NAIZ

Geo Barents erreskate ontzian doazen 248 migratzaileak lehorreratzeko baimena eman du Italiak

Geo Barents ontzi humanitarioak erreskatatutako 248 pertsonak Salernoko portuan lehorreratzeko baimena eman du Italiar Gobernuak. Halaber, Louis Michel ontziko 33 lagun lehorreratu dira Lampedusan eta SOS Humanity oraindik baimenaren zain dago.

 248 migratzaile lehorreratu ahal izango dira Salernon, Italian.
248 migratzaile lehorreratu ahal izango dira Salernon, Italian. (Candida LOBES | MSF / Europa Press)

Italiak Salernoko portua ezarri du ostiral honetan Mugarik Gabeko Medikuen Geo Barents ontzi humanitarioak erreskatatutako 248 migratzaileak lehorreratzeko. SOS Humanityk, aldiz, 261 pertsona ditu eta baimenaren zain dago oraindik.

Gainera, ostiral goizean Louise Michel ontziak salbatutako 33 migratzaile lehorreratu dira Italiako Lampedusa uhartean, hegoaldean. Ostegun gauean porturatu zen, «azken momentuan» eta eguraldia txartu baino lehen baimena jaso ondoren.

Gaur ere, Geo Barents ontzitik Sizilian lehorreratu da sabeleko min akutua zuen hamalau urteko haur bat, arreta medikoa lehorrean behar baitzuen. Asteazken gauean, berriz, erreskatatuen artean zegoen emakume bat erditu zen eta Lampedusara eraman behar izan dute, lau seme-alabekin batera.

Mugarik Gabeko Medikuak-ek salatu duenez, Maltaren lehen erantzuna ama eta jaioberria bakarrik sartzea baimentzea izan zen, hamaika urte baino gutxiago duten beste hiru seme-alabei aukerarik eman gabe. Hori oinarrizko eskubideen aurkako atentatua da GKEarentzat.

Juan Matias Mugarik Gabeko Medikuak-en bilaketa- eta erreskate-operazioen koordinatzaileak deitoratu duenez, «egoera bera behin eta berriz errepikatzen da», lehorreratzeko mekanismorik ez egoteak migratzaileak lurreratzeko atzerapenak eragiten baititu.

«Ez gara erregutzen ari, Maltari eta Italiari legezko betebeharrak betetzeko eskatzen ari gara. Ez da onargarria egunak, astebete edo gehiago itxarotea. Utz diezaiogun giza bizitzekin jolasteari», aldarrikatu du Gilek.

Portu bat esleitzea «albiste ona» da

Bitartean, Geo Barents ontziak 24 ordu inguru beharko ditu Napolitik gertu dagoen Salernora iristeko, eta baldinzta meteorologiko «txarrekin» nabigatuko duen arren, albiste ona da portu bat esleitzea, erakunde humanitarioaren arabera.

Era berean, itsasoan erreskatatutako 261 migratzaile eramateko baimenaren zain dagoen beste ontzi bat dago, SOS Humanity erakunde alemaniarraren ‘Humanity 1’ izenekoa, eta datozen orduetan denborale gogor batek herrialdea astinduko duela iragarri dute.

Ontziak, Siziliako kostaldearen parean, 5 aldiz eskatu die portua Italiari eta Maltari, baina oraindik ez du baimenik jaso, ontziko iturriek Efe agentziari adierazi diotenez.

Giorgia Meloni ultraeskuindarra buru duen Italiako Gobernuak baimen horiekin zorrotzagoa izango dela agindu du, eta, horren ondorioz, duela gutxi Ocean Viking ontzia Estatu frantseserantz abiatu behar izan da. Gutxienez 1.362 pertsona hil dira aurten Mediterraneoaren erdialdean, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera.