NAIZ
Durango

Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak irabazi du Durangoko Azokako Sormen beka

‘Eucalyptus’ izeneko proiektuarekin eskuratu du Jon Ander Urresti bermeotarrak Durangoko Azokako Sormen beka. «Eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak» bultzatu du erabakia.

Jon Ander Urresti bermeotarrak jaso du aurtengo Durangoko Azokako Sormen beka.
Jon Ander Urresti bermeotarrak jaso du aurtengo Durangoko Azokako Sormen beka. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak irabazi du Durangoko Azokako bosgarren Sormen beka, ‘Eucalyptus’ izeneko proiektuarekin. Urrestik azaldu duenez, antzezlan berri honen helburua eukaliptoaren errelatoa kontatzea izango da. «Zerbaitek esaten dit baduela zer esan gutaz. Azken finean gure paisaiaren parte da. Eta hau bilatzeko bide eta forma eszenikoa erabiliko da, antzerkitik eta dantzatik gertu kokatu nahi dudan poetika batean».

Aktoreak Durangoko Udalak babestutako 15.000 euroko diru-laguntza jaso du, eta urtebeteko epea izango du proiektua gauzatzeko, hau da, hurrengo urteko Azokararte.

«Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi da, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako», adierazi du antzezlanaren inguruan.

Bermeotarrak azaldu duenez, «periferiako gai eta zalantzak plazan jarri nahi ditut, euren garrantzia politiko eta urgentziaz hausnartzeko asmoz. Beti ere hurbilketa garaikide batekin».

Ezustea, ezinegona eta harridura

Epaimahaiaren hitzetan, «proiektuak lehenengo kolpean ezustea, ezinegona eta harridura» sortu zuen. «Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak», gehitu dute.

Honela, «gaiaren originaltasunak» arrastoa utzi duela iritzi dute. «Eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak» ekarri du erabakia. Nabarmendu dutenez, proiektu honek «Jon Ander Urrestik sortzaile gisa izan dezakeen bilakaeran pausu bat gehiago izan daitekeela iruditu zaigu, ahots eszeniko propio baten bila».

Urresti (1992, Bermeo) Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan graduatua da eta hainbat antzerki-taldetan ibili da aktore lanetan. ‘Tribiz, baserri galdue’ gradu amaierako lana antzezlan bihurtu zuen, eta bertan bere familiaren baserri eroriaren inguruko kontakizunak bildu zituen. ‘Horman Poster’ kolektiboko kide da eta ‘Antigone edo ezetzaren beharra’ antzezlanarekin 2022ko Donostia Saria irabazi zuten.