izan da, eta han ziren ‘familiako’ ordezkari anitz, besteak beste Anje Sainte-Marie, Antton Curutcharry, Xabi Larralde, baita Bidasoaren bestaldetik hurbildutako Rufi Etxeberria eta Maddalen Iriarte, besteak beste.

Kanpoan, Aña-Mari Greniek bere abertzaletasuna eta horretan egindako lana agerian emateaz gain, beste eremuetan egindakoari ere begiratu dio, bereziki kostaldeko hiriarekiko zuen maitasuna: «Denak interesa pizten zion Biarritzen».

Duela 60 urte ‘Enbata’ aldizkariaren sorreran parte hartu zuenetik egindako lana gogora ekarri du Nikolas Blain EH Baiko bozeramaileak, eta bere heriotza baino egun batzuk lehenago izan zen koalizioaren kongresuarekiko agertu zuen interesa eta belaunaldi berriek hartu duten gidaritza.

Xipri Arbelbide, Bake Bideako Anaiz Funosas edo Bizi eta Alda mugimenduetako Txetx Etcheverry ere izan dira bertan.

Beste alderdiekin elkarlanean

Abertzaletasuna beti gidari izanik, bidelagun izan zituen beste joera politikoetako ordezkariak ere izan dira Santa Eugenian. Didier Borotra zentrista Biarritzeko auzapez ohiak hitza hartu du mezan, eta Abeberry 17 urtez bere kultura axuanta izan zen garaiari buruz mintzatu da. Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea, Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak ere bertaratu dira.

Kultura, eta bereziki dantza Abeberryren pasioa izan zirela nabarmendu du Biarritzeko Oldarra dantza taldeko presidentea den Marc Marieek, eta gogoratu du omendua elkarteko burua izan zen 1955etik 1989ra. Baina Biarritz eta dantzaren arteko harremana hori baino urrunago eraman zuen, mundu mailara zabaldu baitzuen Maitaldia jaialdiaren sorrerarekin 1991an eta Malandain Ballet Biarritz Zentro Koreografikoaren sorrerarekin 1998an.

Euskal kulturaren eremu guztiekiko interesa bazuen. Horrela erakutsi du esaterako Zigor eskultore ezaguna bere oroitzapenak partekatzen entzuteak. Zendutakoaren euskararekiko maitasuna nabarmendu du honek: «Pena handiena nahi zituenak euskaraz esan ezin ahal izatea esan, eta anitz ziren».  

Mixel Bedaxagar kantaria eta Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendari ohia dira bertaratu diren beste kulturgileetako batzuk.

‘Izarren hautsa’ kantuarekin eman diote bukaera omenaldiari eta Sabaou hilerrian lurperatu dute.