NAIZ

«Euritan dantzan», Ibon Fernandez Iradiren etxeratzea aldarrikatzeko

EITB maratoiak esklerosi anizkoitzaren ikerkuntzaren alde egindako kanpainaren harira, gaitz hori duen Ibon Fernandez Iradi presoaren etxeratzea aldarrikatu dute senide eta lagunek. Eta, nola ez, kanpainaren doinu den ‘Euritan dantzan’ abestiaren doinupean bustiz egin dute.

EITB maratoiak esklerosi anizkoitzaren ikerkuntzaren alde zabaldutako erronkaren harira, Ibon Fernandez Iradi preso lasarteoriarraren egora salatu dute. Maratoi horri begira, dozenaka bideo elkarbanatzen ari dira sareetan kolektibo zein norbanako ezberdin eta, horren parte, Fernandez Iradiren lagun eta senitartekoek esklerosi anizkoitzaren ikerkuntzaren alde egin nahi izan dute, bere etxeratzea aldarrikatzearekin batera.

«Iboni 2013an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten eta artatze desegokia dela eta gaixotasuna larriagotu da ordutik hona», salatu dute ohar baten bidez. 19 urte daramatza lasartearrak espetxean eta urriaren 20an Lannemezango espetxetik Martuteneko kartzelara lekualdatu zuten. «Baino oraindik Ibonek kartzelan jarraitzen du», gogorarazi dute.

«Era honetara berriz aldarrikatu nahi dugu euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legedia bertan behera utz dezatela. Legedia eta nazioarteko estandar zorrotzenak aintzat har ditzatela gaixotasun sendaezin oso larria duen Ibon Fernandez Iradi euskal presoa espetxetik ateratzea ahalbideratzeko, artatze egoki bat jasotzeko aukera izan dezan», gaineratu dute.

Horrela, «salbuespen legedia bertan behera uzteko unea» dela aldarrikatu dute. «Lege arruntaren aplikazioak, larriki gaixo diren presoak etxean egotea ahalbidetuko luke, euren gaitza era ahalik eta egokienean artatu ahal izateko. Espetxe politikak eta espetxeak, bertan preso diren pertsonen biziaren ardura dute beregain. Eta arduraz jokatzea dagokie, berandu baino lehen».